Historia bizia Istanbulen

Seina Lauko Final irabazi dituzte CSKAk eta Panathinaikosek, eta, azken hamar urteetan, ia beti egon dira titulua lortzeko borrokanBartzelona faborito da Olympiakosen aurka, nahiz ez jakin Navarro eta N'Dong ariko diren

Andoni Urbistondo.
2012ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Historia, tradizio, kultura eta erlijio ugari uztartzen diren hiri dotorea omen Istanbul. Kirol arloan ere ahaleginak egiten ari dira bertako saskibaloi taldeak aberastasun horren pare jartzeko, baina oraingoz harmailetatik ikasten jarraitu beharko dute, Turkiako talderik ez baita izango Lauko Final handian. Greziako bi talde indartsuenak, Panathinaikos eta Olympiakos, Moskuko CSKA eta Bartzelona iritsi dira Euroligako azken geltokira. Aurreikuspenak bete dira guztiz Olympiakosen kasuan izan ezik, eta ustekabeko galanta litzateke Pireokoak titulua irabaztea. Beste hiruren artean ere argia da hierarkia. CSKA sumatzen da ahaltsuen, baina gertutik jarraitzen diote arrastoa bi hautagaik: Bartzelonak eta Panathinaikosek, ordena horretan.

Saskibaloian historia bizia, historia handia duten hiru talde elkartuko dira Istanbulen. Haien azken urteetako errepasoa egin, eta harrituta geratzea normalena, daukaten lorpen zerrenda distiratsuetan distiratsuena baita. Panathinaikos eta CSKA Moskurena, batez ere. Seina Lauko Final irabazi dute bi taldeek, baina, azken hamar urteetan, beti edo ia beti egon dira Euroliga irabazteko borrokan. CSKA azken hamar urteetatik bederatzitan, eta Atenaskoak, azken hamar urteetatik zortzitan. Ikaragarria!

Apalxeagoak dira Bartzelonaren eta Olympiakosen zenbakiak, baina ez horregatik makalak. Azken lau urteetan hirutan jokatu dute Lauko Finala, eta kataluniarrena da Lauko Final gehiagotan parte hartu duen taldea: hamabi aldiz! Istanbulera beste inork lortu gabeko markarekin iritsi dira, gainera: hemeretzi partida jokatu, eta bakarra galdu. Bartzelonak bi Euroliga irabazi ditu, 2003 eta 2010ean. Olympiakosek, berriz, bakarra, eta aspaldi (1997).

Historiak, ordea, ez du titulurik ematen. Akaso, errespetua eragiten du. Istanbulen dago Euroligan titulu gehien irabazi duen entrenatzailea, Zeljko Obradovic. Zortzi dauzka etxean, bost Panathinaikosekin irabazitakoak, eta Jainko baten parekoa da Europako saskibaloian. Bederatzigarrena irabaziko duen bihar arratsean jakingo da, zazpiak aldera, baina lantegi zaila dauka, aurrez aurre itxuraz Europako talde onena izango duelako: CSKA Mosku.

CSKA-Bartzelona finala?

Euroliga irabazteko izar konstelazioa, NBAn urteetan lan ona egindako jokalari bi dituena eta NBAn batere arazorik gabe jokatzeko lehengaia duten beste hainbeste izar. Hasi Andrei Kirilenko, Nenad Krstic eta Viktor Khriaparekin, eta jarraitu Teodosis, Siskauskas, Xved, Kaun, Vorontsevix, Gordon eta abarrekin. Armada Gorria, suzko armarik gabe. Talentua, nahi beste, eta, eraso jokoan, gaindiezin.

Ligaxkan elkarren aurka jokatu zuten CSKAk eta Panathinaikosek, eta errusiarrek bi partidak irabazi zituzten. Greziako taldeak Diamantidis dauka, Europako jokalari onenetakoa, eta laguntzaile onak alboan: Batiste, Maric, Jasikevicius, Nic Calathes, Sato, Steven Smith, David Logan... Nahikoak ote, CSKAren boterea menderatzeko? Normalean ez, baina Obradovic aztia da, eta ikusten ez denean ere, beti bilatzen du arrakastarako ateren bat.

Beste finalerdian Bartzelona da faboritoa, baina bi zalantza garrantzitsu ditu, eta haien parte hartzeak erabat baldintza dezake finalerdia. Juan Carlos Navarro eta Boni N'Dong kili-kolo omen daude fisikoki. Lehenak oin zolako faszitisa du, eta afrikarrak sabeleko mina. Gauzak ondo, kantxaratu egingo dira, eta Spanoulis, Dorsey, Kyle Hines, Keselj, Gecevicius eta enparauek asko sufrituko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.