Jardunaldi oparoa izan da Espainiako Ligako bigarrena Reala eta Athleticentzat; ez, ordea, Oiartzunentzat. Donostiarrek sasoiko aurreneko garaipena eskuratu dute Mallorcan, eta lau puntu dituzte orain sailkapenean. Athleticek, berriz, bi partidatan bi garaipen lortuta, sailkapeneko lehen postuetan da, sei puntu pilatuta. Oiartzunek, berriz, ezin izan du oraindik garaipenik lortu, iragan asteburuan berdindu eta oraingoan galdu ondoren.
Maldan gora jarri zaio partida hasiera Athletici, ordu laurdenean aurretik jarri baita Valentzia. Mari Pazek jaurtiketa gurutzatu baten bidez egin du kanpokoentzat aurreneko gola. Zuri-gorriek, ordea, bost minutu geroago berdindu dute markagailua, Ibarrak Iraiaren erdiraketa bat baliatuta, eta markagailua irauli dute lehen zatiaren hondarrean, Paredesen bidez (43. minutuan).
Bigarren zatian, Paredesek bizkaitarren hirugarrena egin du, eta markagailuan aldea handitu (70. min). Bost minutu geroago, Giok buruz egin du valentziarren bigarrena, eta 3-2koarekin amaitu da partida.
Realak, berriz, etxetik kanpo eskuratu du sasoiko lehen garaipena. Izaskun Leozek jarri ditu aurretik markagailuan txuri-urdinak 27. minutuan, eta emaitza horrekin joan dira atsedenaldira. 68. minutuan, berriz, Nahikari Garciak utzi du lehia erabakita, donostiarren bigarrena eginda.
Punturen bat urratzea gertu izan du Oiartzunek, nahiz eta horrek pentsaezina zirudien atsedenaldian. Albacete nagusi izan da lehen zatian, eta 3-0 aurretik zela heldu dira bi taldeak atsedenaldira. Bigarren zatian, ordea, markagailua berdintzea lortu dute gipuzkoarrek. Puntua gertu zutela, 4-3koa egin dute etxekoek 84. minutuan.