Futbola. Poloniako eta Ukrainako Eurokopa: A multzoa

Hotzetik eta berotik

Errusia, Txekiar Errepublika, Grezia eta Polonia ariko dira multzo honetan. Errusiarrak dira indartsuenak, eta beste hiruren artean parekotasun handia dago. Edonor pasa daiteke hurrengo fasera.

Aitor Manterola Garate.
Donostia
2012ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Eurokopa honetan atentzio handirik ematen ez duten talde batzuk baldin badaude, ia denak A multzoan dira. Aldez aurretik begiratuta, Txekiar Errepublika, Grezia eta Polonia ez daude inoren begietan, eta laugarren partaidea, Errusia, ez da batere fidagarria txapelketa handietan, nahiz eta azkeneko Eurokopan finalerdietarako sailkatu. Alde horretatik begiratuta, multzo hotzaren itxura dauka honek. Ematen du berdintasuna izango dela nagusi, eta, Errusiak berea egiten badu, beste hiruretako edozein sailka daitekeela final-laurdenetarako. Balizko berdintasun horrek ekar liezaioke berotasuna multzoari. Beraz, hotzetik zein berotik dauka A multzoak.

Polonia

Etxekoaren indarra

Ezaugarri hori nabarmentzea ez da, aurrez, ona izaten. Etxekoa izateak bakarrik ematen badio indarra, esan nahi du ez dela punta-puntako taldea. Horra Polonia. Baditu jokalari solteak, interesgarriak: Robert Lewandoski aurrelaria, Wojciech Szczesny atezaina eta Kuba Blaszczykowski hegaleko erdilaria, esaterako. Baina gainontzean, partidak erabaki ditzaketen jokalariak apenas dituen. Hiru horien lanaren mende egongo da selekzioaren ibilia, eta, batez ere, Lewandoskiren zeregina izango da funtsezkoa. Borussi Dortmunden ari da, eta sasoi honetan gol pila bat sartu ditu: 46 partidetan, 30. Eurokopan aurrean izango dituen aurkariak, baina, beste maila batekoak izango dira zalantzarik gabe.

Atentzioa ematen du datu honek: sei jokalari bakarrik ari dira etxeko ligan lehiatzen. Taldeko gainerakoak beste herrialdeetan barrena dabiltza. Poloniakoa baino lehiakorragoak izanik, ezaugarri hori onerako izango dute jokalariek. Baina ez du ematen nahikoa izango denik egundoko txapelketa egiteko. Hala ere, aukera du Poloniak multzoen fase hau gainditzeko. Berea ematen badu, estutasun larrian ipin dezake talde bat baino gehiago.

Grezia

Metamorfosia

Grezierazko hitza. Objektu edo entitate baten aldaketa adierazten du. Selekzioa aldatu egin dela ere azaltzeko balio du. 2004an, ezuste latza eman zuen, Eurokopa irabaziz. Futbolaren historian izan denik eta handienetakoa. Defentsako lanean oinarrituz eta erasoan gutxi azalduz lortu zuen balentria hura. Baina bukatu zen Otho Rehaghel alemaniarraren aroa. Beste bati ekin zitzaion 2010ean.

Etxe barrura begiratu zuen federazioak, eta Antonio Santosi eman zion gidaritza. Portugaldarra da, baina selekzioaren ardura hartu aurretik, zazpi denboralditan aritu zen Greziako taldeak zuzentzen. Aurreko ereduaren aldean, bestelakoa gustatzen zaio Santosi. Baloiaren jabetza edukitzea nahi izaten du, eta horretan ari da saiatzen. Baina, jakina, hori lortzeko, jokalari trebeak behar dira teknika aldetik. Eta Greziaren ezaugarri nagusia ez da hori.

Galderaren ikurra jarri behar zaio taldeari. Ezaguna da, baina ezezaguna aldi berean. Eredu berriarekin zer eman dezakeen ez dago argi. Horregatik dira zalantzak. Dudarik ez da, ordea, beste honetan: taldeko lana handia izango da. Benetako taldea da Grezia. Eta bat edo beste nabarmentzekotan, Georgios Samaras aurrelaria (Celtic Glasgow); Greziako ligan inoiz jokatu gabea, bide batez esanda.

Errusia

Anarkia eta taldea

Bi hitz horiek uztartzea nekeza dirudi, baina Errusiako selekzioa definitzeko pare-parekoak dira. Anarkia beti izan da errusiarren ezaugarria; bakoitza bere aldetik. Talentua nahi beste eduki dute, eta orain ere badaukate, baina taldearen mesedetan baino norbere kolkorako erabiltzen dute. Andrei Arxavin da adibidea. Duela lau urteko txapelketan, bereak eta bi egin zituen, baina anarkia du oinarri.

Taldearena ere ondo datorkio selekzioari, azken bospasei urteetan, jokalari multzo bera ari delako jokatzen. Duela lau urte finalerdietan aritu zen ia talde bera da aurtengoa. Aldeko ezaugarria dute hori, baina lehendabizi, jokalariek barneratu egin behar dute taldea dela oinarri-oinarrizkoa. Hala ere, faboritoa da final-laurdenetan sartzeko. Nabarmentzekoa da federazioak Herbehereetako entrenatzaileen bideari eutsi izana urte hauetan; duela lau urte Guus Hiddinkek egin zuen lanari Dick Advocaat herkideak hartu zion lekukoa. Esan beharrik ez da zein joko eredu erabiliko duten.

Txekiar Errepublika

Ezin loria berreskuratuta

Nork ez ditu gogoan Pavel Nedved, Jan Koller, Vladimir Smicer, Karel Poborsky, Patrik Berger, Petr Kouba edota Miroslav Kadlec? Ez ahazteko lanak egin zituzten 1996ko eta 2004ko Eurokopan.Duela hamasei urte, bigarren izan ziren txekiarrak, eta orain zortzi urte, finalerdietan jokatu zuten. Ordutik asko aldatu dira kontuak, eta ez da garai hartako taldea. Goitik behera egin du nabarmen.

Ez dute lortu garai on hartakoa bezalako taldea osatzea. Horren adierazgarri da hau: Milan Baros oraindik taldean da. Horrek esan nahi du kostatzen ari zaiela ordezko onak aurkitzea. Tomas Rosicky ere taldean da, eta berak behar luke aginte makila hartu, baina lesioek itota daukate, eta ez da sasoiko helduko lehiaketara. Helduko den ere zalantzak ditu batek baino gehiagok. Petr Cech atezainak lan ona egitea litzateke taldearen helduleku bakarra. Eta atezainari bakarrik begira egotea ez da seinalerik onena izaten gehientsuenetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.