Hasi eta bukatu, biak bat. Saunier Duval taldeari itzalik egingo dion talderik ez da agertu oraingoz Pro-Tour Ligan, eta Pro-Tour Ligatik kanpo dagoen proba batean, zaila da bakarren bat agertzea. Matxinen taldea iritsiezin ari da denboraldia hasi zenetik, eta hamaikagarren erakustaldia eman zuen Euskal Bizikletako lehen etapan. Nahi adina datu eman daitezke egoera hori azaltzeko. Saunier Duvalek bost lagun sartu zituen hamaika onenen artean Tolosan. Santa Ageda tentean gora nahierara kontrolatu zuen lasterketa, eta gainetik ihes eginda pasatu zen hirukotik bi Saunier taldekoak ziren. Alberto Fernandez de la Puebla zen bata, eta Angel Gomez-Marchante bestea. Etapa irabazteko lagun bat, eta itzulia irabazteko bestea.
Bi lagun aurrean, eta beste hiru onenen tropelean, zaintza lanerako. David de la Fuente, Javier Mejias eta Jesus del Nero. Santa Ageda hasi baino lehenago ere berea egin zuen Saunier Duvalek, eguneko ihesaldia harrapatzeko. Laburbilduz, talde aparta, txirrindulari apartak, plangintza aparta eta, ondorioz, emaitza aparta. Etapa garaipena Fernandez de la Pueblarekin, eta itzulia esku-eskura Gomez-Marchanterekin.
Euskal Bizikletako lehen etapak Kontinental-Profesional mailako taldeek duten grina utzi zuen agerian. 40. kilometroan bi txirrindulari euskaldunek egin zuten hanka: Xabat Otxotorena hernaniarrak (Orbea-Oreka) eta Jon Bru beratarrak (Euskaltel-Euskadi). Zortzi minutuko aldea lortu zuten azkar, egurrean joan zirelako. Litekeena da bikoak baimenik ez zietela emango pentsatzea, eta atzera begiratzeko astirik gabe dena ematea erasoa jo zutenean. Tropelak, ordea, bidea egiten utzi zien.
Orain bi urteko ihesaldi handiarekin gogoratu ziren asko. Euskal Bizikleta lehen egunean erabakita geratzeko arriskua zegoen, orain bi urte gertatu bezala. Itziarko gainean zortzi minutuko aldeari eusten zioten Bruk eta Otxotorenak. Baina ordurako tropela lerrotzen hasia zegoen, talderen bat lanean hasi zela seinale. Zumaiara bidean talde bat ez, lauzpabost hasi ziren lanean. Saunier Duval, Pro-Tour Ligako bakarra, eta Kontinental-Profesional mailakoak besteak: Acqua&Sappone, Karpin-Galizia, Fuerteventura-Kanaria eta Andaluzia. Maila horretako talde apalek aukera gutxi dute aberatsen ligako taldeekin buruz buru aritzeko, eta ez zioten Euskal Bizikletako garaipenari muzin egin lehen etapan.
Aurreko bikoaren aldea jaisten hasi zen, eta 30 kilometro pasatxoan, tropelaren atzaparretan jausi ziren. Zarauztik Azpeitiraino doan bidea gogaikarri samarra da larri samar doanarentzat, eta egoki-egokia indartsu dagoen tropelarentzat. Aldapa txikiari beste aldapa, eta errepide zabalak. Otxotorenak eta Bruk bazekiten harrapatu egingo zituztela, baina kementsu jarraitu zuten borrokan Nuarberaino, Santa Ageda aldapa hasieraraino.
ZALAPARTA SANTA AGEDAN. Aldapa bistaratu eta zalaparta hasi zen. Branislau Samoilauk, Acqua&Sapponeko bielorrusiarrak, indartsu ekin zion, baina haren sua Saunier taldeak tropelean jarritako erritmoaren araberakoa izan zen. Alberto Fernandezek jo zuen aurrena, eta aurreko denak harrapatu. Karpin-Galiziako Eladio Jimenezek bakarrik eutsi zion Saunierrekoari, eta aurrera egin zuten.
Saunierrek ezin hobeto bete zuen bere lehen helburua: etapa irabazteko jokoan sartzea. Baina ez zegoen konforme. Itzulia bera ere nahi zuen, eta taldeko buruak, Gomez-Marchantek, jo zuen erasoa, Beizama herrira iritsi aurretik. Erraz egin zuen bat Fernandez de la Puebla taldekidearekin eta Jimenezekin, baina Marchantek espero ez zuen kidea sumatu zuen bere gurpilean: Oscar Sevilla. Saunier Duvaleko bikoak erritmo bizia jarri zuen aldapako azken bi kilometroetan, baina ez zuten Sevilla askatu (Jimenez bai).
Saunier Duvalek esku-eskura ikusi zituen bi helburuak. Fernandez de la Pueblarena zen garaipena, Sevillak ez ziolako Marchanteri hanka egiten uzten. Bidania jaisten egin zuen martxa Fernandez gazteak, eta eroso lortu zuen etapa garaipena Tolosan. Sei segundora iritsi ziren Marchante, Sevilla eta Eladio Jimenez, eta 39 segundora onenen tropela. Itzulia lau lagun horien arteko dema da, ondo bidean. Marchante da faboritoa, laukoteko igotzaile onena bera delako, eta ezusteko handirik gertatzen ez bada, erlojupekoetan ere bai. Sevilla eta Eladio Jimenez Marchante zigortzen saiatuko dira, halere.
Beste taldeek lan zaila dute oso. Saunierri aginte makila kentzeko, indar erakustaldia egin behar da ia-ia. Saunierrek 20 garaipen lortu ditu dagoeneko, 11 txirrindularirekin. Gaurko etapak bi sektore ditu, eta goizekoa esprintean erabakiko da normalean, Abadiñon. Arratsaldean 20,5 kilometroko erlojupekoa jokatuko da.
SaILKaPenaK
LEHEN ETAPA ETA NAGUSIA
1. A. F. de la Puebla (Saunier) 4.21.18
2. J. A. G. Marchante (Saunier Duval) 6ra
3. Oscar Sevilla (Relax-Gam) d. b.
4. Eladio Jimenez (Karpin Galizia) d. b.
5. David de la Fuente (Saunier Duval) 34ra
6. Javier Cherro (Fuerteventura) 39ra
7. G. Palumbo (Acqua&Sapone) d. b.
8. Paolo Bossoni (Lampre Fondital) d. b.
9. Alexander Efimkin (Barloworld) d. b.
10. Javier Mejias (Saunier Duval) d. b.
11. Jesus Del Nero (Saunier) d. b.
12. Matteo Carrara (Unibet. com) d. b.
13. Patxi Vila (Lampre) d. b.
14. Samuel Sanchez (Eusk.-Euskadi) d. b.
15. Luis Perez (Andaluzia) d. b.
16. Iker Flores (Fuerteventura) d. b.
17. Vasil Kirienka (Tinkoff) d. b.
18. Ruben Plaza (Caisse d'Epargne) d. b.
19. C. Zaballa (Caisse d'Epargne) d. b.
20. Manuel Calvente (Agritubel)d. b.
21. Giampaolo Caruso (Lampre) d. b.
Hogei hamaikarekin
Euskal Bizikletako lehen etapa irabazi du Saunierrek, Alberto Fernandezekin, eta Marchante ere buruan da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu