ESPAINIAKO VUELTA

Horia ala urdina? Nozal ala Beltran?

Rasmussen nagusitu zen Cauteretsen; Herasek Galdeano zigortu zuen, baina Beltranek lortu zuen etekin handiena; Nozal da lider, dotore

Andoni Urbistondo.
2003ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Urrea, Vueltako garailea, bi mailloten kontua da: ONCE-Eroskiren horia eta US Postalen urdina. Bi maillot, baina ez bi txirrindulari, lau baizik. Nozal, Igor Galdeano, Beltran eta Heras dira lau horiek. Zerrenda horretan ez daudenek jai dute. Cauterets Le Cam Basqueko ailegaerak argi gutxi eman zion sailkapen nagusiari, aldeak handitu ez baizik estutu egin baitziren. Estutu, sailkapen buruan ziren Nozal eta Galdeano ordokizaleak daudelako eta Beltran eta Heras igotzaileak ONCE-Eroskiko bikotea baino txukunago moldatu zelako Pirinioetako lehen etapan.

Nahikoa izan zen Aubisque mendate pikoa batzuen indarra eta grina ikusteko, baina baita besteen ezina azaleratzeko ere. Monrepos eta Portalet oso etzanak dira, eta ez zen ezer gertatu. Arrakastarik eduki ez zuen ihesaldi bat egin, besterik ez. Aubisquen Cardenasek jo zuen aurrera. Luis Perez abiatu zen gero, eta Beltran geroago. Bete egin zen, hala ere, espainiarra.

Kirol erauntsia hasia zen ordurako, ordea. Eta ez nolanahikoa. Roberto Heras tximista bezain azkar irten zen, eta hura ez zen bete. Arin-arin jo zuen gorantz, Aubisque gaina estaltzen zuten laino itxien bila. Igor Galdeano ere ez zen bete. Arabarrak ez du Herasen erasoari erantzuteko gaitasunik, eta talde lanean babestu zen. Jackshek erritmo ona jarri zion, baina segundoak gora eta gora zihoazen. Nozal ere ez zihoan oso ondo, eta egoera asko larritu zen ONCE-Eroskirentzat, Herasen aldea minututik gorakoa baitzen. US Postalekoak ondoan zituen Luis Perez, Cardenas, Rasmussen, Aitor Osa, Scarponi eta Valverde. Etapa nahi zuten denek, eta txanda ematen laguntza garrantzitsua eman zioten Herasi.

Nozalen txanda iritsi zen orduan. Txakalaldia gainditu eta tropel nagusiaren buruan jarri zen Aubisqueko azken bi kilometroetan. 1.15eko aldea zuen Herasek gainean. Nozal barren-hustu egin zen jaitsiera luzean (30 kilometro) Igor Galdeanoren mesederako, eta Heras eta haren taldea irentsi zituen Arrens herria igaro eta berehala, Aubisqueko (Soulor) jaitsiera bukatzear zegoela.

Rasmussen eta Aitor Osak etapa, Beltranek lidergoa

Hori baino lehenago, azken ahalegina egin zuten Michael Rasmussen danimarkarrak eta Aitor Osa itziartarrak. Herasen arriskua itzalita, lasaitu egin zen tropela, eta bikoteak 1.30ko aldea lortu zuen berriro. Cauteretserako igoera etzana da: %6koa da desnibelik handiena. Plater handian igo ziren ia beti Rasmussen eta Osa, baina euskalduna lehertu egin zen danimarkarraren pedal kolpe azkarrarekin, eta atzean geratu.

Tropelean US Postalek ez zuen etsi. Luis Perez ahalegindu zen berriro, eta Beltran itsatsi zen haren gurpilera. Nozal irten zen atzetik, bere morrontza izaera lehenetsita, baina ez zuen indarra sobran eta pott egin zuen. Azevedok hartu zuen Nozalen lekukoa, baina azkar geratu zen bakarrik Igor Galdeano. Herasek erasoa jo zuen hori bilatzeko, Beltranek alde handiagoa lor zezan.

Rasmussenen borroka ez da sailkapen nagusia, eta igotzaile petoa dela erakutsi zuen. 1.20ko aldearekin hasi zuen Cauterets, eta minutua kendu zion ia helmugan Cardenasi eta Beltrani. 1.29ra iritsi zen Heras, 11 segundo geroago Igor Galdeano. Nozalek 1.47 galdu zuen Beltranekiko, eta, asko sufrituta, urrezko maillotari eutsi zion.

Igor Galdeano eta Heras dira Vuelta irabazteko faborito nagusiak. Baina Nozalek eta Beltranek erabakiko dute hein handi batean garailea. Nozal sasoitsu dagoelako eta morrontzan aritzeko zaildua delako. Beltran oso erregularra delako. US Postalek bi txirrindulari ditu ONCE-Eroski zigortzeko eta hori aintzat hartzeko egoera da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.