Lehen etapa esprintean bukatu zen eta inor gutxi harritu zen Danilo Hondoren garaipenarekin. Atzokoa, dena den, bada harritzeko modukoa, eta ez Hondok 22 kilometroko erlojupekoa irabazi eta errenkadan bigarren garaipena lortu zuelako, espezialista petoak direnak garaitu zituelako baizik. Garaitu, eta eroso, gainera. 21 segundo jan zizkion Hondok Ruben Plaza alacantdarrari, Espainiako Erlojupekoko txirrindulariari, eta 39 segundo diziplinan oso trebea den beste txirrindulari bati: Jose Ivan Gutierrez espainiarrari.
Eguneko gertakizun bitxiena, ordea, Hondok egindako adierazpenak izan ziren. Ez omen du Itzulia irabazteko aukera baztertzen, Collado Bermejoko bukaera oso gogorra dela baldin badaki ere: «Ez naiz igotzailea, baina sasoiz ondo nago eta, saiatuko naiz».Agian beste ezustekoren bat emango du Hondok, baina Plazak eta Gutierrezek aukera gehiago dute Itzulia irabazteko, orain arte ikusitakoaren arabera, Hondo baino hobeto moldatzen direlako igoeretan. Hirugarrena lor dezake gaur Hondok.
TXIRRINDULARITZA
Hondok Murtziako erlojupekoa ere irabazi du, eta Itzulia irabazteko itxaropena dauka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu