Hobetu eta ikasi

Athleticek hirugarren partida irabazi nahi du jarraian San Mamesen, atzeko postuetatik pixka bat urruntzeko

haritz gallastegi
2008ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Etxetik kanpo irabazi ezin denean, finalen garrantzia izaten dute zaleen aurrean jokatzen diren norgehiagokek. Athleticek denboraldiko hirugarren finala jokatuko du zaleen aurrean. Osasunari eta Numantziari irabazi egin zien. Aurkari zuzenen aurka lortutako garaipen garrantzitsuak izan ziren. Sporting, bost puntu gehiago izan arren, talde berean sar daiteke, luzaroan Bigarren Mailan egon ondoren mailari eustea baita Manolo Preciadok zuzentzen duen taldearen helburu nagusia.

Athleticen helburua ere Lehen Mailan jarraitzea da. Sportingek eta beste hainbat klub garrantzitsuk ezagutu duten infernua ez ezagutzea, alegia. Horretarako, derrigorrean irabazi behar dio talde asturiarrari (Espainia). Zulotik irteteko bide bakarra puntuak lortzea da. Eta Athleticek zaleen aurrean izaten du puntuak lortzeko aukera onena. Katedrala bete egingo da, Athleticeko jarraitzaileek ez dutelako huts egiten. San Mames gainezka egongo delako geratu dira Bilbora etorri ezinik hamabostero etxetik kanpo taldeari jarraitzen dioten milaka Sporting zale. Ikusmin ikaragarria piztu du partida honek Gijonen, baina talde zuri-gorriak ezin izan dio gaurko aurkariak egindako eskariari aurre egin. San Mamesen 2.000 sarrera eskas ipintzen dituzte salgai partida bakoitzean. Aurkariak bikoitza ere hartuko luke.

Athleticek puntuak behar ditu aurrera egin eta Sportingen maila berera ailegatzeko. Baina zuri-gorriek bestelako gauzetarako ere balia dezakete gaurko partida, Sporting eredugarria baita gauza askotan. Besteak beste, zelaian erakusten dituen jarreran eta jokoan. «Oso talde arriskutsua da. Oso ondo daki zer egin behar duen», adierazi zuen Orbaizek Sportingen gainean galdetu ziotenean. Preciadoren taldeak jakin badaki zeintzuk diren bere bertute eta akatsak, badaki zein den arrakastarako bidea eta zer gerta daitekeen bide horretatik irteten bada. Horregatik, jipoi handiak hartu zituenean ere ez zuen jokatzeko era aldatu. Aurkari guztien kontra irabaztera zelairatzen da taldea. Bigarren Mailan arrakasta ekarri zion filosofia berberarekin jokatzen du. Joko alaia eta erasokorra egiten du Sportingek. Hegaletan aritzen diren futbolarien azkartasuna oinarri hartuta, bikain jokatzen du kontrarasoan. Aurrean, berriz, Bilic eta Barral aritzen dira. Txukun ari dira ate aurrean.

Denboraldion jokatu dituen hamalau partidetatik bat ere ez du berdindu Preciadoren taldeak. Sei irabazi ditu eta zortzi galdu. Irabazi dituenetatik lau etxetik kanpo izan dira. Kontraerasoan eta presio barik eraginkorra dela erakutsi du. Baina gabeziak ere baditu. Aurrera egitean duen eraginkortasunaren parekoak dira defentsan izaten dituen zuloak. Gol asko sartzen dizkiote. Hori baliatzen ahalegindu behar du Athleticek. Baina, era berean, ez luke ezer galduko aurrean izango duen taldearen eredurari jarraituko balio. Taldeak dituen armak aprobetxatzen ahaleginduko balitz, hain zuzen ere. Lan hori egiteko arduraduna entrenatzailea da. Caparrosek lortu behar du zuzentzen dituen jokalariek barruan daukaten onena ematea. Gaur egun, ordea, ez da erraza jakiten zer egin gura duen. Futbolari askok ere ez dakite. Ez galtzea da helburu bakarra. Baina horretarako bide jakin bat hartu barik. Eta horrela gaitza da aurrera egitea.

Velez hasieratik ariko da

Gaurko partidarako aldaketa bi egingo ditu hamaikakoan entrenatzaile zuri-gorriak. Atzealdean Mikel Balenziagak hartuko du Koikiliren lekua. Gipuzkoarra gaixo egon da, baina prest dago taldera bueltatzeko. Zelai erdian, berriz, Susaeta sartuko da. Yestek jokatuko du Orbaizen lekuan,hura zigortua baitago, eta eibartarrak Yesteren lekuan. Beraz, basauritarra arduratuko da taldearen erasoko jokoa antolatzeaz. Haren aurretik, joko zuzena gustuko duten hiru futbolari ariko dira: Susaeta eskuinetik, eta Velez eta Llorente aurrean. Errioxarra da talde zuri-gorriaren erreferentzia nagusia. Nafarra, berriz, bere indarra baliatuz hegalak eta bere taldekideek utzitako paseak aprobetxatzeko arduraduna. Orain arte oso lan ona egin du. Azken metroetan eraginkorragoa izatea falta zaio.

Bestalde, Joseba Garmendiak ezin izango du jokatu. Aste barruan arazo fisikoak izan ditu eta ez da osatu. Ander Iturraspe, berriz, lehen taldearen deialdian dago, aspaldiko partez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.