Lau partida jokatu, eta laurak galdu. 63 tanto egin, eta 88 jaso. Eta okerragoa dena: lehen bi partidetan Laskurain ibili zen oso apal, eta atzelaria ondo jokatzen hasi zenean —azken bi partidetan—, Gonzalez hondoratu zen. Binakako txapelketan ez dute bikoterik osatu Gonzalezek eta Laskurainek, baina atzo erakutsi zuten bakoitzak dakiena egiten badu edonori irabazteko gai direla. Zaila da askoz partida osoagoa jokatzea.
Laskurainek aspaldiko gozaturik handiena hartu zuen. Hutsik egin ez, eta pilota izugarri astindu zuen. Gonzalezek, berriz, hamabi tanto egin zituen aurrean. Pilota gozatu ezinik ibili zen Ruiz, eta atzean partida kontrolatu ezean, zaila izaten da aurrelariak tanto asko pilatzea. Une oro oso behartuta jokatu zuen Bengoetxea VI.ak aurrean, eta bere onetik ere atera zen sarritan. Galtzaileek 9-4koa lortu zutenean, esaterako, pilotari begira direnak eta ez direnak esanez hasi zen Leitzako aurrelaria.
Partida hastearekin batera 7-0 aurreratu ziren Gonzalez eta Laskurain, eta tarte horretan nabarmen geratu ziren batzuen abileziak eta besteen gabeziak. Pilota gozatu ezinik ari zen Ruiz, eta pilotarik zailenak ere atze-atzean jarriz Laskurain. Gonzalezek bost tanto egin zituen lehen zazpi tantoetan, horietako bi sakearekin. Pilota aldatuta, eta Bengoetxeak Gonzalez aurreko koadroetan nahastuta, galtzaileek partida hainbestean orekatu zuten (7-3, 9-4, 10-6 eta 12-7). Baina hortxe amaitu zen partida. 10-0eko azken partzialari esker, Gonzalezek eta Laskurainek txapelketako lehen puntua eskuratu zuten.
Egurra Irujo eta Merinorentzat
Gutxik espero zuten herenegun Lizarran (Nafarroa) gertatu zena gertatuko zenik. Partida orekatua espero zen Martinez de Irujo-Merino II.aren eta Berasaluze VIII.a-Apraizen artean, baina bizkaitarrek 7-22 irabazi zuten. Atzean partida bikaina egin zuen Apraizek, pilota ederki astinduz eta huts gutxi eginez. Merino II.a ezinean ibili zen atzean, eta aurrean ere Berasaluze VIII.a Martinez de Irujo baino gehiago izan zen —oso pattal aritu zen Iberoko aurrelaria—. Garaipenari esker, txapelketako hirugarren puntua lortu zuten Berasaluze VIII.ak eta Apraizek. Martinez de Irujo eta Merino II.a bi garaipen eta hiru porrotekin geratu dira.
Gaur, berriz, zale guztiak ikusteko zain dauden partida jokatuko da Eibarko Astelenan. Olaizola II.ak eta Beginok Xalaren eta Barriolaren aurka jokatuko dute. Jokatutako lau partidak irabazita daude bi bikoteak.
Horrela poza ematen du
Laskurainek gozatu egin du pilota astindu eta astindu, eta Gonzalezek hamabi tanto egin ditu aurreko koadroetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu