Hitzik eragin ez duen partida

Osasunak zein Espanyolek UEFAn jarri dute arreta, baina jaitsiera urruntzeko ezin dute Ligan lorik hartu

2007ko otsailaren 25a
00:00
Entzun


asier legarda-ereño

Iruñea

Espainiako Ligako Lehen Mailako partida batek -Osasuna Espanyolen aurka-, gaur arratsaldean Nafarroako Erresuman jokatuko denak baino hitz eta esamesa gutxiago eragitea ez da batere erraza. Partida egunaren bezperako egunkarietan ere UEFAn final-zortzirenetan aurkari izango dituzten Glasgowko Rangersi buruz eta Haifako Maccabiri buruz gehiago hitz egin zuten Iruñeko zein Bartzelonako kazetariek. Horregatik, Ligan eginbeharrak egin gabe dira oraindik Jose Angel Zigandaren eta Ernesto Valverderen mutilak; eta jaitsiera postuak behin betiko saihestu nahi badituzte, gaur arratsaldeko lehian hiru puntuak batzen ahalegintzea hobe lukete gorritxoek zein katalanek. Sailkapeneko hemezortzigarren postuan dago Celta, eta bost puntura dago Osasuna, sailkapeneko hamaikagarren tokian dago; eta Espanyolek nafarrek baino bi puntu gehiago soilik ditu. Argi ibili, beraz.

«Espanyolen aurkako partida nahi bezain ondo prestatzerik ez dugu izan. UEFAn aurrera egiten ahalegintzera behartuta geunden, eta horri eman diogu lehentasuna aste honetan. Gaur bertan ere egunkariek Glasgowri buruz hitz egiten dute, eta inork ez du Espanyolen partidari buruz ezer esan; dena dela, profesionalak gara, eta barruan daukagun guztia emateko asmoz zelairatu behar dugu», onartu zuen atzo Jose Angel Zigandak. Arreta UEFAn jarrita izan dutelako kezkatuta dago Ziganda, baina hori ez da Larraintzargo entrenatzailearen arazo bakarra. Joan den ostegunean, ahalegin itzela egin zuten taldeko jokalariek UEFAn Bordeleko Girondinsen kontra; eta lan horrek eragindako nekeak kalte egin diezaieke gorritxoei. Horrexegatik, Zigandak ez du batere argi zein hamaikakoa zelairatu Espanyolen aurka: «Ez dakit, benetan, bi euskarrien aurretik zein ariko diren, erabaki gabe daukat oraindik. Ahalegin handia egin zuten ostegunean jokalariek, eta ez dakit batzuei atseden eman edo irabazi egin zutenez, jolasten utzi behar diedan. Jokalariek ez dute esaten nekatuta daudenik, baina aulkitik ederki nabaritzen zaie batzuei», esan zuen atzo Osasunako entrenatzaileak.



UEFA-KO HEROIA, DEIALDITIK AT. Hasierako hamaikakoa osatzeko zalantza ugari dauzka Zigandak, baina gauza bat argi dago behintzat: Bordeleko Girondinsen aurkako heroiak ez du jokatuko Espanyolen aurka; frantziarren aurkako lehian gol bakarra egindako Javad Nekunam deialditik kanpo utzi baitzuen Zigandak, ezkerreko orkatilean duen kolpe baten ondorioz. Iraniarrak atseden eguna du gaur, min hartuta diren beste lau taldekideek bezalaxe: Delporte, Valdo, Monreal eta Romeo ez daude sasoian.

Nafarren zorionerako, Ernesto Valverdek ere Zigandaren antzeko buruhausteak ditu nolanahi ere. Herenegun hasi ziren Espanyoleko jokalariak Osasunaren aurkako partidan pentsatzen, eta gorritxoek Girondinsen aurka luzapena ere jokatu behar izan zuten arren, Espanyolek ere ahalegin handia egin behar izan zuen joan den ostegunean Livorno UEFAtik at uzteko; Rufetek eta Velascok min hartu zuten lehia horretan, gainera -De la Peña eta Zabaleta ere min hartuta daude-. «Partida gogorra daukagu Iruñean, Osasuna talde ona baita. Guk baino partida gogorragoa izan zuen Osasunak ostegunean, baina, halere, zaila izango da gorritxoak bere zelaian mendean hartzea», onartu zuen ostiralean Mari Lakruz iruindarrak. Athleticen hainbat denboralditan jokatutako atzelari nafarra bere etxea izandakora itzuliko da, Espanyoleko elastikoarekin lehendabiziko aldiz.

Dena dela, Lakruzentzat baino bereziagoa izango da gaur arratsaldeko partida Moharentzat. Udan saldu zioten nafarrek erdilari marokoarra Espanyoli, eta lehendabiziko aldiz gaur itzuliko da azken sei denboraldietan -Levanten eta Elxen utzita aritu zen lehen bi denboraldietan- bere kluba izandakoaren futbol zelaira. Hasieratik jokatzen badu, Izquierdo lagun minarekin lehiatu beharko du, gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.