Bi muturrak. Athletic izkina batean. Osasuna eta Reala bestean. Horixe da asteburukoaren argazkia. Joandako asteburu guztiak batera hartzen badira, bi mutur eta muturren arteko erdigunea aipatu behar dira. Athletic dago punta batean, Reala bestean, eta Osasuna erdian. Muturreko emaitzen edota muturrekoak hartu ondoren, muturreko adierazpenak egin ohi dira futbolean. Hitzak ozen entzuten dira Donostian eta Iruñean, sekulako zartako bana jaso eta gero. Jaso aurretik egindako adierazpen batek ere eman dit atentzioa Realaren kasuan. Athleticen, berriz, hasierako hitzen doinuekin segitzen dute, hitz egiten duenetako bat emandako hitza betetzen ari delako.
Beldurrik gabe. Bielsak argi hitz egiten du. Gustuko eredua zein duen ozen zabaltzen du, ahots txikiz mintzatu arren kazetarien aurrean. Hitzon burrunba zelaian ateratzen dute jokalariek. Behin eta berriz esana du entrenatzaileak berdin jokatuko duela aurkaria edozein izanda ere. Igandera bitarteko partidetan beti antzera jokatu izan du taldeak. Baina igandean, bazen bazterretan zalantzaren bat jokatzeko ereduaz, Bartzelona handia zuelako kontrarioa. Bielsak hitza bete zuen, eta parez pare jokatu zion ahalguztidunari. Koherentzia esaten zaio horri. Hitzak ekintza behar duela idatzi dut izenburuan, eta Athleticek bete zuen herenegun: Bielsaren hitzak ekintza bilakatu zituzten jokalariek.
Kanpoan, uso. Haserre zegoen Mendilibar Madrileko txikizioa bukatu berritan. Normala. Beti hitz egiten du gauzak esateko, denek ez baitituzte gauzak esaten hitz egitean. Eta igandean ere argi mintzatu zen. Real Madrilek astindua ematea ez omen da arraroa, baina bere jokalarien aldetik beste jarrera bat espero zuela ere bota zuen. Galdu bai, baina burua galdu gabe, nolabait esateko. Bere jokalariek egiten dute zerbait oker bi handien aurka jokatzean. Bartzelonak zortzi sartu zizkien, eta zazpi Real Madrilek. Gerta daiteke, baina talde berari oso tarte txikian bi aldiz gertatzea zerbaiten adierazle da. Mendilibarrek hitz egin du. Orain ekintzak etorri behar du atzetik. Eta bi handien kontrako aukera bigarren itzulira arte ez denez helduko, atera dezatela oldarkortasuna jokalariek etxetik kanpoko hurrengo partidan. Eta etxean ez? Etxean ateratzeko ez zaie eskatu behar, berezkoa baitute. Baina kanpoan... Ez da gaur goizeko kontua: Osasunak bi itxura dauzka. Etxekoa bat, kanpokoa bestea. Eta kanpoan, handi-handiek harrapatzen dutenean, txikizioa eragiten diote. Baina ez hain handien aurka ere ez da izaten etxeko Osasuna.
Presidentea, trantzean. Realaren jiran ez da giro. Nola izango da, ba, azkena joanda. Azken asteetan hor bueltaka dabiltzan galderen erantzunik ez da azaltzen. Eta are okerrago: galdera gehiago sortzen ari dira. Itaun horietako batek Montanier du ardatz: noiz arte iraungo du? Galdetu zioten joan zen astean Aperribai presidenteari. Ez dutela botako erantzun zuen. Oso sendo egin zuen entrenatzailearen alde. Hala behar du, baina hain sendo esan zituen hitzak, benetan ari zela pentsa daiteke. Hor daude, hortaz, hitzok. Handik egun batzuetara zen igandea, eta taldeak ataka gaiztoan jarri zuen presidentea. Belarrondokoa eman zion Rayok, eta Aperribairen hitzak benetakoak diren edo ez erakusteko trantzean jarri dute agintaria. Hitza beteko duela berretsi zuen. Ikusiko da jarrera berari eusten dion. Agian, taldeak berriz jarriko du beste ataka gaizto batean aurki. Edo agian, ez. Esandako hitzak ekintza bihurtu beharko lituzke presidenteak. Koherentea izateko. Joan zen astean esandakoekin, eta Montanierren fitxaketa azaltzean adierazitakoekin.
Hitz alferrak. Joan zen astearteko idatziaren gaiarekin lot daiteke gaurkoa. Orduan nioen oso erraz hitz egiten dugula futbolean, gehiegi jarduten dugula. Jokalariak ere ez daude aparte gaitz horretatik. Baietz esan Realekoak eta Osasunekoek igandekoa bezalakorik ez dela berriz errepikatuko... Gogotsu daudela ere botako dute, hurrengo jardunaldian oraingoan emandako itxura txarra ontzeko. Egongo dira gogotsu, baina zenbat aldiz gertatu izan da hau: zelaira atera, jokatzen hasi, eta aste osoan esandakoaren arrastorik ere azaldu ez. Hitza ez al zaie gehitxo ematen jokalariei? Umea nintzela, gure herriko zale batek esaten zuena etorri zait burura: «Gutxiago hitz egin, eta jokatu gehiago!».
Aulkitik begira
Hitzak ekintza behar du atzetik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu