ERRUGBIA. V. MUNDU KOPA

Hotzak gogortutako jokalariak

2003ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Garai bateko SESBtik (Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna) independentzia (1991) lortu eta gerra zibila gainditu ondoan,hurrengo urtean IRBk (NazioartekoFederazioa) bere baitan onartu zuen Georgia. Leku itzaltsu eta hotzean bizi dira georgiarrak, baina horrek ez du esan nahi izotza bezain hotzak direnik, ez bederen errugbian.

Mundial honetan Hegoafrikaren aurka ere neurtu dituzte indarrak. Harrigarri jokatu zuten georgiarrek eta bizkarra eman gabe. Buruz burukoan erantzun aparta eman zuten. Aitzin multzoan mardulak dira uztartzearen arlo guztietan eta bilketetan ez egin aurre arinki, badaezpada. Etengabeko presioa egiten dute eta aski eraginkor jarduten dute.1964an sortu zuten federazioa, baina 1994an egin zuen debuta nazioartean. Harrezkero gorakada nabarmena egin du; gehienbat, Claude Saurel frantziarrak entrenatzaile kargua hartu zuenetik. Beziers taldeko jokalari ohiak Georgian errugbia erabat hedatzeko ardura hartu zuen, eta egitasmo zabala prestatu zuen. Hasteko, hango 40 jokalaririk onenak Frantziara joateko proposamena egin zuen, eta hantxe dihardute. Mundial honetan jardun duten 30 jokalarietako gehienek, 20 hor nonbait, Frantziako Maila Nagusian, Bigarren Mailan eta Federal Maila desberdinetan dihardute. Beste bik, berriz, Italiako Rovigon.Jokalari esanguratsu batzuk aipatzearren, Gregoire Yachvilli (Parisko Racing). Miarritzeko Dimitriren anaia, Tsabadtze (Montferrand), Shvelidze eta Nadiradze (Beziers). Azken horiei biei ez zien Beziersek baimenik eman taldea uzteko eta Mundiala jokatzeko.Itsaso Beltzaren eta Kaspiar Itsasoaren artean dago Georgia. Ez da ez Europa ezta Asia ere, eta muga egiten du Errusia, Azerbaijan, Armenia eta Turkiarekin. Nolanahi ere, Errumania eta Italia ditu errugbian aritzen diren hurbileneko bi nazioak. Beraz, ez oso urrun Frantziatik, horiekin biekin alderatuta.Guztira 1.410 lizentzia (fitxa) ditu eta Tbilissi da hiriburua. Hain errotu da errugbia han, Errusiaren aurkako kanporaketan, esate baterako, 80.000 ikusle inguru bertaratu baitziren. Gainera, nazioarteko partida bat jokatzen duenean ere, 40.000 ikusleren aupada izaten du. Mundialeko azken fasera heltzeko, ligaxka jokatu behar izan zuen. 4. itzulian, 17-13 irabazi zion Errusiari eta 63-14 galdu zuen Irlandaren aurka. Lagunarteko partidetan, Espainiari 18-34 eta 34-3 irabazi zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.