Amestutako debuta edukitzetik tanto bakar batera geratu zen atzo Joseba Ezkurdia, Beotibarren, Tolosan. Pascual lagun zuela, 22-21 galdu zuen Idoate eta Merinoren aurka, baina benetan itxura ona eman zuen. Aspaldiko debutik onena ikusi ahal izan zen, eta pilotalekua leporaino beteta zela, izan zen zer gozatua. Denetik eduki zuen norgehiagokak: kalitatea, erritmo bizia, emozioa... Txalo gehien Ezkurdia gazteak jaso zuen; baina ez debutaria zelako, hala merezi izan zuelako baizik. Tanto ikusgarriak egin zituen, aparteko dohainak erakutsi, eta bat baino gehiago aho zabalik utzi zuen bolearekin. Hori da hori bolea!
Ausarta da Arbizukoa. Indartsua. Ez da kikiltzen, eta beldurrik gabe sartzen da airez. Pilotazaleak asko eskertzen du hori, baina hari garesti xamar atera zitzaion. Aurreko koadroetan hamahiru tanto egin zituen, baina hamaika galdu. Asko arriskatzeak hori du. Hark ere halaxe aitortu zuen: «Ikasteko dezente daukat. Akats asko egin ditut, eta horregatik galdu dugu. Badaukat denbora hobetzeko». Defentsa ere landu beharreko arloa du, erasoan hobeto moldatzen baita.
Lehenengo pilotakadatik erakutsi zuen onenekin lehiatzeko gai dela. Idoateren sake bati boleaz erantzun zion seigarren koadrotik, eta tanto egin zuen. Harrigarria. Partidaren lehen zatia orekatua izan zen (11-11), baina gerora Ezkurdia egin zen jaun eta jabe. Hark musika jo zuen, eta aurkariek dantza egin (13-16). Airean ibili zituen Idoate eta Merino, baina horien defentsa bikainaren erruz pilota dezente galdu zituen. Hala, berdintsu heldu ziren amaierara (18-19).
Pilota gosez zegoen Ezkurdia, eta dena hark egin nahi zuen. Bazirudien garaipena poltsikoan zeukala (19-21), baina luzimenduari atea zabaldu nahian, galdu egin zuen. Hori bai, azken sakeari ere boleaz erantzun zion, eta tanto egiteko zorian egon zen. Azkenean, Idoatek dejada batekin amaitu zuen. Halere, pozik zen Ezkurdia aldagelako bidean: «Izugarri kontent nago. Ongi jokatu dut, eta horrekin gelditzen naiz. Hasieran urduri nengoen, baina gero lasaitu egin naiz».
Miguel Capellanen izena behin baino gehiagotan ibili zen pilotazaleen ahotan atzo, hark zeukan boleagatik. Harekin konparatu zuten Ezkurdia, baina Arbizukoak urrutiago jartzen du pilota. Sekula halako boleistarik ez dela izan esatea gehitxo da, baina asko ez ziren ikusiko.
Hori da hori bolea!
Ezkurdiak 22-21 galdu arren, itxura ona eman du debutean; 13 tanto egin ditu aurrean, baina 11 galdu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu