Frantziako Tourra

Hondarrik ere ez da uzten ari

Pogacarrek ginga jarri dio egiten ari den Tour ikusgarriari, Luz Ardidenen irabazita. Guztiz erabakita utzi du sailkapen nagusia. Bilbao bederatzigarren jarri da, Uranek izan duen txakalaldiari esker

Hondarrik ere ez da uzten ari.
enaut agirrebengoa
2021eko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Maillot horia ia berea zuen, eta zakuan bi etapa garaipen ere bazituen. Aseezina da, ordea, Tadej Pogacar (UAE), eta atzo besoak altxatu zituen berriro, Luz Ardideneko helmugan. Hamar urte ziren Frantziako lasterketa ez zela Euskal Herriko ziklismoaren iruditerian balio berezia duen mendate horretatik igarotzen. Samuel Sanchezek irabazi zuen han azkenekoz, Euskaltel-Euskadiren elastikoarekin, eta atzo izar esloveniarrak hartu zion lekukoa. Gozatu handia ari da hartzen aurtengo Tourrean, haren pareko aurkaririk ezean. Atzo, jolas egin zuen berriro Jonas Vingegaardekin (Jumbo Visma) eta Richard Carapazekin (Ineos). Bezperan Porteten egin bezala, erritmo aldaketa bortitz batekin menderatu zituen, amaieran. Hirugarren etapa garaipena lortzeaz gain, erabakita utzi zuen guztiz maillot horiaren lehia, eta, bidenabar, mendiko maillota kendu zion Wout Poelsi (Bahrain).

Herbehereetarraren taldekidea da Pello Bilbao, eta gernikarrak askoz ere aho zapore gozoagoarekin finitu zuen etapa. Izan ere, postu bat egin zuen gora sailkapenean, eta bederatzigarren jarri, Rigoberto Uranek (Education) sekulako ahulaldia izan eta gero. Hasi, bekoki ilunarekin hasi zuten eguna Bahraineko ziklistek, gauez Frantziako Poliziak miaketa egin baitzien hotelean. Taldeak araudia betetzen duela azpimarratu zuen; ez zituzten jakinarazi miaketaren arrazoiak.

Behin etapa abiatuta, Bahrainek Matej Mohoric bidali zuen aurrera, ihesean bere aukerak jorra zitzan. Tourmaletera lasterketa buruan iritsi zen, Julian Alaphilipperekin batera (Deceuninck). Minutu bateko errenta baino ez zuten igoera mitikoaren magalean. Nahiko garbi zegoen etapa oilarren artean jokatuko zela. Edonola ere, ziklista ugari saiatu ziren esperotako gidoia apurtzen; adibidez, Omar Fraile eta Ion Izagirre (Astana), baita David Gaudu (Groupama) eta Pierre Roger Latour ere (Total Energies). Frantziarrak iritsi ziren buruan mendate gainera; gertu zegoen Fraile, baita tropela ere, 55 segundo eskasera. Ineosek gidatutako multzoan jada ez zen Uran ageri. Kolonbiarra makal aritu zen bezperan, eta erabat hondoratu zen atzo. Laugarren ekin zion etapari; bada, ia bederatzi minutu galdu, eta hamargarren posturaino egin zuen atzera.

Gaudu bakarrik gelditu zen jaitsieran, bihurguneetan arriskatuz, eta hura iritsi zen aurrena Luz Ardidenera. Ez zihoan inora, hamabost segundo eskaseko errenta baitzuen. Nolanahi ere, tropelak ez zuen berehalakoan harrapatu. Ineosek trostan zeraman multzo nagusia, Dylan Van Baarleren erritmoan. Geroago Michal Kwiatkowskik hartu zuen lema, eta orduan bai, Gaudurenak egin zuen, 9,5 kilometroren faltan. Halere, txirrindulari askok jarraitzen zuten tropelean. Tao Geogheganek ere ez zuen zuhaitza askorik astindu. Gauzak 5,4 kilometroren faltan aldatu ziren, Rafal Majka (UAE) tiraka hasi zenean. Estutu egin zuen, Pogacarren erasoa bideratzeko.

Helmugatik hiru kilometrora aldatu zuen liderrak erritmoa lehen aldiz. Alpeetan, aski zuen eraso bat aurkariak menderatzeko. Pirinioetan, berriz, gutxienez erantzuteko gauza izan dira aurkariak. Jonathan Castroviejok (Ineos) esloveniarraren gurpilean sartzen lagundu zion Carapazi, eta Vingegaardek, Enric Masek (Movistar) eta Sepp Kussek ere tinko eutsi zioten.

Eskura jarri diote garaipena

Jumbok ez zituen kartak behar bezala erabili. Bi txirrindulari edukita, eta Pogacarren errematerako gaitasuna aintzat hartuta, hari erasoka hastea zatekeen apusturik zentzuzkoena. Ordea, tiraka jarri zen Kuss, hautagaiak azken kilometrorantz gidatuz. Bertan, aurkariak ezustean harrapatzen saiatu zen Mas, baina Pogacar ez zegoen oparirik egiteko. 700 metro falta zirela abiatu zen garaipenerantz. Patxadaz sartu zen helmugan, maillot horia soinean eta ukabila goian. Tour honetan ikusi denaren isla da irudi hori. Iaz horiz jantzita eta hiru etapa patrikaratuta amaitu zuen lasterketa, eta, oraingoz, uzta bera lortuko luke aurten. Azken bi etapa garaipenak elkarren segidan eta lider gisa lortu ditu; Bernard Hinault izan zen halakorik egiten azkena, 1979ko Tourrean.

Maillot berdea irabaztea besterik ez litzaioke faltako Pogacarri. Elastiko horrek beste jabe bat du, ordea: Mark Cavendish (Deceuninck). Denbora mugaren barruan sartzea lortu zuen azken etapa menditsuan, eta, gaur, aukera izan dezake aurtengo bosgarren etapa irabazi eta sekula Tourrean garaipen gehien lortu duen txirrindularia bihurtzeko. Alabaina, izango ote du indarrik Deceuninckek etapa kontrolatzeko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.