Hobe du ez fidatu

Athletic da faboritoa Mirandes kanporatu eta Espainiako Kopako finala jokatzeko, baina hori zelaian dago erakutsi beharraAnduva futbol zelaia bete egingo da etxeko taldeak berriro ezustea eman dezan

haritz gallastegi
Bilbo
2012ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Futbol mundua Miranda Ebrora (Espainia) begira egongo da gaur. Duela hilabete gutxi, pentsaezina zirudien Mirandes Espainiako Kopako lau onenen artean egotea. Baina merezita ailegatu da finalaren atarira. Lehen Mailako hiru talde utzi ditu bidean —Vila-real, Racing eta Espanyol—, eta hiru kanporaketetan aurkariek baino meritu gehiago egin du aurrera egiteko, Carlos Pousoren jokalari kuadrillak talde ona osatzen dutela erakutsi baitu. Gainera, garai gozoan harrapatu du Kopa. Behin horren urrun ailegatuta, azken balentria egiten ahaleginduko da. Beraz, Athleticek hobe du gaur Anduvako futbol zelaian zain izango duen taldea ez gutxietsi. Mirandesen jokatzen duen inork ez du izango egun elastiko zuri-gorria janzteko gutxieneko kalitaterik, baina, azken hilabeteotan pilatutako konfiantzarekin, edonori aurre egiteko gai sentitzen dira. Eta buruak ondo funtzionatzen duenean, hankek erantzun egiten dute.

Mirandes Espainiako Ligako hirugarren txapelketan ari da lehiatzen; Bigarren B Mailan, alegia. Beraz, normala da Miranda Ebrok gainezka egitea horrelako lorpen garrantzitsuarekin. Athleticek, berriz, askotan jokatu du Kopako finalerdia. Baina horrek ez du esan gura zuri-gorrientzat gaurkoa beste edozein neurketaren parekoa denik: Athleticentzat ere lorpen handia da final baten atarian egotea. Izan ere, Bizkaiko talde arentzat gero eta zailagoa da eta onenen artean ibiltzea. Azken hamarkadetan indarra galdu du, eta jokalari onak agertzen diren sasoietan txukun jokatzen baldin badu ere, sarri sailkapenaren erditik behera lehiatzen diren taldeekin borrokatu behar izan du. Gura baino gehiagotan egon da behera begira. Beraz, aukera dagoenean aprobetxatu egin behar da, eta aurtengoa baino aukera hoberik ez du berriz izango. Ba al dago finalerdi bat Bigarren B Mailako talde baten kontra jokatzea baino aukera hoberik? Ez.

Mirandesen eta Athleticen arteko lehia 180 minutukoa izango da, gutxienez. Bi zatitan banatutako lehia izango da. Lehen borrokaldia Anduvan egingo dute. Zer- nolako neurketa izango den? Zuri-gorriek argi dute. Joan den larunbatean Vallecasen jokatutakoaren antzekoa izango da: zelai estua, zaleak gainean, gogor borrokatuko den aurkari bat… Bigarren B Mailako taldeengandik espero daitekeena, alegia. Baina maila horretako talde gehienek baino hobeto egiten du behar hori Mirandesek. «Badakigu Mirandes zer egiteko gai den. Rayoren kontrakoak eta Mirandesen aurkakoak antz handia izango dute: joko zuzena, lehia handia… Horrelako neurketak grinarekin jokatu behar dira, eta guk badakigu hori egiten. Sevillaren aurka 2009an bizi izandakoa errepikatzea espero dut itzulikoan», adierazi zuen herenegun Fernando Llorentek. Izarrak egun handietan agertzen dira, eta gaur da partida horietako bat. Athleticen arrakastaren giltzetako bat izango da Llorente eroso sentitzea eta, era berean, aurrelariak bere kalitatearen berri ematea.

Ohikoekin berriro

Jokalariek espero dutena betetzen bada, kezkatuta egoteko arrazoiak izango ditu Marcelo Bielsak. Entrenatzaile argentinarra jakitun da jarraitzaileen aldarera eraman dezakeela hurrengo astebetean lor dezakeen horrek. Izan ere, Athleticekin final bat jokatzea lortzen badu, Bilbon lor dezakeen helburu gorena eskuratuko du. Jokoan dagoenak merezi duelako, eta bere lan egiteko erak ez duelako inprobisatzeko aukerarik lagatzen, zehatz aztertu ditu Mirandesen dohainak eta gabeziak. Horretarako, Pousoren taldeak jokatutako zenbait partidaren bideoak lagatzeko eskatu dio Amorebieta klubari. Bestalde, Lezamako begiratzaileen laguntza ere izango du, Athletic gertutik jarraitzen ari baita Pousoren taldeko Asier Barahona Gasteizko aurrelari gaztea. Aurkaria ondo aztertuta, taldearen bizkarrezurra osatzen duten zenbait jokalari ez behartzea erabaki zuen Vallecasen. Javi Martinez, Herrera eta Muniain freskoago egongo dira. Guztien beharra izango du Athleticek emaitza on batekin bueltatzeko. Bilbotik 84 kilometrora dago Miranda Ebro. Gertu. Eta ametsa egia bihurtzeko aukera ere ez dago askoz urrunago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.