Futbola. Poloniako eta Ukrainako Eurokopa: Final-laurdenak

Hiruki perfektua

Eurokopako zelai erdirik onenetakoa osatzen dute Velosok, Meirelesek eta Joao Moutinhok. Paulo Bentok konfiantza osoa du haiengan.

2012ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Paulo Bento Portugalgo hautatzailearen edabe magikoaren osagai perfektuak dira Miguel Veloso (Coimbra, 1986), Raul Meireles (Oporto, 1983) eta Joao Moutinho (Portimao, 1986). Ia ez dago ezberdintasunik hiru erdilarion jokatzeko moduan. Berdin-berdinak dira euren zereginetan. Portugalgo selekzioaren birikak dira, hauspoa ematen diotenak. Mugimendu dotoreak egiten dituzte atzelarien baloiak jaso eta aurrelariei pasatzeko.

Bada, ordea, joko berdintasun horri arazo bat ikusi dionik. Portugali erdilari nagusi bat falta zaiola diote, zailtasunen aurrean beste jokalariekiko ezberdinduko den bat. Garai batean Decok eta Rui Costak bete zuten figura hori. Klasikoen iritzia da. Lehengo futbola maite dutenen iritzia. Izan ere, egungo futbola gustatzen zaienei ez zaie hain burugabea iruditu Paulo Bentoren proposamena. Taldearen hierarkia eta lidergoa modu kolektiboan egin behar dela iritzi diote.

Futbolean, ordea, emaitzek balio dute. Eta Portugalera garaiz iritsi dira. Hasieran egindako hamaikakoaren aukerak ez zion batere emaitza onik ekarri hautatzaileari, Eurokopako estreinako partidan. Alemania ahalguztidunak 1-0 irabazi zion, Mario Gomezek sartutako golari esker. Kosta egin zitzaien jokalariei talde moduan jokatzen ikastea, eta, neurketa hartan ikusitakoatik, gutxik egin zuen Portugalen aldeko apustua Eurokopa honetan. Denborak, ordea, arrazoia kendu die. Ohartu dira hamaikako interesgarria osatu duela Paulo Bentok. Herbehereak kanporatzeko adinakoa.

Esperientzia handiko gazteak

Lisboako Sportingen hazi, eta Porton hezi zen Joao Moutinho. Meirelesekin batera, sailkapen fasean askotan eman zuen zeresana. Erronboaren edozein puntetan joka dezake, ardura eta talde izaera handia dituelako. Ezagutzen dutenek klasea duela diote, argia dela, sormen handikoa. Esperientzia handikoak dira biak. Meireles bera ere ezaguna da bere dohainengatik. Liverpoolen lehen eta Chelsean orain. Aurkariaren erasoak mozten artista da, oldarkorra, eta baloiari ia beti ondo ematen dio.

Ezustekorako, ordea, Velosok emandakoa. Bosniaren aurkako kanporaketan Martinsen lekua betetzeko deitu zuen Paulo Bentok. Ondo bete ere. Sportingeko harrobiak emandako beste harribitxi bat da. Genovako jokalaria egun, gutxitan aritu da nazioarteko partidetan. 2008ko Eurokopan, esaterako, neurketa bat baino ez zuen jokatu. Joao Moutinho eta Meirelesekin etxean bezala sentitu da. Zentzua eman dio taldeari.

Hiru jokalari horiengan dago Portugalgo selekzioaren etorkizuna. Berez, taldea dena, taldeago bihurtzen dute. Trantsizio futbola egiten trebeenak dira. Orain arte ondo atera zaizkie kontuak, eta hemendik aurrera ikusi beharko. Nekea izango da euren beste arerioa. Meirelesek berak, nekez osatzen ditu 90 minutuak. Paulo Bentok, ordea, itsu-itsuan sinesten du hiru jokalariongan. Taldeari zelai erdian nagusi bat falta zaion uneetan ikusiko dira Portugalen benetako ahuleziak. Nork hartuko ote du orduan aginte makila?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.