Athleticek Sanchez Pizjuanen jokatuko du gaur. Aurreko aldiak kontuan hartuta, zale gehienek galdutzat emango dute partida. Urteko lehenengo eguzki printzak aprobetxatuz jarraitzaileek gurago izango dute hondartzara joan edo mendi buelta bat egin taberna zuloan talde zuri-gorriaren partida ikusi baino.
Izan ere, ez dago baikor egoteko arrazoi askorik: Sevilla Espainiako Ligako talderik indartsuenetarikoa da. Talde andaluziarra da parte hartu duen hiru lehiaketa garrantzitsuenetan irabazteko aukera duen bakarra. Espainiako Kopan, Ligan zein UEFA Kopan bizirik dago oraindik. Merezita, gainera. Sekulako jokoa egiten ari da. Juande Ramosek oso entrenatzaile gutxik lortzen dutena lortu du: talentu handiko jokalariek talde lana egitea. Jokalarien berezkoari ondokoaren alde lan egiteko gogoa gehituz gero, erraza da futbolean jokatzea. Gaitza bi gauzak uztartzea izaten da. Bada, Sevillak lortu du. Oso talde orekatua dauka. Erasoan zein defentsan lan ona egiten du. Atzean gaindiezinak dirudite. Gogorrak dira. Ez dute oparirik egiten eta bi atezain on dituen taldea da. Erasoan, berriz, era guztietako alternatibak ditu. Txapelketako hegaleko joko eraginkorrena oinarri hartuta, erraz sortzen ditu aukerak. Hegaleko jokoa ondo amaitzeko, berriz, aurrelari bikainak ditu. Kanoute nabarmendu da gehien, baina Luis Fabiano, Chevanton eta Kerzhakov ere jokalari handiak dira. Eta eurak agertzen ez badira, zelai erdiko jokalariak agertzen dira. Eskarmentua duten jokalarien esperientzia eta futbolari gazteen indarra eta gogoa ditu Sevillak, azken batean.
Gauza horiek guztiak batuta, Sanchez Pizjuan gotorleku bilakatu dute Ramosen jokalariek. Zazpi puntu besterik ez dute galdu. Gozatzen ari dira. Konfiantza ikaragarria dute euren buruan, eta horrela askoz errazagoa da emaitza onak eskuratzea. Denboraldia luzea izan arren, gainerako talde gehienek baino askoz norgehiagoka gehiago jokatu arren -Athleticek baino 21 partida gehiago jokatu ditu-, ez dute nekea nabaritzen. «Gauzak ondo doazenean, emaitzak txarrak direnean egin behar denaren erdiarekin irabazten dira neurketak», adierazi zuen Igor Gabilondok.
Donostiarra izan zen, hain zuzen ere, Sevilla mendean hartzeko giltza eman zuen jokalari bakarra. «Elkarrengandik gertu egon behar dugu. Sevillak oso eroso jokatzen du lekua duenean». Horretarako, ahalik eta zulo gutxien lagatzeko, Manek bost atzelarirekin joka dezake. Athleticeko entrenatzaileak argi dauka Sevillak erasora joko duela lehen minututik. Zaleen laguntzarekin eta aurrean talde ahulagoa dagoela kontuan hartuta, aurrera egingo dute andaluziarrek. Beraz, ezinbestekoa izango da neurketa hasieratik kontzentratuta egotea, akats batek erabat baldintzatu baitezake neurketa. Ezin da Espanyolen aurka gertatu zena errepikatu, partida kontraerasoan jokatzeko antolatu eta kontzentrazio akats baten ondorioz neurketa hasi bezain pronto partida hankaz gora ipintzea. Sevilla ez da Espanyol, eta Sanchez Pizjuan ez da San Mames. Athleticek ez dio partidari buelta emango. Bost atzelarirekin edo laurekin jokatu, berdin izango da.
Joko sistemak ez du eraginik izango hasierako hamaikakoan. Manek buruan dituen jokalariekin bi eratara joka dezake. Hasiera batean, zalantza bakarra dago: Yeste edo Ustaritz. Bietako batek jokatuko du euskarrian. Baina ez bata ez bestea ez daude sasoi betean. Yeste denboraldi bukaera arte egongo da erdipurdi. Pubisean min du. Osatzeko ebakuntza egin beharko diote, baina denboraldia amaitu arte edo Athletic salbatuta egon arte itxaron beharko du. %60an egonda ere jokalari garrantzitsua da. Halere, ez dago norgehiagoka osoak jokatzeko moduan. Beste arrisku bat ere badago. Euskarrian kokatzen badute, defentsan indarra galduko du Athleticek. Yeste ez da ona defendatzen.
Beste aukera Ustaritz da. Valentziaren aurka euskarrian jokatu zuen. Bere lana ondo egin zuen, gainera. Defendatzeko kokatu zuten atzelarien aurretik, eta ondo bete zuen bere egitekoa. Jokoa antolatzeko orduan ezin zaio ezer eskatu, ordea. Ezker orkatilan izan zuen bihurritua gainditu du eta zelaira bueltatzeko aukera izan dezake berriro. Zubiaurre ere aukeratuen artean dago.
«Gauzak ondo doazenean, emaitzak txarrak direnean egin behar denaren erdiarekin irabazten dira partidak»
IGOR GABILONDO
ATHLETICEKO JOKALARIA
Horma eraiki nahi du
Sevillaren kontra gaur zerbait lortzeko, asko lagundu beharko diote elkarri Athleticeko jokalariek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu