1 Formulan Ferrari autogile ezagunena den bezala, motoziklismoan Hondari dagokio berezitasun hori. Baina, 2007tik, MotoGP mailan 800 cc-ko motoekin korritzen denetik, Japoniako taldeak ez du txapelketarik irabazi. Motorik onenetarikoa izan du beti, baina garaipenak eskuen artetik ihes egin dio behin eta berriz. 2012tik aurrera 1.000 cc-ko motorrak erabiliko dira txapelketan, eta aurten du azken urtea Hondak 800 cc-ko motor batekin txapeldun izateko.
Inoiz baino aukera hobeagoa duela dirudi, gainera. Japoniako taldea denboraldi-aurreko erregea izan da. Dani Pedrosa eta, batez ere, Casey Stoner jaun eta jabe izan dira entrenamendu guztietan; eta emaitza hoberenak aise lortu dituzte. Australiarrak Ducati utzi eta Honda gainean jartzea erabaki du aurten, eta oso errendimendu ona ematen ari da. Kataluniarrak, berriz, hobeto ezagutzen du RC212V-a, eta aurreko urteko bigarren postua hobetzen saiatuko da. Azken lau urteetan lehen postutik gertu izan da, eta, Hondaren nagusitasunaz baliatuta, behin betiko urratsa egin nahi du. Etzi hasiko den Munduko Motoziklismo Txapelketarako hautagai nagusiak dira biak. Qatarren, Losailko zirkuituko fokuen argi artifizialpean, ekingo diote aurtengo denboraldiari.
Hain izan da argia Hondakoen nagusitasuna, beste taldeetako langileak txunditurik geratu dira. «Nola demontre dira hain azkarrak?», izan da boxetan gehien errepikatu den galdera. Ikerketen arabera, abiadura aldagailuan datza gakoa. Zeroshift enpresarekin elkarlanean, seamless edo geldierarik gabeko aldaketa sistema egokitu dute japoniarrek. Praktikan, abiadura aldaketetan ez dago ia loka-punturik, gutxienera murriztu dute. Milaren preziatuak irabazten dituzte horrela pilotuek. Halere, Hondak ez du baieztatu nahi izan abiadura aldagailu berria erabiltzen dutenik.
Hondaren errendimenduak egungo txapeldunaren dirdira zertxobait itzali du. Ez dabil bere onenean Jorge Lorenzo, eta bere Yamaha YZR-M1 aurreko postuetatik urruti samar ibili da entrenamenduetan. Ez da denboraldi hasierara sasoi betean iristeko zailtasunak izan dituen lehen aldia, baina faborito nagusietakoa izaten dirau.
Eta Rossi? Italiarra ez da fin aritu entrenamenduetan. Batetik, ez da guztiz osatu besaburuko ebakuntzatik, eta, bestetik, ez da ongi egokitu bere Ducati D1berrira. Yamahan zazpi urte eman ondoren, ia zerotik hasi da bere herrialdeko taldearekin. Dena den, egoera iraultzeko gai den norbait badago, hura Rossi da. Kontuan izan behar da, gainera, doktorea ez dela taldeetara egokitu ohi den pilotua. Oro har, taldea egokitzen da italiarraren mesedetan. Goiko postuetan egon nahi badu, baina, azkar hezi beharko du bere pizti gorria.
Titulurako dagoen laukotearen gerizpean, beste laukote bat ageri da. Andrea Dovizioso, Ben Spies, Marco Simoncelli eta Loris Capirossi zeresana emateko prest daude. Zerbait falta zaie gorenera iristeko, baina gai dira ezusteko bat baino gehiago emateko.
Japoniako Sari Nagusia, urrian
Aldaketak bakarrak ez dira pilotu eta motoetan etorri. Japoniako lurrikarak eta ondorengo alerta nuklearrak, egutegia aldatuko du. Apirilaren 24an korritzekoa zen Japoniako Sari Nagusia bertan behera geratu da, lurrikarak Motegiko zirkuituan hainbat kalte eragin dituelako. Hala, lasterketa urriaren 2ra atzeratu dute. Ez da Japoniako Sari Nagusia atzeratzen den lehenbiziko aldia, iaz ere hala gertatu baitzen. Orduan, Islandiako Eyjafjallajokull sumendiaren erupzioak eragin zuen aldaketa.
MotoGParen itzalpean geratzen dira gainontzeko mailak. Moto2an, ikuskizuna izango da beste behin. Maila zeharo berdindua da: Julian Simon, Stefan Bradl, Scott Redding, Marc Marquez, Thomas Luthi… hamaika izen helburu berarekin. Gauza bakarra dago argi, lasterketa guztiak lehiatuak izango direla zaleen zoramenerako.
Hondaren azkeneko aukera
Etzi hasiko da 2011ko Munduko Motoziklismo Txapelketa, Qatarren, arratsaldez, fokuen argi artifizialpeanDenboraldi-aurrean oso itxura ona eman du Hondak, eta beste taldeen aurretik da egun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu