Hordago handira

Txapeldunen Liga jokatzeko aukera ematen duen laugarren postura gerturatzen saiatuko dira gaur Athletic eta EspanyolDenboraldion Athletic mendean hartu duen apurrenetakoa da Pochettinoren taldea

haritz gallastegi
Bilbo
2012ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
«Datorren asteartean, finalerdia jokatuko dugu, baina Espanyolen kontrakoa finala da. Ligako neurketa guztiak finalak balira bezala hartu behar ditugu. Postu onean gaude, eta indartsu hasi dugu bigarren itzulia». Hala adierazi du Javi Martinezek. Nola diren gauzak. Talde guztiak gauzak ondo egin eta sailkapenaren goiko postuetan egoteko lanean aritzen dira. Bada, Athleticen, poza eta, era berean, kezka sortzen du arrakastak. Izan ere, denboraldiaren erdia baino gehiago jokatuta, hiru lehiaketetan jarraitzen dute.

Espainiako Kopan, final handitik pauso bakar batera daude lehoiak. Beraz, egun helburu nagusia dela esan daiteke. Baina beste bi txapelketek ere badaukate xarma. Europako Ligan, otsailean hasiko dira kanporaketa interesgarrienak. Athleticek Lokomotiven aurka jokatu beharko du, eta, gaindituz gero, Manchester United edo Ajax egongo da zain. Amsterdam Arenan jokatzeko aukera edonorentzat da erakargarria. Eta zer esanik ez Old Trafforden jokatzeko aukera izatea. Hortaz, normala da Athletic Europan lehiatzeko irrikan egotea.

Hirugarrenez, liga dago. Eta ligan ere onenen artean egoteko borrokan murgilduta daude Bielsarenak. Asko da-eta jokoan dagoena. Laugarren postua dute begiz joa bilbotarrek. Orain arte Levantek abantaila erosoa izan du, baina apurka-apurka indarra galtzen hasi da Barkeroren eta Del Hornoren taldea. Hortaz, atzetik gerturatzen ari diren taldeek aukera baliatu nahi dute. Athletic da talde horietako bat. Baina ez da bakarra. Cholo Simeoneren Atletico Madril indarberrituak, Malaga aberatsak nahiz Sevillak, sasoi goraberatsua egiten ari den taldeak, laugarren postu hori eskuratu nahi dute. Baina talde gehiago daude tartean. Getafek eta Espanyolek ere ez dute baztertzen ligako sei onenen artean egotea, eta ustez indartsuagoak diren taldeek huts egiten badute, sari nagusia baliatzen ahaleginduko dira.

Beraz, gaur aurkari zuzen baten kontra lehiatuko da Athletic. Espanyolek bisitatuko du Katedrala. Denboraldion zuri-gorriak mendean hartzeko gai izan den apurrenetakoa da Bartzelonako taldea. Lehen itzuliko porrotak min eman zien jokalariei, eta sasoi hasieratik «arantza» barruraino sartuta daukate. Baina ez luke horrenbesterako izan behar. Mauricio Pochettinok gidatzen duen taldea lan bikaina egiten ari da. Eta jada ez da kasualitatea.

Teknikari argentinarrak taldea hartu zuenean, maila galtzear zegoen Espanyol. Miraria egin, eta onenen artean lehiatzen jarraitzea lortu zuen duela sasoi bi. Salbazioarekin nahikoa ez, eta joan den denboraldian onenen artean mantendu zuen Espanyol ia denboraldi osoan. Eta sasoi honetan duela bi denboraldi hasitako bidea biribiltzeko aukera daukatela dirudi. Futbolari onentsuenak saltzera behartuta egon arren, bosgarrena dago. Athleticek baino puntu bi gehiago ditu egun.

Espanyol, «talde orekatua»

Harrobiko eta lehen taldeko teknikariak behar bikaina egiten ari direla erakusten du horrek. «Espanyol lan ona egiten ari da. Jokalariei onena ateratzeko gai den goi mailako teknikaria da Pochettino», adierazi du asteon Aiegiko erdilariak. Txapeldunen Ligarako txartela ematen duten puntuekin dagoen talde batek dohain dezente izan behar ditu. Baina Espanyolen bat nabarmentzen da. «Talde orekatua da, baina, batez ere, defentsan ari da nabarmentzen. Elkarrekin luzaroan jokatzen ari diren futbolari gazteek osatutako taldea da, eta gaitza da eurei gola sartzea».

Bartzelonaren eta Real Madrilen atzetik gol gutxien jaso duen taldea da Espanyol. Bestalde, erasoko jokoan eraginkorragoa izateko, neguko merkatuan arrantzan ibili da: Kalu Uche fitxatu du, golak sartzeko. Espainiako Liga ondo ezagutzen duen jokalaria da nigeriarra. Goleko paseak emateko, berriz, Philippe Coutinho brasildarraren aldeko apustua egin du. Harribitxi brasildarra Milango Interretik fitxatu dute, utzita. Halaber, Victor Sanchez erdilariak ere Bartzelonara bueltatzea erabaki du. Hiru fitxaketok Espanyolen apustua sendoa dela erakusten dute. Athleticek ez du fitxaketarik egin, baina zuri-gorriek ere ez dute aukera galdu gura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.