Horiena da giltza

Maccabik CSKA hartu beharko du menpean Europako saskibaloiaren historian sartu ahal izateko, Maljkovicen Jugoplastikaren ondoan

JON REJADO - PRAGA
BERRIEMAILE BEREZIA
2006ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Une historikoa biziko dute gaur Sazka Arenan bilduko direnek. 20:30etik aurrera, Europako saskibaloiak izan duen talde onenaren marka berdintzeko aukera izango du Maccabik: hirugarren Euroliga jarraian irabaztekoa. Lauko Finala jokatzen denetik, Jugoplastikak baino ez du lortu hori (1989, 1990, 1991), eta, orain gutxi arte, ez zuen ematen inork hori berdintzeko aukerarik izango zuenik. Gaur Tel Aviveko taldeak pauso bakarrera du balentria. Horretarako CSKA hartu beharko du menpean, Europak izan duen beste klub erraldoia.

Lauko Finala hasi aurretik talde guztien artean oreka handia zegoela esan zuten. Finalerdiak jokatu ondoren, ordea, egoera nabarmen aldatu da. Orain Maccabi da gainditu beharreko taldea. Nekez ahaztuko da Tauren aurka emandako erakustaldia. Ostiralean erakutsitako maila mantenduz gero, CSKAk zaila izango du ezer egitea, azken hilabeteetan Euroligako defentsa sendoena egin duen arren.Moskuko taldea zarata handiegirik egin gabe heldu da final handira. Bartzelonaren aurka arazo gehiegi izan zituen, eta baten batek epaileen laguntza txiki bat ere ikusi zuen nonbait. Historiak, ordea, zor handia du CSKArekin. Azken urtetan txapela janzteko meritu gehien egin duen taldea da Messinak entrenatzen duena. Pragakoa da jarraian jokatzen duen laugarren Lauko Finala, eta aurreko hiruretan finalerdietan gelditu da. Are gehiago, 33 urte igaro dira azken finala jokatu zuenetik.

Muturreko defentsa da bide bakarra horiak gelditzeko

Egoera horiek guztiek eta azken urteetan jokalariak fitxatzen utzitako diruak laguntza emango diote CSKAri kantxan. Dena den, hori baino gehiago beharko du talde horiaren sasoi ikusgarria gelditzeko. Tauk berak defentsa txukuna egin zuen finalerdietako lehen txanpan, baina Parker, Vujcic eta gainerakoak geldiezinak izan ziren. Hori dela eta, bestelako bideak bilatu beharko ditu Ettore Messina CSKAko entrenatzaileak.

Maccabik Tauren aurka eman zuen maila ematen badu, hasiera batean CSKAk arazo asko izango ditu. Hori dela eta, aulkian kalitatezko jokalari gehiago duela ikusita, muturreko defentsa egiten saiatuko da hasieratik. Talde horiaren jaurtiketak nola edo hala saihestea izango da helburua. Savrasenkok eta Van den Spliegelek kalitate izugarria ez duten arren, oso garaiak dira. Egoera horretaz baliatuz gero, Parker, Burnstein eta gainerakoen barnekaldiak geldiaraz ditzakete. Erasoan, bitartean, zentzuz jokatzea da giltza. Baskoniak azkarregi galdu zuen burua, Pini Gershoni lana nabarmen erraztuz. Barruan jokalari garrantzitsu gutxi edukidituzten arren, Andersenen lesioa dela eta, CSKAren jokatzeko moduak min egin diezaioke Maccabiri. Lau jokalari kantxan irekita kokatzen dituztenez, Maccabiko Vujcicek eta Bastonek saskipean egiten duten lana hutsean uzteko aukera izan dezakete. Gogoratu behar da Bastonek sei txapel jarri zituela Tauren aurka, Lauko Final batean jarri den kopururik handiena. Smodis ere oso eroso mugitzen da saskitik urrun. Horri esker, hutsune handiak sor ditzake saskipean, eta taldekideei lana erraztu.Dena den, gauza jakina da Maccabik egun ona badu giltza horiek ezer gutxirako balio dutela. Parkerrek Tauren kontra amestezinak diren saskiraketak egin zituen, eskarmentu gehien duen jokalaria bera partidatik ateratzeko modukoak. Hori gutxi balitz, horiz margotutako harmailaren laguntza izango dute. Maccabirena da saskibaloiaren historian sartzeko giltza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.