Fuenlabrada. Sergio Sanchez (23), Kortaberria (2), Blanco (10), Mainoldi (11), Ffriend (9) —hasierako bostekoa—; Hall (6), Laviña, Vega, Colom (10), Laso, Diouf (8) eta Muñoz (8).
Caja Laboral Baskonia. Heurtel, Oleson (15), Teletovic (15), Nocioni (22), Lampe (10) —hasierako bostekoa—; Ribas (5), Prigioni (16), Milko Bjelica (4) eta Nemanja Bjelica (5).
Markagailua. 28-22, 53-47 (atsedenaldian); 62-68 eta 87-92.
Epaileak. Mitjana, Guirao eta Cortes.
Bestelakoak. 4.797 ikusle Fernando Martin pabiloian.
Bukatu da suspensea. Baskonia hirugarren izango da liga erregularrean, igandean galduta ere, eta seigarren sailkatuaren aurka jokatuko du finalerdietara pasatzeko. Lagun Aro izan liteke, donostiarrek gauean Banca Civica menderatuko balute. Postua ziurtatu duelako pozik, baina jokoa aztertuz gero, galdera asko eta erantzun gutxi. Caja Laboralek justu-justu menderatu zuelako Fuenlabrada, eta barregarri jardun zuten bi taldeek aldageletarako bidea hartu zuten arte. 53 puntu jaso zituen Baskoniak 20 minutuan, eta etxeko taldea munduko onenaren pare sentiarazi zuen. %63 asmatu zutelako bikoetan, eta %61 hirukoetan! Hamahiru aldiz saiatu eta zortzi barrura. Zalantzarako tarterik ez, arabarren defentsa epelaren erakusle.
Baskonia eraso jokoan itsutu zen berriro, zaintza lana ahaztuz, bere talentuarekin nahikoa izango zuela pentsatuz, eta Fuenlabradak ligan tontoenak ere sartu egiten dituela erakutsi zion behin eta berriro. Ahazteko moduko hogei minutu izan ziren. Fuenlabradak dena sartzen zuen, eta Baskoniak gutxiago, etxekoak lanerako grina handiagoarekin aritu zirelako. Eskerrak Nocionik taldea bizkar gainean hartu zuen, eta hemezortzi puntu lortu. 53-47 zioen markagailuak atsedenean. Ia-ia Gasteiztik entzun zen Baskoniaren aldagelako trumoi soinua, bi hirien artean 350 kilometro egonda ere.
Jarrera aldaketa berehala nabaritu zen. Fuenlabradak lehen hiru erasoak huts egin zituen, eta Baskoniak egurrean segitu zuen, min eginez: Ribasen asistentziak, Prigioniren gidaritza, Lamperen erasoko erreboteak... Pixkanaka markagailuan aldea egiten hasi ziren arabarrak. Abantaila txikiak, baina aurrea galdu gabe. 55-57, 62-66, 67-73 laugarren laurden hasieran... Baskoniak bederatzi puntura mugatu zuen Fuenlabradaren erasoko uzta hirugarren laurdenean, eta hor hasi zen partida irabazten.
Laugarren laurdenean lasaitu egin zen berriro tarteka Baskonia, baina partidak berotzen direnean artista bat dauka Caja Laboralek lemazain, Pablo Prigioni, eta argentinarrak nahierara egin eta desegin zuen berriro, hamaikagarrenez. Puntuak, asistentziak, gidaritza... 23 puntuko balorazioa lortu zuen joko antolatzaileak, eta beste behin postu horretan ordezkorik ez duela berretsi zuen, Heurtelek bost minutu bakarrik jokatu zuelako. Hirugarren postua, baina postu ustela, zer hobetu franko duelako Baskoniak, eta astirik ez.
Fuenlabrada 87. Caja Laboral Baskonia 92
Hirugarren postu ustela
Lehen zatian, barregarri aritu da Baskonia, eta justu-justu gainditu du Fuenlabrada; Prigioni eta Nocioni onenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu