Treviso. Rizzo (Di Santo, 55. min), Ceccato (Vidal, 55. min), Cittadini (Rouyet, 55. min.); Pavanello, Van Zyl; Barbieri (Felitucci, 64. min), Zanni, Derbyshire; Botes, Burton; Williams, Sgarbi, Benvenutti, Nitoglia (Gori, 61. min); Mc Lean (kap.)
Miarritze. Barcella (Watremez, 55. min.), August (Terrain, 40. min eta Hegi, 75. min), Marconnet; Thion (kap.), Taele; Lauret (Guyot, 40. min), Faure, Gray; Lesgour, Bosch; Bolakoro, Traille, Baby (Peyrelongue, 53. min), Ngwenya; Balshaw.
Markagailua. 7-0; 14-0; 14-5; 21-5; 21-12; 24-12 (atsed.) 27-12; 27-19; 27-26; 30-26.
Epailea. JP Doyle.
Ezin denean ezin da. Miarritze, beste behin, galtzaile atera zen Benetton Trevisoren aurkako partidan. Joan zen astean Montpellierren aurka bezala, edo iaz Italiako Aironiren aurka erori zen bezala. Partidak joan eta partidak etorri, gero eta zulo beltzagoan ari da erortzen Serge Blancoren taldea. Top 14ko azken postuan dago, eta atzoko porrotaren ondoren, oso postura txarrean, Heineken Kopan.
Desastrearen erdian, kontsolamendu bakarra du Miarritzek. Atzoko porrotan defentsako puntua lortu zuen, zazpi puntukoa baino alde txikiagoaz galduz, eta erasokoa ere bai, lau entsegu sartu baitzituen. Bi puntuok oraindik sailkatzeko aukerekin uzten dute euskal taldea, baina horretarako irabazten hasi beharko du.
Partida ikusita, ezin daiteke erran Trevisok merezi gabe irabazi zuenik. Miarritzek ez zuen partida irabazteko merezimendurik egin, eta logika osoz galdu zuen. Alta, italiarrak aski ahul ageri ziren, antolaketa onarekin baina talentu gutxirekin. Miarritzeren kategoria duen talde batek aise garaitu beharreko aurkaria. Baina joko horren oinarriak eta aurkaria errespetatzen ez direlarik, alferrik da errugbian. Miarriztarren lehen zatia sinestezina izan zen. Uztartze irekietan kuku gordeka aritu ziren aitzinekoak, eta gibelean edozein baloi ero-ero jokatu nahi zituzten. Ondorioz, Miarritze oilasko galdu bat bezala zebilen zelaian.
Aitzinean, miarriztarrek uztartze irekietan baloia ez borrokatzea erabaki zuten, defensa lerroa hobeki antolatzeko. Hautua zilegia izan daiteke, baina defentsan azkar igo behar da aurkarien bila, eta plakaketan gogor jo. Miarriztarrek egin ez zutena, hain zuzen. Defentsarako gogorik gabe zeuden, eta ondorioz, Trevisok eroso jokatu zuen. Baloiak beti garbi irabazten zituen, eta kontaktuetan beti aitzinatzen zen.
Italiarrek hiru entsegu sartu zituzten lehen zatian. Lehen biak aitzineko jokoaren lezioak izan ziren. Eskas baten ondotik, dinamismoz sartu zen Rizzo lehenik. Bigarren aldian, dortoka ederki antolatu zuten eskasaren ondoren, eta Miarritzeren defentsan gurinean bezala sartu ziren. Eskerrak, Miarritzek erreakzionatzeko indarra atzeman zuela. Dortoka baten ondotik lehen entsegua sartu zuten (14-5). Segidan, Mc Leanen ostikada baten ondotik, italiarren hirugarren entsegua etorri zen (21-5). Kolpeari Marcelo Boschek erantzun zion, bakarrik sortutako entsegu eder bati esker(21-12).
Miarritzeren erreakzioa
Bigarren zatian gauzak aldatu ziren. Benettonek aulkia mugitu zuen. Ordezkoak sartzean kalitatez jaitsi zen, eta epaileak italiarrak zigortu zituen. Miarritze erosoago ari zen, eta bidea zuzendu zuen. 60. minutuan Traillek defensa zulatu zuen, eta bakarrik entsegua sartu zuen. Bost minutu berantago, beste dortoka baten ondotik Lesgourguesek entsegua sartu zuen(27-26). Italiarrek, orduan, energia atera zuten haien barnetik eta zigor kolpea sartu (30-26). Miarritze azken jokaldian saiatu zen, baina partidaren irudiko, nora ezean aritu zen. Hausnartzea tokatzen da orain.
Treviso 30. Miarritze 26
Horrela alferrik da
Miarritzek lehen zatian oso gaizki jokatu, eta galdu egin du Benetton Trevisoren zelaian, Heineken Kopan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu