Bordeleko eta Parisko partida txarren ondotik, Baionara normaltasuna itzultzen ari da. Tolosaren aurka iragan sasoiko errezetekin irabazi zuen Baionak Top14ko lehen partida. Ondotik, gauzak okertuz joan ziren, Bordeleko itxura txarra eta Parisko defentsa inuzentea iritsi arte. Baina horiek iraganeko oroitzapenetan sartu nahi dituzte baionarrek, gaur Racingen aurka jokatu aurretik (Baiona, 20:00).
Clermonterako bidaia dago tartean. Baiona galtzaile atera zen Marcel Michelin estadiotik (19-13), baina aurreko bi partidetako petoak ezabatu zituen liderraren etxean. «Errugbian jokatzen hasi gara berriz. Parisen erasoan ikusitako hobekuntzari eutsi diogu, eta defentsa itxi dugu», dio Christian Gajan kirol zuzendariak. «Elkartasuna atzeman dugu berriz. Denak elkarrekin borrokatu gara», esan du asteon Abdelatif Boutaty bigarren lerroak.
Galdu arren, Baionak iragan sasoiko aurpegia erakutsi zuen Clermonten. Etxetik kanpo sei partida irabazteko balio izan zion estiloa berreskuratu zuen: defentsa oso sendoa, Boyeten zangoa eta kontraerasorako sekulako gaitasuna. Horiek berriz atzemanik, Racingi irabaztea da orain lehentasuna.
Bost jardunaldi jokatu ondotik, baionarrak 11. postuan daude, zazpi punturekin. Irabazi beharra daukate. Munduko Kopa bukatu arte, Lapurditik urrun egonen dira Heymans, Rokocoko, Huget, Philips eta Tialata, fitxatutako jokalari berriak. Horiek itzuli artean, Baionako zaleek iragan sasoiko jokoarekin etsi beharko dute. Zoritxarrez, Pietersen, Lagain eta Elhorgak luzerako dute, eta gibelean iragan sasoiko indarra baino gutxiagorekin ariko da Baiona.
Racingen ere, Munduko Kopa jokatzen ari direnez gain, Sireli Bobo eta Sebastien Chabal ere jokatu ezinik daude. Hala ere, oso kontuan hartzeko taldea da Pariskoa. Baionak baino zazpi puntu gehiagorekin, seigarren postuan dago, Heineken kopako postuetan. Sasoi hasiera ona egin du, eta Top14ko erasorik onena dauka, hamabi entsegurekin.
Ez da giro Miarritzen
Top14ko bost jardunaldi jokatu ondoren, Miarritzek ez daki irabaztea zer den. Porrotak bata bestearen gibeletik pilatzen hasi da, eta dagoeneko egoera kezkagarri bihurtzen ari da. Jokalarien gaztetasuna, taktikoki partida kudeatzeko ezina, lesioak... Sasoi honetako porrotak azaltzeko motibo guztiak aztertuta daude. Baina ez dago aitzakietarako tarterik.
«Porrotek sortzen duten giro txarra eta presioa kudeatzeaz nekatzen hasi naiz. Ziklo txar honetatik atera behar dugu», adierazi du asteon Jerome Thion kapitainak. Serie txarrak minduta utzi ditu miarriztarrak, zelaian gogoa eta inplikazioa ezarri baitute ia beti: «Baina maila horretan gogoa ez da aski», argitu du Patrice Lagisquet errugbi arduradunak.
Miarritzek garesti ordaindu du jokalari garrantzitsuen hutsunea. Munduko Kopa bukatu zain egon beharko dute, baina berri onak etortzen hasi dira. Joan den astean Haylett-Petty osatu zen, eta gaur Erik Lund eta Baby hasieratik ariko dira. Haien esperientzia eta indarra garrantzitsuak izanen dira.
Aukera ona du Miarritzek, aurkaria dezente ahulduta azalduko baita. Bordelekoak bigarren mailatik igo berriak dira, baina sasoi hasiera ona egin dute. Zortzi punturekin, 10. postuan daude. Hori bai, jokalari askok ez dute jokatuko. Lehen lerroan, adibidez, lau jokalari soilik dituzte.
Hobekuntza berrestera
Baionak Racing indartsuaren aurka jokatuko du etxean, eta joan den asteko bide onari eutsi nahi dio, sailkapenean gora egitekoMiarritzek krisia ahazteko aukera dauka, Bordelen lehen garaipena eskuratuz gero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu