Horren gertu, horren urrun

Hogeita lau urteren ondoren, Espainiako Kopako finalerako txartela eskuratu gura du gaur Athleticek, etxean Sevillari irabazita

haritz gallastegi
Bilbo
2009ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
«Sekula ez dut antzeko girorik ikusi», adierazi zuen atzo Joaquin Caparrosek, Athleticeko entrenatzaileak. Ez da erraza, gainera. Talde askotako jarraitzaileen artean finalak jokatzen dituztenean ere ez da horrelako ikusminik izaten. Baina Athletic ezberdina da. Bizkaitar askorentzat futbola baino gehiago da talde zuri-gorria. Euretako asko ez dira futbolzaleak, Athleticzaleak baino ez dira. Sentimendu horrek isla izaten du eguneroko bizitzan. Zer esanik ez zuri-gorriek San Mamesen jokatzen dutenean. Emaitzak txarrak direnean sarrera guztiak agortzen dira. Onak direnean, berriz, ilarak egoten dira Katedraleko txarteldegian.

Athleticeko jarraitzaile ez diren zale gehienei kosta egiten zaie azken hilabetean talde zuri-gorriaren inguruan sortu den ikusmina ulertzea. Gehiegizkoa dela iritzi diote. Beharbada ez zaie arrazoirik faltako. Baina bertatik bertara bizi dutenentzat ez da arraroa izan. Kalean sortu da ikusmina. Klubak ez du kanpainarik egin behar izan zaleak berotzeko. Alderantziz, zaleen gogoa eta ekimena ikusita parte hartzera behartuta egon dira Ibaiganeko agintariak. Klub batek horrelako zaleak izatea ez da diruarekin ordaintzen.

Kirol ikuspegia aintzat hartuta, ezin daiteke esan baikor egoteko arrazoirik dagoenik. Sevilla Athletic baino talde hobea da, eta joaneko partidan eskuratutako abantaila dauka alde. Beraz, baikor egoteko arrazoi gutxi dago.Espainiarrek inoiz baino gertuago ikusten dute finala, eta ez dute ezkutatzen. Baina Athleticeko jokalariak eta teknikaria ere ez dira atzean geratu. «Kanporaketa parekatuta dago. Taldea konfiantzarekin dago, eta gure inguruan oso giro positiboa dago», esan zuen atzo Joseba Etxeberria kapitainak. Entrenatzaileak ere mezu baikorra igorri zuen atzo. «Neurketa lehiatua izango da, baina egon ziur aukerak izango ditugula. Geure buruarengan konfiantza izan behar dugu».

Sevilla lerro guztietan da talde indartsua. Erasoan fin ez badabil, defentsan oinarritzen du bere jokoa. Eta atzean akatsak egiten baditu, talentu handiko hegalekoak eta aurrelariak ditu neurketak irabazteko. Hori guztia kontuan hartu behar du Athleticek. Batez ere, ez zaiolako komeni itsu-itsuan kanporaketa alde ipiniko dion golaren bila zelairatzea. «Antsietatea lagun txarra da. Partida luzea dela hartu behar dugu kontuan. Gola sartzeko denbora daukagula, alegia», esan zuen Caparrosek. «Baina, era berean, ezin dugu akatsik egin. Sevilla eta antzeko maila duten taldeen aurka garesti ordaintzen dira egindako hutsak», gaineratu zuen.

Defentsan akatsik ez egiteko eta erasoan eraginkor jarraitzeko ohikoen aldeko apustua egingo du Caparrosek. Larunbatean jokatutako ligako partidan atseden hartu zutenek jokatuko dute. Beraz, arlo fisikoa ez da aitzakia izango. Fresko eta indartsu zelairatuko dira. Teknikariak zalantza bakarra dauka: bi aurrelari petorekin jokatu edo zelai erdiko jokalarien eta Llorenteren artean lotura egingo duen erdilari aurreratu bat zelairatu.

Bigarren aukeraren aldeko apustua egiten badu, Yestek jokatuko du Llorenteren atzean. Ezker hegalean, berriz, Susaeta ariko da. Bi aurrelarirekin jokatuz gero, berriz, Toqueroren eta Ion Velezen artean aukeratu beharko du entrenatzaileak. Lana antzera egingo dute biek, baina ezaugarri ezberdineko jokalariak dira. Toquero eraginkorragoa da estrategia jokaldietan -zuri-gorrien ustez, horixe da Sevillaren gabezia nagusia-. Velez, berriz, azkarragoa da. Hegalak hobeto aprobetxatzen dituen futbolaria da. Gol senari dagokionez, biak dira antzekoak. Ez dute golak sartzeko erraztasunik. Bietako batek jokatuz gero, Yeste ezkerrean ariko litzateke, eta Susaetak aulkitik ikusi beharko luke neurketaren hasiera.

Zalerik gazteenak gogoan

Era batean edo bestean jokatu, finalean sartzea da garrantzia duen kontu bakarra. Jarraitzaileentzat oso garrantzitsua izango litzateke berriz ere kopa bat altxatzeko borrokan egotea. Ez da erraza irabazlea ez den talde baten jarraitzailea izatea. Ez da erraza Bartzelona, Real Madril, Liver-pool, Milan... taldeekin lehiatzea. Errazagoa da irabazten dutenekin bat egitea. Bada, Athleticek duela 24 urte jokatu zuen azken finala, eta duela mende laurden irabazi zuen azken txapelketa. Ordutik ona garrantzi gutxiagoko lorpenak eskuratu ditu.

Beraz, garrantzitsua izango litzateke, oso, Athletic final bat jokatzen ezagutu ez duen belaunaldiari aukera hori eskaintzea. Athleticen sinesten jarraitzeko arrazoi bat gehiago ematea, alegia. Eta zer esanik ez, Bizkaiko klubaren filosofiari bultzada bat ematea. Etxekoekin ere lehiakorra izan daitekeela sinesten jarraitzeko, hain zuzen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.