Horia da, Caparros, horia

Vila-real sasoi betean dago, eta hari aurre egiteko, Athleticeko entrenatzaileak hiru aldaketa egingo ditu

haritz gallastegi
2007ko irailaren 30a
00:00
Entzun


Vila-real sasoi betean dago, eta hari aurre egiteko, Athleticeko entrenatzaileak hiru aldaketa egingo ditu
HARITZ GALLASTEGI

Bilbo

Joaquin Caparros kezkatuta egongo da. Oso kezkatuta. Talde zuri-gorria Utrerako (Andaluzia, Espainia) entrenatzailearen estiloa hartzen ari da; ahalegintzen ari da, behintzat. Beti legez, oso jarrera ona dauka. Gogo ikaragarria ipintzen du jokaldi guztietan. Norgehiagokako lehen minututik azkenera arte dena ematen du. Hori gutxi balitz bezala, entrenatzaileak eskatzen duen jokabidea dute zenbait jokalarik. Baloia dutenean zein epaileari presioa egiteko orduan oldarkorrak dira oso. Talde astuna ari da bihurtzen aurkariarentzat, ezerosoa. Askorentzat nekagarria eta zikina da zuri-gorri batzuen jarrera. Caparros estiloa da. Sevillan arrakasta eman zion estiloa, hain zuzen ere. Talde biguna gogortzeko zaleek eskatzen zuten jarrera da.

Caparros estiloa ez da nahikoa izan emaitza onak eskuratzeko, ordea. Zerbait gehiago behar du taldeak. Jokoa, alegia. Athleticek gabezia asko baititu. Azken bi denboraldietako gabezia berberekin jarraitzen du. Erasoko joko egokia egiteko duen ezintasunari konponbidea aurkitu ezinda dabil. Zelai erdian dago arazoaren oinarria: euskarrian. Caparros ere konturatu da. Guztira bost futbolari erabili ditu postu horretan. Javi Martinezek jokatu du gehien. «Ondo nago», adierazi zuen erdilari nafar gazteak herenegun. Ez da egia, ordea. Orain arte ez du erakutsi joan den sasoiko indarra. Izan ere, baloia oinetan duenean sekula ez baita dohatsua izan. Halere, gaur hasierako hamaikakoan egongo da. Martinezekin batera Tikok, Murillok, Muñozek eta Orbaizek jokatu dute. Lehenengo bien lana ez da entrenatzailearen gustukoa izan -deialditik kanpo geratu dira-. Muñozek ez zuen lan txarra egin Atletico Madrilen aurka, baina ez ditu konponduko taldeak dituen arazoak. Beraz, Orbaizen alde egingo du. Erabaki normala eta logikoa. Nafarra eta Yeste dira baloia dutenean gauzak argi ikusten dituzten jokalari bakarrak. Eurak zelaian ez badaude, Athleticen jokoak ez du sekreturik. Ez du inor ezustean harrapatuko. Ekimena duenean igartzen dira gabeziak.

Madrigalen ez du jokoaren ekimena izango. Baloia ez duelako izango, besteak beste. Ideiak argi dituen talde bat izango du aurrean: Vila-real. Duela denboraldi bi Europa guztia aho zabalik utzi zuen talde orekatua egin du berriz Manuel Pellegrini entrenatzai-leak. Joko alaia egiten dute Piresek eta enparauek; alaia eta eraginkorra. Rossi, Nihat, Tomasson eta Franco ez daude barkatzeko eta.

Elastiko horiak ere ez du eraginik Vila-realen jokoan. Beraz, Caparros ez da lasai egongo. Atletico Madrilen kontra Muñiz Fernandezek haserrearazi zuen. Epaileak elastiko horia zeraman. Bada, gaur, hamar jokalarik eramango dute elastiko horia. Eta, egiari zor, ez die kalte egiten. Athleticeko entrenatzailea da kolore horia gustuko ez duena. Superstiziosoa da. Beraz, gaur hiru arazo izango ditu: Athleticen jokoa, Vila-realena eta kolore horia. Zelai guztian zehar ikusiko duen kolorea, hain zuzen ere.



AMOREBIETA ETA VELEZ, HASIERATIK. Horri guztiari aurre egiteko, hiru aldaketa egingo ditu Caparrosek hasierako hamaikakoan. Zelai erdian ez ezik, beste bi lerroetan ere nobedadeak egongo dira. Orbaizek ez ezik, Amorebietak eta Velez gazteak ere jokatuko dute. Lehia bateko zigorra bete eta gainkarga bat gainditu ostean bueltatuko da taldera Iurretako atzelaria. Ustaritzen postua hartuko du.

Jon Velezek, berriz, Adurizen ondoan jokatuko du, aurrean. Tafallako jokalariak ondoaprobetxatu ditu entrenatzaileak eman dizkion aukerak. Oraindik ez du golik sartu, baina aukera gehien izan duen aurrelaria da. Beraz, Markel Susaetari atseden eman eta taldeari laguntzeko aukera emango dio Caparrosek. Ez da kikilduko, jokalaria izan gura du eta.

Bestalde, Iban Zubiaurre lehen aldiz dago aukeratuen artean. Marka da Mendaroko jokalariarekin gertatzen ari dena. Athleticek sekulako iskanbila sortu zuen Zubiaurre fitxatzeko, baina entrenatzaileek ez dute gura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.