Hobekuntzak garaipena behar du

Partidaz partida Athletic hazten ari da jokoari dagokionez, baina oraindik irabaztea falta zaio konfiantza hartzekoLehen bi jardunaldietan huts egin ondoren, zuri-gorriek puntuak behar dituzte Lyonen

Hobekuntzak garaipena behar du.
haritz gallastegi
Bilbo
2012ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Europako Ligako multzoen ligaxka zozkatu zenean, Athletic eta Olympique Lyon ziren I multzoanfinal-hamaseirenetarako sailkatzeko faborito nagusiak. Baina taldeek zelaian erakutsi behar dute euren nagusitasuna, eta jakinekoa da beti ez dela hala gertatzen. Ezusteak izaten dira. Eta Athletic berandu baino lehen esnatzen ez bada, sasoi honetan Europako Ligako zoritxarreko ustekabekoen artean egongo da. Espero baino dezentez lehenago utzi beharko du lehiaketa.

Zuri-gorriek ez dituzte orain arteko etxeko lanak behar den moduan egin. Lehen jardunaldian puntu bakarrarekin konformatu behar izan zuten Hapoel Kiriat Xmona Israelgo talde apalaren aurka. Athleticek irabaztea merezi izan zuen, baina irabazteko gogoarekin geratu zen. Bigarren jardunaldian, berriz, askoz ere kezkagarriagoa izan zen Txekiako hiriburuan gertatu zena. Sparta Pragaren kontra galtzea kolpea izan zen, eta benetan mingarria taldeak eman zuen itxura. Bada, lehen bi jardunaldien ondorioa da Athletic multzoko azken sailkatu dela puntu bakarrarekin. Beraz, lau jardunaldiren faltan, puntu asko irabazteko beharrarekin dago Marcelo Bielsak entrenatutako taldea. Hala gertatzen ez bada, akabo. Hortaz, garaipena da Athleticek gaur Lyonen (Frantzia) Gerland estadioan behar duena. Puntu bat ere ez litzateke txarra izango, baina horrek bigarren itzuli ia perfektua egitera behartuko luke Bizkaiko taldea. Porrotak, berriz, oin bat lehiaketatik kanpo duela utziko luke. Hala daude gauzak.

Multzoko sailkapenari begiratuz gero, etxeko lanak egin gabe dituen faboritoa eta espero zena bete duen hautagaia izango dira gaur aurrez aurre. Athleticek ez bezala, Olympique Lyonek ez baitu azken jardunaldirako ezer utzi gura. Orain arte jokatu dituen norgehiagoka biak irabazi ditu, eta oker handirik ezean, aurrera egingo du. Gaur dauka, hain zuzen ere, sailkatzea lortzeko behar dituen puntuak eskuratzeko aukera. Batetik hori, eta, bestetik, pentsatzekoa da lehen postua ere begiz jota izango duela Frantziako taldeak. Ez baita ahaztea komeni multzo bakoitzeko lehen sailkatuak etxean jokatzen duela hurrengo kanporaketako itzuliko norgehiagoka. Bada zerbait.

Indartsua da oraindik Lyon

Lyongo taldeak ez dauka duela urte batzuk zuen indarra. Ez da Frantziako Ligako menderatzaile argi eta garbia, baina oraindik ere ondo aritzen den taldea da. Orain arte eskuratu dituen emaitzak dira horren erakusle: Europako Ligan eroso aritzeaz gain, hirugarren da bere herrialdeko txapelketan, Paris Saint-Germain indartsuarengandik eta Olympique Marseillarengandik puntu bakarrera. Beraz, erregulartasunaren lehiaketa irabazteko borrokan dabil bete-betean. Eta hori guztia ari da lortzen azken urteotan taldean pisu handia izan duten jokalariak galdu dituen arren: Gomis atezaina eta Cris eta Cissokho atzelariak, besteak beste. Halere, futbolari onak mantentzen ditu lerro guztietan. Baina zerbait nabarmentzekotan, aurrelariak nabarmendu behar dira. Lisandro Lopez argentinarrarekin eta Gomis frantziarrarekin bermatuta dauka gol mordoxka bat. Eurak izango dira gertutik zaindu beharreko futbolari bi. Gonalons euskarri gaztea ere gertutik jarraitu beharrekoa izango da.

Neurketa gaitza dauka Athleticek. Baina zailtasunen aurrean hazi eta irabazten dakiela erakutsi beharra dauka. Maila oneko taldeek horrelako gauzak egiten baitituzte. Athletici asko emango lioke hiru puntuekin itzultzea. «Azken minutuetan garaipenak nola ihes egin zion ikusi zuen talde baten mendeku gosea ikustea espero dut. Ez dago aukera askorik; ezin dugu huts egin», adierazi zuen atzo Bielsak.

Carlos Gurpegi eta Jon Aurtenetxe izango dira berritasunak hamaikakoan. Gurpegi Borja Ekizaren lekuan ariko da. Ezker hegalean, berriz, Aurtenetxe ariko da Iñigo Perezen ordez, azken hori ez baita osatu. Bestalde, aste osoan entrenatu ez den arren, Iker Muniain prest dago jokatzeko. Athleticek haren beharra dauka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.