Historiari aurre eginez

Datuak aztertuta, historikoki zelairik deserosoenetako bat izan da Nou Camp Realarentzat, baina Martin Lasarte entrenatzailearen ustetan, taldearen esku dago Bartzelonari lanak ematea

Xabier Lopetegi.
Donostia
2010eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Nou Campek ez dakarzkio batere oroitzapen onak Realari. Ez, behintzat, azken urteetan. Duela hogei urte irabazi zuen azkenekoz han, lehen atzerritarren garaian: Aldridge, Atkinson eta Richardsonekin. Azken berdinketa 1995eko apirilaren 9an erdietsi zuen, Andoni Imazek azken arnasean sartutako gol bati esker (1-1). Ordutik Bartzelonan jokatutako hamabi norgehiagokak galdu egin dituzte txuri-urdinek, eta porrot horien artean, batzuk oso mingarriak izan dira. 2002-2003 denboraldikoa da adibide garbiena, 2-1 galdu baitzuen 31. jardunaldian, liga txapelketaren bila ziztu batean zihoala. Baina atzera egiten hasita, ezinbestekoa da 2005-2006 sasoikoa aipatzea, partida hura Realaren gainbeheraren hasiera izan zela esan baitaiteke.

Sasoi hartan, Jose Mari Amorrorturen gidaritzapean, denboraldi hasiera ederra egin zuen Realak. Presiorik gabe iritsi zen Nou Campera, hamargarren jardunaldian, bosgarren postuan. Bartzelona ez zebilen fin, baina errepasoa eman zion: 5-0. Partida kaskarra atera zitzaien txuri-urdinei, tentsioari zein jokoari erreparatuta. Hurrengo 33 puntuetatik sei baino ez zituzten bildu. Aranbururen eta Kovacevicen lesioak erabakigarriak izan ziren, txarrerako. Azpeitiarra denboraldi bikaina egiten ari zen, baina Oriol Racingekoak belauna txiki-txiki eginda utzi zion. Kovacevici, berriz, ebakuntza egin zioten, aurreko denboralditik orpazurdan zuen arazoa konpontzeko.

Realak gorriak ikusi zituen mailari eusteko. Bolada txarrak bi biktima utzi zituen aulkian: Amorrortu eta Gonzalo Arkonada. Jose Mari Bakerorekin iritsi zen salbazioa, baina goizuetarrak ere zazpi jardunaldi baino ez zuen iraun karguan, hurrengo denboraldian. Historiako sasoirik eskasenetakoa egin zuen taldeak, eta infernura jaitsi zen 40 urteren ondoren. Baina, bitxia bada ere, sasoi hartan beste askotan baino lan handiagoak eman zizkion Realak Bartzelonari Nou Campen. Ondo lotu zuen Frank Rijkaarden taldea, eta aukeraren bat ere izan zuen gola sartzeko. Baina Ronaldinhok sartutako gola nahikoa izan zen hiru puntuak etxean geldi zitezen.

Martin Lasarte, ordea, ez da iraganari begiratzen dioten horietakoa. Ohikoa duen gosea erakutsi zuen atzo, biharko lehiari begira: «Ezin dugu aldez aurretik amore eman, edo zer gertatzen den ikustera joan. Gertatuko dena gertatuko da, baina hori guk egiten dugunaren araberakoa izango da, neurri batean. Badakigu partida zaila dela, une gozoan dagoen aurkari handi baten aurkakoa, baina gu ere bolada onean gaude. Horrek interesgarri bihurtzen du norgehiagoka».

Bartzelonaren gisako talde bati aurre egiteko errezeta magikorik ez dagoela gogorarazi zuen entrenatzaileak: «Egongo balitz, denok erabiliko genuke berbera. Maila eta mota guztietako taldeei sartu die gol andana; lau edo bost atzelari zituztenei ere bai». Realak bere joko ereduari eutsiko diola, baina aldaketaren bat lantzen ari dela iragarri zuen. «Joan den astean, Llorenteren markaketa izan zen berezia. Eskema beraren barruan, aurkariaren dohain ugariak indargabetzen eta erantzuna ematen ahaleginduko gara. Guk ere zailtasunak sortu nahi dizkiogu Bartzelonari». Kataluniarren goiko presioa gainditzeko lanean aritu dira, haren esanetan.

Uruguaitarraren ustetan, Reala ezin da aritu defenditzen bakarrik: «Seguru partidak horretara eramango gaituela, eta halakoren batean nahi baino atzerago sartu beharko dugula. Baina ez dugu nahi hori partida osoan gertatzerik». Erregulartasuna eta kontzentrazioa nahi ditu. «Nahikoa da kale bat egitea, edo Bartzelonak asmatzea, dena hankaz gora jartzeko. Baina erronka interesgarria da ideia bat eduki, eta ideia hori 90 minutuz praktikara eramaten saiatzea».

Pep Guardiolaren taldeari loreak bota zizkion. «Cruyffen Bartzelonaren aurka jokatu nuen, eta ni bezalako jokalari mugatu batentzat zaila zen aurkari bat jotzera iristea ere. Ez dut arazorik aitortzeko: hain ziren azkarrak, eta hain egiten zituzten gauzak ondo!». Oraingo Bartzelona talde horren bertsio hobetua dela uste du entrenatzaileak. «Talde zoragarria da. Jokalariek konbentzituta jokatzen dute, beren mezuarekin liluratuta bezala. Oso proiektu luzea da denboran, entrenatzaile berarekin... Boteretsu egiten duten konnotazio asko daude».

Zurutuzaren zain dago

Haatik, futbolean ezinezkorik ez dagoela azpimarratu zuen. «Milaka adibide daude. Espainiak Munduko Txapeldun izan behar zuen, eta Suitzak lehen partida irabazi zionean, denak isil-isilik gelditu ziren. Munduan gabezia gutxien duen taldeetako bat da Bartzelona, baina izan baditu, eta guk aztertu egin ditugu». Zurutuza deialdian sartzea ez zuen guztiz baztertu. «Ikusiko dugu bihar [gaur] zer moduz dagoen. Ez da entrenatu. Ez du lesio larririk, baina oso denbora gutxi dugu». Ifranen lesioak belaunekoarekin zerikusirik ez duela argitu zuen, halaber, entrenatzaileak. Hala ere uruguaitarra ez da sartuko zerrendan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.