Zierbena entzun, eta Bizkaiko kostaldeko herriaren izenaz gain,trainerua etorriko zaio gogora arrauneko zaleari. Aurreko mendearen azken bi hamarkadetan ibili zen puntaren puntan; batez ere, 1990ean. Hamabi bandera irabazi zituen, eta Kontxako estropadetan hirugarren egin zuen. Gero, urte batzuetan, goiko mailetatik urrun ibili behar izan zuen. Joan zen urtean, KAE 1 ligan lan bikaina egin eta gero, San Miguel ligara igotzea lortu zuen arte kanporaketetan.
Historikoa da. Eta ez bakarrik emaitza on horiek lortzeko gai izan zelako. Historia luzea duelako, batez ere. Arrauna herrian oso txertatuta egon da aspalditik, bi klub egoteraino: San Roman arraun elkartea eta Virgen del Puerto arraun elkartea. 1978an bateratu ziren, egungo Zierbena sortzeko. Urteetan atzerago joanez, 1928a esanguratsua da oso: lehen aldiz aritu zen Kontxako Banderan, Placido Aranburu patroi zuela.
Aurretik makina bat jendek egindako lanari esker dabil uretan ontzia. Eta herritarrek gozatu egingo dute aurten, San Miguel ikusiz trainerua. Handia behar du izan urteetan elitean azaldu gabe egon eta gero. Gozatzeaz gain, sufritu ere egingo dute barrenetik bizi dutenek. Kirolak emaitza duelako alboan, onerako edo txarrerako. Eta emaitzan jolas polit bezain zital horretan, oso argi dauka Zierbenak zein den aurtengo helburua: datorren urtean ere elitean jarraitzea.
Ez da erronka makala. Gehienetan, iritsi berriarentzat lan handia izan ohi da hori lortzea. Jakina da arraunean talde ona izateko asko laguntzen duela aurrekontu handia edukitzeak. Igo dira taldeak halakoak, eta erraz antzean erdietsi izan dute mailari eusteko helburua. Zierbena ez da dirutza handiak erabiltzen dituzten horietakoa, eta beste helduleku batzuekin borrokatu beharko du.
Beste gabezia hau ere badu: iaztik hona, bost arraunlari titular falta zaizkio, eta horietatik lau ababorreko aldean aritzen ziren arraunean. Sei arraunlari fitxatuditu, eta horiek egokitzen ari dira oraindik taldean. Gainera, Francesek istriborreko bogalari hainbat ababorrean jarri behar izan ditu, nahikoa jende ez duelako alderdi horretan.
Berrien artean, ez dago izen handirik, ez bada Alejandro Fraguela, Astilleroko ohia, galiziarra. Berri guztien ezaugarria da taldeko jendea dela, taldeko lanean ohituak eta zailduak. Azken batean, horixe du ezaugarririk onena Zierbenak: taldean dauka indarra, izarrik ez dauka.
Erreferentzia zehatzik ez
Liga nagusira heldu berria izanik, galderaren ikurra jarri zaio arraunaren munduan: zertarako gai ote da? Erdialdetik behera behar lukeela da gehien entzuten den erantzuna. Ezin datu fidagarririk eman. Izan ere, denboraldi-aurreko estropadetan, denetariko emaitzak izan ditu: onak eta ez hain onak. Horrek esan nahi du Frances entrenatzaileak probak egiteko baliatu dituela estropada horiek. Eta zergatik ez, baita aurkariak nahasteko ere, pista handirik ez emateko.
Zierbenaren lana baldintza dezakeena Ligako araudia da. Berezko arraunlari kopuru batek ezinbestean egon behar du traineruan estropada bakoitzean: zazpi dira ezaugarri hori eduki behar dutenak, eta horietako hiruk harrobikoak behar dute izan. Zierbenak bederatzi berezko dauzka. Ez da kopuru handi-handia ere, kontuan izanik horietako bat ordezko patroia dela. Berezko horiek balekoak izatea funtsezkoa da, bestela asko jaisten delako ontziaren maila. Gero, asko ez edukitzeak beste arazo hau ere badakar: atseden gutxi izaten dutela, ia estropada denetan atera behar dutelako. Hor egongo da Francesen erronka, estropada denetan traineru lehiakorra osatzean.
Arrauna. San Miguel ligako taldeak: Zierbena
Historiko baten itzulera
Zierbena elitean da hainbat urteren ondoren, eta garai bateko klub loriatsua lehen aldiz ariko da San Miguel liganLehendabiziko helburua datorren urtean ere onenen artean segitzea da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu