R. MADRIL 5. REALA 1

Horretarako, ez joatea hobe

Tentsiorik eta grinarik gabe, oso partida tristea jokatu du Realak Santiago Bernabeun, eta merezitako kolpea hartu duHirugarren partida jarraian galduta, jaitsiera postuak sei puntura gertura daitezke gaur

unai zubeldia
Donostia
2012ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Golak: 1-0: Higuainek (6. min.). 2-0: Cristiano Ronaldok (33. min.). 3-0: Benzemak (41. min.). 3-1: Xabi Prietok (42. min.). 4-1: Benzemak (49. min.). 5-1: Cristiano Ronaldok (56. min.). Epailea: Turienzo Alvarez. Txartel horia Real Madrileko Xabi Alonsori; eta Realeko Mikel Gonzalez, Iñigo Martinez, Illarramendi eta Demidovi. Bestelakoak: 77.000 ikusle inguru Santiago Bernabeun.

Ez da onargarria Lehen Mailako talde batek Realak atzo Santiago Bernabeun jokatu zuen bezala jokatzea. Galdu daitezke partidak, eta are gehiago, Real Madrilen aurka 5-1 galtzea normaltzat ere har daiteke. Baina Lehen Mailako talde batek ezin du horrelako jarrera eta tentsio faltarik gabe jokatu. Donostiara ahalik eta jipoirik txikiena jasota itzultzeko asmoarekin joan ziren jokalariak Madril aldera, eta hortxe daukate saria. Zaleek Racing, Sporting eta Zaragozaren partidei begira igaroko dute gaurko eguna —sei puntura gertura daitezke jaitsiera postuak—, beste behin ere arerioek huts egingo dutela sinetsita. Baina txuri-urdinek hobe dute jarrera aldatzea, joan den denboraldiko mamuak berriz ere agertzerik nahi ez badute, behintzat.

Real Madrilen aurkako partida hasi aurretik entrenatzaileak emandako mezuaren lehen zatia primeran jaso zuten Realeko jokalariek. «Sartu atzean, elkartu lerroak». Baina hortik aurrera ez eutsi, ez kontraerasoekin aurkaria beldurtu, eta ez ezer. Defendatzea ez da zelaian atzelari gehiago kokatzea. Eta inoiz baino atzelari gehiagorekin inoiz baino okerrago defendatu zuten txuri-urdinek. Benzema, Kaka, Cristiano Ronaldo eta Higuain, lau artistak zelairatu zituen Jose Mourinhok atzo —Aitor Karanka eseri zen aulkian, portugaldarra zigortuta zegoelako—. Eta Khedirak eta Xabi Alonsok dotore lagunduta, Realarekin jolasean aritu ziren madrildarrak. Oinez jokatuta irabazi zuten 5-1.

Partida hasterako antzeman zen etxekoak beste tentsio batekin zeudela. Bartzelonak Mallorcan 0-2 irabazi zuela jakitun zelairatu zen Real Madril, eta lehen hamar minutuak betetzerako jan egin zuen Reala. Seigarren minutuan iritsi zen etxekoen lehen gola. Benzemak Higuaini pase sakona bidali zion, eta argentinarrak, baloia gelditu gabe, lehen ukituan, area ertzetik barrura. Realeko jokalariak non zeuden? Artisten jokaldiari begira.

Cadamurok gorriak ikusi zituen atzealdeko eskuin hegalean; Demidov, Iñigo Martinez eta Mikel Gonzalez aurrera eta atzera noiz egin ez zekitela ibili ziren minutu gehienean —bost atzelariko lerroarekin ekin zion Realak partidari—; eta Aranburu, Illarramendi, Agirretxe, Griezmann... Horiek zelaian zeudenik ere ez zen nabaritu lehen zati guztian. Tentsio faltaren erakusgarri izan zen 23. minutuko jokaldia. Aranburuk, ingurura begiratu gabe, atzera eman zuen pasea, eta Iñigo Martinezek falta egin behar izan zuen area ertzean, Benzema bakar-bakarrik zihoalako bigarrenaren bila.

Sei minutu geroago Cristiano Ronaldori eta Higuaini txaloka hastea bakarrik falta izan zitzaien Realeko jokalariei. Txuri-urdinak nahita ere ez ziren iristen falta txiki bat ere egitera. Erritmo batean jokatzen du Real Madrilek, eta beste batean Realak. Nahi izan zuten guztia egin zuten area ertzean, baina portugaldarrak ez zuen asmatu Bravo gainditzen. Aurretik bi aukera argi huts egin ondoren, 33. minutuan asmatu zuen portugaldarrak. 2-0.

Cadamuroren huts larria

Lotsaren marra 33. minutuan igaro zuen Realak; eta, bereziki, Cadamurok. Zelai erditik pase luzea bidali zioten Benzemari, eta hegalekoa ez zen gai izan aurrelariaren jokaldia oztopatzeko ere. Indarrik gabe sartu zen gorputz arteko borrokan, eta lotsagarri geratu zen. Xabi Prietok 42. minutuan sartu zuen golak ere ez zuen alaitu Realaren lehen zati penagarria. Eta bigarrena berdin-berdina izan zen, madrildarrek erritmoa jaistea erabaki zuten arte. Mikel Gonzalezen lesioak eraginda, Zurutuza zelairatu eta ohiko sistemara itzuli zen Reala. Baina horrela ere ezin. Benzemak eta Cristiano Ronaldok sartu zituzten azken bi golak. Arbeloak 51. minutuan Agirretxeri penaltia egin ziola esango dute baikorrenek, baina jokaldi eztabaidagarriak gorabehera, sakon aztertu beharrekoa da Realak atzo egindako partida.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.