Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Hitz bakarrean: bikaina

Christopher Froome kenyar jatorriko britainiarrak estu hartu du Juanjo Cobo liderra, eta 13 segundoko tartean daude biakIgor Antonen laguntza bikainarekin, hamargarren posturaino igo da Mikel Nieve

unai zubeldia
2011ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Arauak aldatzea balego maillot gorria bitan zatitu eta bi txapeldun izendatzeko... Italiako Giroaren eta Frantziako Tourraren itzalean geratzen da beti Espainiako Vuelta. Denboraldia itzaltzen ari dela iristen da beti azkenaurreko ikuskizun serio eta erakargarria —Munduko Txapelketa izaten da azkena—. Baina aurtengo Vueltak ez dauka parekorik. Ez du Bradley Wigginsek (Sky) irabaziko; eta ezta Denis Mentxovek eta Carlos Sastrek ere (Geox). Itzaletik ibiltzea gustatzen zaiolako Vueltari. Itzalean zeuden bi txirrindulari puska goratzen ari da aurtengo Vuelta: Juanjo Cobo (Geox) eta Christopher Froome (Sky). Liderra, eta liderraren pare dabilena. 22 segundoko tarte estuarekin ekin zioten atzoko etapari, Peña Cabargan amaitzen zenari. Eta 13 segundoko tartearekin amaitu zuten eguna. Tartean gertatu zen guztia, berriz, ikaragarria izan zen.

Peña Cabargako azken kilometroa bideoan grabatu eta egunero ikusteko modukoa da. Lau minutuko tartean biak hasi ziren maillot gorriarekin ametsetan. Cobok erasoa jo; Froomek erantzun; erritmo aldaketa mugara eraman eta espainiarra lehertu; Vuelta galtzen ari zela ikusita, lekuren batean indarra aurkitu eta britainiarraren parera iritsi; etapa garaipena lehiatu; amorrazioaren erreakzioarekin gutxienik etapa garaipena eta gainsaria kolkoratu... Hitz batean, bikaina izan zen Froomek eta Cobok eskaini zuten etapa amaiera. Lurrean eserita bat, bi besoak bizikletaren gainean jarri eta orekari eutsi ezinik bestea, lehertuta iritsi ziren helmugara Vueltako bi irabazleak. Gertatzen dena gertatzen dela ere, Cobo eta Froome, Froome eta Cobo, biak direlako aurtengo Vueltako irabazle handiak.

Hamahiru segundoko tartea dago bien artean, eta lau etapa geratzen dira oraindik jokatzeko. Lau etapa, gainsari asko, Euskal Herriko bi etapa gorabeheratsu, Nojako gaurko amaiera bihurria... Hamahiru segundo, eta Froomeren mehatxua. «Peña Cabargan neukan asmoa Vuelta irabazteko. Baina gainsariak lortzen saiatzea beste erremediorik ez daukat orain». Ezustekoz betetako hiru asteko Vuelta harrigarriaren ondoren, gainsariek emango ote dute ba azken epaia? Froomek lortu zuen bi segundoko gainsaria herenegun, eta ez harritu Sky tarteko helmugetan esprinta bideratzen hasten bada.

Euskaltelen ahalegina

Aurreko etapa gehienak bezala, ero-ero hasi zen atzokoa ere. Denek sartu nahi zuten ihesaldian, baina beti zegoen atzean talderen bat deseroso. Vacansoleilek, Euskaltel-Euskadik eta Katuxak etapa garaipena zeukaten begiz jota, eta gertutik zaindu zituzten ihesaldi saio guztiak. 21 laguneko ihesaldia sortu zen lehenengo, eta bostekoa gero. Baina Peña Cabargara bidean eman zuten guztiek amore.

Beste behin ere, Marzio Bruseghin (Movistar) saiatu zen urrutitik erasoa jo eta tropelaren oreka hausten. Baina Froome eta Coboren buruz buruko lehia nahi zuten Skyk eta Geoxek. Tropelak ziztu bizian jaitsi zuen Lunada bigarren mailako mendatea. Eta lehen maldetan hasi zen benetako festa. Amets Txurruka lehenengo (Euskaltel-Euskadi), Daniel Martin gero (Garmin-Cervelo), eta Chris Sorensen (Saxo Bank) eta Bruseghin bera azkenik joan ziren aurrera. Baina Froomek eta Cobok zeukaten sua hanketan. Ikuskizun aparta eskaini zuten biek. Polita izan zen Mikel Nieveren (Euskaltel-Euskadi) igoera ere. Igor Anton taldeakidearen laguntzarekin, 10. posturaino igo zen atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.