Txirrindularitza

Hirugarren urtez, hegan

Tony Martinek nagusitasunez irabazi du erlojupeko Munduko Txapelketa, hirugarrenez jarraian, Bradley Wiggins eta Fabian Cancellararen aurretik; 14. izan da Jonathan Castroviejo.

unai zubeldia
2013ko irailaren 25a
16:36
Entzun

Orduko 52,9 kilometroko abiaduran egin ditu Tony Martinek Montecatini Terme eta Florentzia arteko 57,9 kilometroak. Ikaragarria. Hirugarrenez jarraian irabazi du alemaniarrak erlojupeko Munduko Txapelketa. Atzetik aurrera eginda, Bradley Wigginsek eskuratu du zilarrezko domina, eta Fabian Cancellarak brontzezkoa. Jonathan Castroviejok, berriz, lehen hamarren artean sartzeko helburua jarri zion bere buruari, baina 14. amaitu du azkenean, alemaniarrarengandik 3.13 minutura.

Hasi eta bukatu nagusi izan da Martin. Cancellararen denbora berarekin igaro da 7,3. kilometroko erreferentziatik, baina 24. kilometrorako hamalau segundora urrunduta zeukan suitzarra, 42.ean 28 segundokoa zen aldea, eta helmugan 48koa. Tony Martin eta Cancellararen arteko erreferentziak dira horiek, baina Wiggins sartu da, azkenean, bien artean. Behetik gorako erlojupekoa egin du britainiarrak, lehen erreferentzia puntuan 6. zihoalako, Martin eta Cancellararengandik hamabost segundora. Are galera handiagoa pilatu du 24. kilometroan, Martinekiko 38 segundo eta Cancellararekiko 24 galduta. Baina helmugara iristeko lau bat kilometro falta zirela berdindu du suitzarraren denbora, eta bi segundoan ondu du azkenerako. Martinentzat urrea, Wigginsentzat zilarra, eta Cancellararentzat brontzea. Vasil Kiryienka bielorrusiarra eta Taylor Phinney estatubatuarra sailkatu dira atzetik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.