Iazko ligako garaileak denboraldi berriko estreinako lehia jokatu zuen atzo. Real Madrilek bikain bukatu zuen joan den denboraldia, baina bart ez zuen nagusitasun irudirik eman Realaren aurka; donostiarrek zail jarri zizkieten gauzak, eta irabazteko aukera onenak ere eurek izan zituzten. Asmatzea falta, ordea. Txuri-urdinentzat ere denboraldiko lehen partidua zen etxean, publikorik gabeko Anoetan.
Erritmo biziz hasi zen norgehiagoka. Real Madril egin zen baloiaren jabe, eta Realak zailtasunak izan zituen espainiarren presioa gainditzeko. Lehen zati ia osoa atzean sartuta igaro zuten donostiarrek, eta gola sartzeko aukerak ere izan zituzten madrildarrek. Argienak, Sergio Ramosek eta Benzemak. Gola iristea denbora kontua zela zirudien, baina lehen zatiko aukerarik onena, azkenean, txuri-urdinek izan zuten: Isak area barruan bakarrik geratu zen Oiartzabalen pase bati esker, baina aurrelari suediarraren jaurtiketari bikain erantzun zion Courtoisek.
Ezberdina izan zen bigarren zatia. Lehen zati ia osoan madrildarrek nagusitasun irudia eman zuten, baina bigarrenean donostiarrak izan ziren nagusi. Aurrean, Barrenetxeak izan zuen aukera garbiena, baina haren errematea gutxigatik kanpora joan zen. Nekearen ondorioz edo, ez zioten hasierako erritmoari eutsi Zidanen jokalariek, eta sendo aritu ziren Realeko atzelariak. Norgehiagoka bikaina jokatu zuten Aritzek eta Le Normandek, eta Remiro atezainak ere arazo handirik gabe geratu zituen Real Madrileko jokalarien saiakerak. Azkenean, golik ez eta puntu banaketa. Real Madrilek, 2015. urteaz geroztik, ligako estreinako partida guztiak irabaziak zituen.
Silva, Urko eta Odegaard
Azken minutuetan, moteldu egin zen erritmoa. Bi taldeek aldaketak egin zituzten, eta, besteak beste, bi jokalarik egin zuten debuta elastiko txuri-urdinarekin. Batetik, Realak aurten egin duen fitxaketa sonatuena sartu zen zelaira, David Silva, Alex Isaken ordez. Ikusmin handia sortu du jokalari beteranoaren debutak, baina kanariarrak ez zuen asko parte hartu jokoan.
Estreinakoa jokatu zuen beste jokalaria harrobiko Urko Gonzalez de Zarate izan zen. Imanol Alguacilek 88. minutuan sartu zuen, eta bizpahiru baloi garrantzitsu aldendu zituen erdilariak azken minutuetan. Real Madrilen, berriz, Martin Odegaard Realeko jokalari ohia izan zen berritasun nagusia.
Realaren hamaikakoa: Remiro; Gorosabel, Aritz, Le Normand, Aihen Muñoz; Guevara (Urko), Merino, Oyarzabal (Januzaj); Portu, Barrenetxea (Bautista) eta Isak (Silva),
Real Madrilen hamaikakoa: Courtois; Carvajal, Varane, Ramos, Mendy; Kroos, Modric (Fede Valverde), Odegaard (Casemiro); Rodrygo (Marvin Park), Vinicius (Arribas) eta Benzema.