Urte honen amaieran 90 urte beteko ditu Osasunak, eta 90 urte horietatik 32 denboralditan Lehen Mailan jokatu dute gorritxoek. Sasoi honetakoa 33.a dute maila gorenean. Urte asko dira, sasoi asko eta partida gehiago. Hargatik, gutxitan lortu du Osasunak Lehen Mailan lau partida jarraian irabaztea -2006-07an ezarri zuten marka, bost partida segidan irabazita-, eta gaur aukera polita du. Espanyol, Xerez eta Vila-real hurrenez hurren mendean hartu eta gero, Tenerife dago orain gorritxoen jomugan. Etxean jokatuko du Osasunak, aurkaria talde igo berria da, jaitsiera postuetan dago, eta etxetik kanpo partida bakar bat ere ez dute irabazi sasoi honetan. Osasunak laugarren garaipena kateatzeko aukera ezin hobea daukala dirudi, beraz. Baina gorritxoak ez dira fidatzen. Partida gogorra izango dela badakite Jose Antonio Camachok entrenatutako jokalariek, nahiz eta helburu bakarra irabaztea dela argi izan.
Azken hiru partidak irabazi ostean, Osasuna sailkapenaren erdian dago, 26 punturekin. Ia bigarren itzuli osoa geratzen da oraindik, eta mailari eustea ziurtatuko lieketen 42 edo 43 puntuak lehenbaitlehen batzea da gorritxoen helburu bakarra. Hargatik, gaurko lehia irabaziz gero, aspaldiko partez jaitsiera postuei begiratzeari utzi eta gora begira jartzeko moduan izan daitezke nafarrak. Irabaziz gero, Tenerife hamabi puntura utziko dute gorritxoek, sailkapenean hondoratuta. Eta hori da helburua.
Aurrekariek ez dute baikor izaten laguntzen, dena dela. Azken denboraldietan talde igo berri askok alde egin dute Iruñeatik hiru puntuekin; Levantek, Recreativok eta Tenerifek berak -2001-02 denboraldian 0-2 nagusitu zen Tenerife Sadarren, nahiz eta sasoi haren amaieran Bigarren Mailara itzuli-. Eta horrez gain, azken denboraldietan Osasunak mailari eusteaz gain helburu dotoreagoren baten alde borroka daitekeela esan izan den bakoitzean, kale egin izan dute gorritxoek. Horrexegatik, zuhur agertu dira Osasunako jokalariak aste honetan: «Haizea alde daukagunean kale egin ohi dugula egia da, eta horren inguruan asko hausnartu dut azken egunetan. Partida asko geratzen dira sasoi amaiera bitartean, eta garrantzitsuena erregularrak izatea dela jakin behar dugu. Puntuak batzen jarraitu behar dugu, baina zuhurrak izatea komeni da, partida errazik ez dagoela gogoratzea komeni da, baina, era berean, irabazi egingo dugula sinetsita zelairatu behar dugu. Dena dela, ez da mailari eustea baino helburu handiagoak jartzeko garaia. Lehen helburua ziurtatutakoan hitz egingo dugu horretaz», esan zuen Miguel Flañok herenegun, esaterako.
Camachok ere argi hitz egin zuen atzo: «Aurretik irabazi ditugun hiru partidak amaituta daude jada, eta hurrengoak soilik du garrantzia futbolean. Oreka ikaragarria dago Ligako taldeen artean, eta Tenerife mendean hartzeko defentsako sendotasuna izango da garrantzitsuena», adierazi zuen gorritxoen entrenatzaileak.
Aranda, Juanfranen ordez
Azken norgahiagokan bi gol sartu zituen Juanfranek, baina apendizitis baten erruz hurrengo hilabetean ez du jokatuko eskuin hegaleko erdilariak, eta, horri esker, Carlos Aranda hasierako hamaikakora itzuliko da gaur. Arandak Pandianiren bikotekide lanak egingo ditu aurrealdean, eta Masud irandarrak hegalera jo beharko du Juanfranen hutsunea betetzeko. Asteko azken lan saioan ikusitakoaren arabera, beste berritasun bat ere izan daiteke gorritxoen hamaikakoan: Javad Nekunamen ondoan Ruper jarri zuen atzo Camachok euskarri bikoitzean, Patxi Puñalen kaltetan. Camachok ez zuen Ruper hasieratik ariko denik baieztatu.
Hirunaka batzen jarraitzeko
Osasunak Nafarroako Erresuman gaur Tenerife mendean hartzen baldin badu, laugarren partida irabaziko du jarraian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu