Rayon ari da jokatzen gaur egun Antonio Amaya, eta Osasuna auzian epailearen aurrean deklaratu du, 2013-14 sasoian Betis eta Vallladoliden arteko partida baten harira. Efe agentziak zabaldu duenez, jokalariak aitortu du Madrilen batzartu zela Osasunako buruzagi ohiekin, Betisek Valladolidi irabaztearen truke hobariak ordaintzeaz hitz egiteko.
Amayak esan du azkenean ez zuela dirurik jaso eta Betiseko beste jokalari batzuek bazutela hobari horien berri. Betiseko orduko jokalari Jordi Figueras, Jorge Molina eta Xavi Torresek ukatu egin dute hobariak jaso izana, eta Amayak berak zehaztu du ez zutela dirurik kobratu Osasunaren aurrean galtzearen truke.
Partiden iruzurra eta irabaztearen truke emandako hobariak bereizi ditu Amayaren abokatuak, azalduz hirugarrenei emandako hobariak legezkoak izan behar direla.
Angel Bizkai Osasunako kudeatzaile ohiak epailearen aurrean esana du 650.000 euro ordaindu zizkiela Osasunak Betiseko jokalariei; 400.000 euro Valladolidi irabaztearen truke eta 250.000 Osasunaren aurrean galtzearen truke.