Hobekuntza nabarmenik ez
Joko ikusgarririk egin gabe irabazi du Frantziak aurtengo torneoa. Lehen partidan Irlanda menderatu zuen, merezimenduz, baina Irlandak hutsune garrantzitsuak ukan zituen, Brian 0'Driscoll tartean zela. Italiaren aurka ez zuen deus erakutsi, eta justukoa egin zuen irabazteko. Galesen lortu zuen torneoa irabaz zezakeela sinestea, galestarrak joko ona ari baitziren egiten. Eskozia izan zen azkenaurreko kontrarioa, eta ez zuten gehiegizko jokorik egin beharrik izan. Ondorioz, kolokan zegoen frantziarren ahalmena Ingalaterra menderatzeko. Larunbatean egin zuten txapeldunek jokorik sendoena, talde-lanean oinarrituta. Hirugarren lerroa orekatua duela erakutsi du, eta ongi uztartuta dihardutela. Etorkizunerako jokalariak ere baditu, besteak beste, Hariñordoki, Michalak, Jauzion, Pape, Yachvili eta Elizalde. Ingalaterrak ezin izan du mundialeko festa ondorengoa gainditu, eta gehiegi nabaritu du Wilkinson eta Johnson kapitain ohiaren hutsunea. Irlandaren aurka erakutsi zuen ahuleziak kalte handia egin zion. Irlandak Frantziaren aurka egin zuen huts; Gales bere neurrian aritu da, Italia bezala,eta Eskoziak asko hobetu beharko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu