Nekea arinagoa izaten omen da aldartea hobea denean. Gescrap Bizkaiako jokalariek apenas izan duten atseden hartzeko aukera. Gauerdia ondo pasata iritsi ziren Zaragozako hotelera, eta eguerdi partean ekin Valladoliderainoko bidea, 427 kilometro luze autobusean. Pentsa, plangintza nekoso hori herenegun galdu izan balute. Irabazi zutelako, gaitz erdi, erosoagoa izanen da bidaia.
Zaragoza, Valladolid eta Santiagoko bidaia luzeari ekin aurretik hirutik hiru irabazteko asmo sendoarekin ekin zioten jokalariek, eta lehenengoa lortu dute. Denetan zailena, agian, bizkaitarrak etxetik kanpo partidarik irabazi gabe zirelako, eta hiru aurkarien artean indartsuena zein den erabaki beharko balitz erantzun logikoena Zaragoza litzatekeelako. Valladolid eta Obradoiro jaitsiera saihesteko borrokan murgilduta daude bete-betean, eta CAI, aldiz, Kopan sartzeko borrokan.
Horrek ez du esan nahi Valladoliden garaipena samurra izango denik, ezta gutxiago ere. Bizkaia opari gutxi egiteko dago bere jokoari erreparatzen badiogu, eta hobe luke lanean gogor segitzea nahi ez duen muturreko bat ez jasotzeko. Zaragozako garaipenak zauri asko sendatu dituelako, baina hemen kontua ez da garaipen zerrenda bakarrera mugatzea. Hurrengo 19 partidetatik 11 atera behar ditu aurrera Katsikarisen taldeak, eta hurrengo biak irabaziz gero, zortzi onenengandik oso gertu egongo litzateke. Kopatik at, mirariren bat gertatu ezean, baina zortzi onenengandik gertu. Kopa, zoritxarrez, utopia da.
Hirutik hiru zen bidaia hasi aurreko helburua, eta lehenengoa lortu dute
Atsedenik hartu gabe Valladoliden ariko da gaur Gescrap; garaipen premia dute biek (18:00, Teledeporte)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu