Caja Laboral Baskonia 71. UCAM Murtzia 65

Hiruko festari esker

Baskoniak zazpi hiruko sartu ditu lehen laurdenean, baina komeriekin gainditu du Murtzia

Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Caja Laboral Baskonia. Prigioni (2), Oleson (24), Teletovic (10), Nocioni (6), Lampe (20) —hasierako bostekoa—; San Emeterio, Ribas (3), Milko Bjelica (4), Heurtel (2) eta Nemanja Bjelica.

UCAM Murtzia. Franch (6), Grimau (9), Udoka (13), Barlow (9), Augustine (9) —hasierako bostekoa—; Jasen, Sekulic (8), Miso (11), Perez eta Rejon.

Markagailua. 29-19, 39-35 (atsedenaldian); 62-54 eta 71-65.

Epaileak. Hierrezuelo, Peruga eta Calatrava. Ez zuten inor kanporatu.

Bestelakoak. 11.200 ikusle inguru Buesa Arenan.

Saskipeko joko sendorik gabe, hirukoak izan behar erremedioa. Asmatzen bada, errazagoa da irabaztea, baina, asmatzen ez bada, ezinezkoa da ia arrakasta izatea, beste aukerarik ez dagoelako. Baskoniak modu ikusgarrian ekin zion Murtziaren aurkako partidari, lehen laurdenean zazpi hiruko saskiratuta, eta hasierako hamar minutu horietan lortutako errentari esker eutsi zion.

Komeriekin, Murtziak erakutsi egin zuelako zergatik irabazi dituen azken 11 partidetatik zazpi. Caja Laboral 29-19 aurreratu zen, baina bigarren laurdenean harrikara bota zuen uzta hori guztia, Murtziak partida berdindu baitzuen. Kasualitate gutxi izaten dira saskibaloian, eta kantxan aulkiko jokalariak zeudela iritsi zen arabarren txakalaldia. Heurtelek hamaikagarren partida kaskarra jokatu zuen. Nemanja eta Milko Bjelica nahi eta ezin dabiltza, eta eskerrak Pau Ribasek lau azken pase on eman zituen, Lampek bere taldeari aurretik euts ziezaion atsedenaldian: 39-35.

Hirugarren laurdenean, sei eta zortzi punturen aldeak lortu zituen berriro Baskoniak, Oleson bero-bero zegoelako. Alaskakoak bi hiruko sartu zituen hirugarren laurdenean; sei guztira, lehen hamar minutuetan sartuak kontatuta. 54-47 zegoen markagailuan 24. minutuan, baina Murtziak lanean jarraitu zuen serio. Batzuetan Udoka, besteetan Sekulic erasoko erreboteetan, Barlowen hirukoak, Misoren gidaritza... 65-63 hurbildu zen partida bukatzeko lau minutu falta zirela, eta Dusko Ivanovicek hutsartea eskatu behar izan zuen bere jokalariei konpromiso apur bat eskatzeko.

Lamperen lan ona

Ardura nork hartu, ordea? Nocioni aulkian, faltengatik, eta Teletovic beste egunetako distirarik gabe, Prigionik Lampe elikatzea erabaki zuen. Erabaki ona, poloniarrak biko bi saskiratze egin eta 20 punturaino iritsi baitzen, eta Baskonia 71-63 aurreratu. 90 segundo falta ziren partida bukatzeko, eta gasteiztarrek eroso eutsi zioten aldeari, Murtziak bi puntu bakarrik sartu baitzituen azken minutu eta erdian.

Oleson eta Lampe izan ziren jokalari onenak. Estatubatuarrak 24 puntu lortu zituen, sei hiruko sartuta, baina baloraziorik onena Lamperena izan zen: 23, 20 puntu eta zazpi erreboterekin. Nabarmentzeko modukoa, Baskoniak tinko jarraitzen duela defentsako lanean, 65 puntutan utzi zuelako Murtzia. 20 puntuko langa gainditu ezinik geratu ziren bisitariak laurden guztietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.