Hotza, kanpoan eta barruan

Eugik eta Barriolak aise irabazi dute Tolosan; final-laurdenetako kanporaketak erabakita daude

Imanol Magro Eizmendi.
TOLOSA
2005eko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Atzo arratsaldean hotza, elurra eta haizea Euskal Herrian barneratu ziren. Askok eskularruekin, bufandekin eta txapelekin egin zioten aurre ilunabar aldera egiten zuen hotzari. Negu gorria Tolosako Beotibar pilotalekuraino ere sartu zen. Norbaiti frontis alboan dagoen metalezko atea ixtea ahaztu zitzaion eta zirrikitu hartatik sarturiko hotzak kantxa gaineko guztiak izoztu zituen. Izan ere, atzoko Binakako txapelketako partida huts gutxien egin zituen bikoteak irabazi zuen; hobe esanda, kale gehien egin zuenak galdu zuen.

Ez pilotariek, ez zaleek gustuko izan ez duten, eta bikoterik kanporatu ez duen ligaxka antzuak bukaera ezin okerragoa izan zuen. Hiru ordu laurdenekopartidan egondako 34 tantoetatik 24 hutsak izan ziren. Oso erraza da atzoko irabazleek lorturiko tantoak laburtzea: Oinatzek zortzi tanto galdu zituen, Peñak, berriz, bederatzi. Eugik saketik lau egin zituen eta txokoan utzitako beste bat. Guztira hogeita bi. Bi hitzetan: partida eskasaren erradiografia.

Lehiako albiste on bakarra Patxi Eugik erakutsiriko sasoia izan zen. Tantoa bukatzean kamuts ibili bazen ere, ondo eutsi zion piloteoari eta baztertzen asmatu zuen. Barriolak ere, piloteoarekin gozatu zuen. Leitzako pilotariak, ordea, partidaren erdia aldera eraman beharreko hiru pilota galdu zituen, eta horrek bere estatistika zikindu zuen. Bukaeran Abel kexu zen, astelehenean jokatu ondoren, ostiralean jokatzea egokitu zaiolako.

Urdinek, berriz, oso merke saldu zuten atzoko partida. Peñagarikanok ez zuen probestu jasotako aukera. Eugi eta Barriolaren pilotakada zaparradan ito baitzen. Oinatzek, berriz, bere atzelariaren ahulezia ikusita, aurrean arriskatzea erabaki zuen. Atzo, baina, zorteak bizkarra eman zion aurrelari gazteari. Atzokoa historia gutxiko partida izan zen. Oinatzek lehen sakea egin zuenean, txingor erauntsi batek bortizki jo zuen Beotibarreko sabaia; seinale txarra. Partidako lehen hamar minutuak bete gabe zeudenean markagailuak 9-2koa erakusten zuen. Horietatik sei urdinek galdutakoak. Artekariek ez zuten oihu gehiagorik egin.Norgehiagoka guztiak hasierako tantoek markaturiko bidea jarraitu zuen, ez ikuskizunik, ez emoziorik. Bukaeran ia ez zen txalorik entzun Beotibarko harmailetan. Atzoko emaitzaren ostean, jada erabakita daude final laurdenetako kanporaketak. Lehen partida heldu den ostiralean jokatuko dute, Urdulizko pilotalekuan. Bertan Titin III.ak eta Abel Barriolak Xalaren eta Lasa III.aren aurka jokatuko dute.

EUGI-BARRIOLA 22

BENGOETXEA VI-PEÑA 12

Iraupena: 46 minutu.

Saketik: Eugik 4 eta Bengoetxeak 2.Markagailua: 0-1, 8-1, 8-2, 13-2, 13-4, 15-5, 16-9, 19-10 eta 20-11.

Egindakoak: Eugik 6; Barriolak bat ere ez, Bengoetxeak 4; Peñagarikanok 1.Galdutakoak: Eugik 3; Barriolak 4, Bengoetxeak 8; Peñagarikanok 9.Bestelakoak: EPELek antolatzen duen Binakako Txapelketako partida. Sarreren erdia baino ez ziren saldu Tolosako Beotibar pilotalekuan. Apustuetako dirua gorrien alde irten zen 100-50i.

-

Sailkapenak



A multzoa
J I G TA TK
1. Berasaluze-Ruiz 3 3 0 66 43

2. Irujo-Goñi III.a 3 1 2 61 61

3. Xala-Lasa III.a 3 1 2 50 61

4. Aimar Otxandorena 3 1 2 51 63

B multzoa
J I G TA TK
1. Olaizola I.a-Zearra 3 3 0 66 50

2. Titin III.a-Barriola 3 1 2 58 56

3. Gonzalez-Pascual 3 1 2 61 65

4. Bengoetxea-Beloki 3 1 2 53 65

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.