Arrauna

Hondarribiak lidergoa lau puntura du lau jardunaldiren faltan

Etxean nagusi izan da Ama Guadalupekoa, sei urte irabazi gabe igaro ostean. Estropada biribila egin du. Orio izan da bigarren.

'Ama Guadalupekoa', gaur, Hondarribiako hondartzaren parean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2021eko abuztuaren 22a
15:04
Entzun

Estutzen ari da Eusko Label Ligako sailkapenaren goialdea. Hondarribiak bi puntu jan zizkion atzo Santurtziri Ondarroan (Bizkaia), eta beste bi gaur etxean, Hondarribian (Gipuzkoa). Nagusitasunez gailendu da Ama Guadalupekoa; zortzi segundo atera dizkio Orio bigarren sailkatuari. Etxeko estropada irabazi gabe sei urte zeramatzaten berdeek, 2015etik.

Hutsik gabeko estropada egin dute. Lehen luzetik menderatu dituzte ohorezko txandako aurkariak, eta etengabe handitu dute ontzien arteko errentak. Lehen ziabogan hiru segundoren errenta zuten Santurtzirekiko; bigarrenean sei segundorena; hirugarrenean hamarrena; eta amaieran hamahiru segundorena.

Gainera, bien artean sartu da Orio, bigarren txandako irabazlea, eta, horri esker, sailkapen nagusiko tartea are eta gehiago murriztu dute etxekoek. Oriotarrek puntu bakarrera dute ohorezko txanda: 140 puntu dituzte, eta 141 ditu atzoko irabazleak, Zierbenak.

Behealdean, berriz, gauzak erabaki samartuak daudela dirudi. Gaur ere azken postuan sailkatu da Zarautz, eta jada ez du ia aukerarik Tirani azken-aurreko postua kentzeko.

Arraun Lagunak, Kontxarako prest

Eusko Label Ligako estropadaren aurretik, Euskotren ligako lau ontziek estropada ez-puntuagarria jokatu dute gaur, Kontxako Banderarako sasoia ez galtzeko xedez. Emaitza, ligako berbera: Arraun Lagunak izan da garaile.

Dena den, oso berdindua izan da liga aurten, eta Kontxa irabazteko hautagaiak ere bat baino gehiago dira. Gaurko estropada aldaketak eta probak egiteko ere baliatu dute entrenatzaileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.