Golak: 0-1: Agirretxek(35. min.).0-2: Agirretxek (65. min.). 1-2: De las Cuevasek penaltiz (68. min.). Epailea: Paradas Romero. Txartel horiak: Sportingeko De las Cuevasi eta Barrali; eta Realeko Aranbururi. Txartel gorriak: Realeko Carlos Martinezi (66. min.) eta Lorari (90. min.). Azken horrek bi txartel hori ikusi ondoren. Bestelakoak: 18.000 ikusle inguru Molinonen, Espainiako Lehen Mailako 2011-2012 denboraldiko lehen partidan. Irratiei ez zieten utsi sartzen, hauek ez zutelako ordaindu nahi izan LFPk ezarritako kanona.
Txuri-urdin eta Molinonen arteko maite harremanak ez du etenik. Zamoraren gol ahaztezinarekin hasi zen guztia eta atzo eskua eman zioten elkarri beste behin. Garaipenak beti du zapore goxoa. Are gehiago, lehen jardunaldian eta etxetik urrun lortzen bada. Galdetu bestela Imanol Agirretxeri. Bi gol sartuta, bere burua aurkeztu zuen Sportingeko bezeroen aurrean eta bide batez, Montanierri apustua irabazten lagundu. Ez zaizkio arrotzak egingo bizipenok usurbildarrari, lehenago ere, ezagutu zuelako antzeko zerbait. Igoera denboraldian izan zen, sasoi hasieran. Lau gol sartuta lehen jardunaldietan, Realak urtetarako aurrelaria izan bazuela zabaldu zen lau haizetara. Gaur bezala, argazki nagusiak bereganatu zituen. Eta gerora zer? jarraipenik ez. Hor dago koska. Aukerarik eman ezean nekez baliatu daitezkeela. Ikusiko dugu Agirretxe izeneko filmaren bigarren zatiak zer nolako gidoia duen.
Kosta egin zitzaien bi taldeei neurria hartzea, batez ere, kanpotarrei. Sportingek etxean ongi baino hobeto daki zertara jokatzen duen eta bere mugak zeintzuk diren. Defentsa lan trinkoan oinarritzen dira. Hasiera urduria komeni zitzaien, estrategia bidez edo jokaldi bereizi bati esker min egiteko. Baita lortu ere, 4. minutuan Botia atzelaria Bravoren atea zulatzear izan baitzen ezkerraldetik ateratako kornerra lehen zutoinean errematatu ostean. Txiletarraren erantzuna, bikaina. Velaren jaurtiketa batekin erakutsi zizkion hortzak aurrenekoz Realak, handik minutu eskasera.
Illarramendi, bikain
Denboraren poderioz, gipuzkoarrak entrenatzailearen asmoak azaleratzen hasi ziren. 4-3-3 joko-sistemaren baitan, baloia erabiliz, zehaztasunik gabe, lotsati, Sportingen hasiera bizia baretzeko balio izan zuen sikiera. Ez zen gutxi izan. Bere joko eremuan sartu baitzuen. Hala, 33. minutuan, Agirretxek lehen kolpean eman zien Preciado eta berei. Jokaldia behin baino gehiagotan ikusteko modukoa da. Ukitu eta ukitu, Illarramendik, txapela kentzeko partida mutrikuarrak jokatu zuena, Prietori eman, areatik gertu, erabakigarria den esparruan, honek defentsak erakarri Carlos Martinezen laguntza itxaron bitartean, harekin jokatu ondoko marraraino eta lodosarraren erdiraketari usurbildarrak zentzua aitortu. Penalti puntutik burukada. Zango geldian. Zehatza, zutoin ondoan ipiniz. 0-1.
Lehen goletik bigarrenera, ordu erdiko saltoa dagoen arren, aparteko ezer gertatu ez, Montanierrenek egin beharrekoa egin zutelako. Neurketa izoztu, moteldu. Sporting argudiorik gabe utzi. Horretan zirela heldu zen Agirretxeren arratsaldeko beste burukada dotorea. De la Bellaren erdiraketa area barrura ezker saihetsetik, Prietok jokaldia luzatu bigarren zutoinera eta goleatzaileak, goxo-goxo, urduritu gabe, baloia gurutzatu Juan Pabloren atezainaren irteera ezerezean utziz. Istorioaren amaiera behar zukeena korapilo bilakatu zen ordea minutu baten buelta. Ohitura txarrak. Preciadorenak bakarrik kapaz ez eta Realak lagundu zion geldikako jokaldi batean. Eskuinaldetik, areatik urrun atera De las Cuevasek falta, inork urrundu ez eta bigarren zutoinean Botiari penaltia Carlos Martinezek. Defentsa ekintza makala. Markaz libre zegoela ikusita, bakarrik eta jaurtitzeko moduan, atzetik heldu, falta eta txartel gorria. Erabaki zorrotza? Etxeko jokalariak laztan egitea nahiko zuela lurrera joateko? Baliteke. Dena den, Paradas Romero epaileak ez du aurrez kontaturikoaren kulpa. Lana eta lana Zubietan, ez dago beste errezetarik. De las Cuevasek ez zuen barkatu. 1-2. Rivera, Trejo eta Sangoy zelairatu zituen Manolo Preciadok orduan. Bolbora guztia, markagailua orekatzeko asmoz. Gogoa jarri zuten bai asturiarrek, kornerrak atera bata bestearen atzetik, areara inguratu, baina hortik aurrera ezer gutxi. Argitasuna, sormena eta errematea falta izan zitzaien neurketa osoan zehar. Botiaren aukera eta penaltiaz aparte, herdoilduta aritu ziren erasoan. Eta hori noski, Realak egindakori esker. Hurrengo aurkaria Bartzelona Anoetan. Bi aste geratzen dira, bi aste lasai. Ez dago hasiera hoberik.
1. SPORTING. 2. REALA
Hor zegoen lehen ere
Agirretxek buruz sartutako bi gol zoragarriri esker eskuratu ditu sasoiko lehen hiru puntuak Realak, MolinonenOrdu erdi luzez bat gutxiagorekin jokatu arren, asko sufritu gabe eutsi dio emaitzari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu