Horma sendoan, pitzadura

Sasoi honetan, Realak eraginkortasuna galdu du etxean. Espainiako ligan sei partida soilik irabazi ditu Anoetan.

Realeko Turrientes eta Oiartzabal, eskuak burura eramaten, Real Madrilen aurka aukera bat huts egin ostean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Realeko Turrientes eta Oiartzabal, eskuak burura eramaten, Real Madrilen aurka aukera bat huts egin ostean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Jon Ander De la Hoz.
2024ko maiatzaren 4a
05:10
Entzun

Sasoiko azken norgehiagokak gerturatu ahala, helburuak lortzeko premiak altxor bilakatzen du puntu bakoitza, eta urre gorria da garaipena. Altxor horren gordelekuko hormak, ordea, pitzadura izan du aurten Donostian. Reala makal antzean ari da bere etxean, eta puntuek erraztasun handiz alde egin dute Anoetatik. Behinola gotorleku izandako estadioari etekin txikia atera dio Imanol Alguacilen taldeak, eta norbere eremu propiotik urrun lortutako puntuek eutsi diote Europarako bosgarren aldiz sailkatzeko helburuari. Amarako zelaian erabakiko da, ordea, xedea lortuko duen ala ez: hantxe jokatuko ditu norgehiagokarik gehienak. Gaur lehendabizikoa, Las Palmasen aurka (14:00, Dazn).

Garaipenaren basamortuan, ur tanta

Reala seigarrena da Espainiako ligan, baina sailkapenaren itxura bestelakoa da etxeko partidei soilik erreparatuz gero. Hala izan da urteetan, baina balantzea orekatuagoa izan da oraingo aldiarekin alderatuta. Ez alferrik, 2023-2024ko denboraldian Anoetan jokatutako neurketak kontatuz gero, Imanolen taldea hamargarrena da sailkapenean. Izan ere, txuri-urdinek sei garaipen soilik eskuratu dituzte beren estadioan, hamasei norgehiagoka jokatuta. Egoera are deigarriagoa da egutegiari erreparatuz gero; irabazitako partiden erdiak —hiru— sasoia hasi eta gutxira lortu zituen, irailean: Granada menderatu zuen hilaren 2an (5-3), Getafe 24an (4-3), eta Athletic azpiratu zuen astebete geroago (3-0). 

Orduz geroztik, garaipen bana erdietsi zuen urrian (1-0, Mallorcaren aurka) eta azaroan (2-1) Sevillaren kontra. Lehortea iritsi zen segidan; txuri-urdinak ez ziren gai izan Donostian nagusitzeko, harik eta martxoaren 15ean Cadiz azpiratu zuten arte (2-0). Bestela esanda: sei hilabetean behin bakarrik gailendu da etxean. Basamortukonorgejig ur tanta izan zen.

Aurrealde kamutsaren ajeak

Realaren etxeko aldarte eskasak lotura zuzena du erasoko jokalarien asmatu ezinarekin. Realaren abangoardia kamuts ari da aurten, aurrelari petoei dagokienez batik bat, eta horrek eragin zuzena du gol faltan. Etxean are nabarmenagoa da ezina; taldeak egindako 46 goletatik erdiak egin ditu bere estadioan (23), eta hori ezohikoa da goiko postuetan sailkatu nahi duen talde batentzat. Etxeko sendotasuna bigarren maila batean geratu da.

Zer esanik ez garaipenen kasuan bezala egutegiari erreparatuz gero. Txuri-urdinek etxean irabazitako partiden bilakaerak lotura estua du sartutako gol kopuruarekin. Irailean irabazitako hiru partidetan sartu zituzten Anoetako golen erdiak baino gehiago (14).

Alde horretatik, golaren ehiztari gisa aritzeko fitxatutako jokalarien jardun eskasa agerikoa da. Esaterako, taldeko hiru aurrelari petoak batuta, Mikel Oiartzabalek baino gol gutxiago sartu dituzte ligan. Eibartarrak bederatzi gol sartu ditu, eta zazpi lortu dituzte Umar Sadiqen, Andre Silvaren eta Carlos Fernandezen artean. Nigeriarrak hiru gol sartu ditu —haietako bi, astebeteren barruan—; portugaldarrak eta espainiarrak, bina. Takefusa Kubok berak bakarrik egin ditu besteek adina.

Puntuek hegan Donostiatik

Aurreko hutsaltasunari gehitu behar zaio atzealdeko egoera. Izan ere, norgehiagoka jakinetan salbu, defentsako lerroak gutxi-gehiago eutsi dio aldarteari, baina halaz ere urrun ari da beste sasoietako lanarekin alderatuta. Bada horren inguruko datu argigarri bat: Realak 35 gol jaso ditu ligako 33 jardunalditan, iaz sasoi osoan bezalaxe. Oraindik bost partida falta ditu jokatzeko.

Erasoan nola, defentsako arloan ere antzera ari da etxean eta kanpoan, gol kopuruari dagokionez. Hori bai, Anoetan gol bat gehiago jaso du (18), handik urrun baino (17). Horrek puntuek ihes egitea eragin du, batik bat, partidak aurrera jasotako golak tarteko. Realak etxean jaso dituen 23 goletatik zortzi 85. minutua igaro eta gero ailegatu dira. Hiru partidatan, gainera, puntuak biltzea eragotzi dio: Celtaren (1-1), Bartzelonaren (0-1) eta Almeria (2-2) azken sailkatuaren aurka. Horrez gain, Gironaren aurka ere puntu bakarra bildu zuen (1-1), minuturik gehienetan aurretik aritu eta gero.

Europara, Anoetatik igarota

Bosgarren urtez jarraian Europako txapelketetan aritzeko ahalegin betean, Anoetak zeresan handia izango du azken jardunaldietan. Imanolen jokalariek etxean jokatuko dituzte azken bost partidetatik hiru. Gaur lehendabizikoa, Las Palmasen aurka, Valentzia aurkari zuzenaren kontra bigarrena, eta Atletico Madril jasoko du azken jardunaldian. Orain artean lortu dituen 51 puntuetatik 24 eskuratu ditu etxean, eta handik kanpo bildu ditu gainontzeko 27ak.

Kontua bestelakoa da, ordea, eta hasierakora lotzen du: Realak bere etxean lortu dituen 24 puntuen erdiak irailean eta urrian lortu zituen, lau partida jarraian irabazita. Azaroaz geroztik zazpi soilik erdietsi ditu etxean. Kontuak horrela, azken hilabeteetako bilakaera irauli beharra du Europako postuei eutsi ahal izateko. Zer esanik ez Valentziak Anoeta bisitatu behar duenean; hiru puntuak ez eskuratzeak izugarrizko hauspoa emango lioke Betisekin batera kontrariorik behinena duenari. Hiru taldeen artean lau punturen aldea dago, txuri-urdinen alde.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.