Hirugarren postua lotu nahi du Baskoniak Fuenlabradan, badaezpada

Galduz gero, postu hori galtzeko arrisku handia izango luke Bizkaiaren aurka, azken partidan, Gasteizen (20:00)

Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Urak nahasita daude Gasteizen. Joventuten aurkako porrotak giroa gaiztotu du, Ivanovicek hainbat jokalariren aurkako kritika gogorrak egin zituelako. Izenik esan gabe, bai, baina norentzat ziren ezkutatu gabe. Heurtelentzat aurrena, Prigioniren hutsunea baliatzen jakin ez duelako eta gidaritzan zer ikasi asko duela erakutsi duelako hamaikagarrenez. Milko eta Nemanja Bjelica ere gogoan izan zituen entrenatzaileak, bere ustez beharrezkoa den odolik gabe jokatzen dutelako. Teletovic ere jomugan izan du Montenegrokoak, eta pentsatzekoa da jokalariak nekatzen hasiak izango direla bere nagusiarekin.

Jokalariak, eta zaleak ere bai. Gero eta gehiago. Ulertzen zailak baitira Ivanovicen zenbait erabaki. Une erabakigarrietan Maciej Lampe aulkian uztea, adibidez. Baskoniako pibot peto bakarra da poloniarra, eta saskipean eraginkorra izateaz gain, tarteak irekitzen ditu jaurtitzaileentzat. Joventuten aurka aulkian eman zituen azken minutuak, eta galdu egin zuten arabarrek, eta galdu zutelako korapilatu zaie liga bukaera. Orain dela aste batzuk, ezinezkoa zirudien arabarrek hirugarren postua galtzea, baina orain arriskua benetakoa da. Geratzen zaizkien bi partidetatik bat irabazi beharko dute, daukatenari eusteko.

Fuenlabradan du lehen aukera. Jokoan ezer ez daukan taldea baina bere zaleei garaipena eskainita agurtu nahiko duena. Berez, Baskonia da faborito argia, baina taldeak etengabe izan dituen gorabeherak gogoan, batek daki zer aurpegi erakutsiko duen iluntzean Caja Laboralek. Pablo Prigioni taldearekin joan da, baina ezin jakin jokatuko duen edo ez. San Emeterio, berriz, Gasteizen geratu da, eta haren lesioa uste baino larriagoa izan liteke. Zurrumurru batzuek diote berarentzat liga bukatu dela.

Galtzekotan, arretaz jarraitu beharko dira Bizkaiaren eta Valentziaren partidak, bi horiek lor baitezakete hirugarren postua. Fuenlabradan hirugarren postua lotzea onena, Prigioni erabat osatu eta kanporaketak behar den moduan joka ditzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.