Hotzikarak Sadarren

Ohiko logika irauli du Osasunak liga hasieran: lehia guztiak irabazi ditu etxetik kanpo, baina puntuak hirunaka batu ezinik dabil Sadarren. Gaur, Rayoren aurka (14:00) mukuru betetako harmailen laguntza izango du.

Osasunako jokalariak burumakur Betisen aurka Sadarren jokatutako partidan. IÑIGO URIZ / FOKU.
enaut agirrebengoa
2021eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Etxean goxo egon da beti Osasuna. Kanpoko hotzeriak Sadarreko berotasunarekin sendatu izan ditu maiz. Alderantziz ari zaio gertatzen, ostera, sasoi honen hasieran: indar betean dabil Iruñetik at, baina hotzez dardarka hasten da bere zelaian. Zaleak estadio eraberrituko harmailak betetzen hasi dira, baina gorritxoek oraindik ez dute berogailua pizten asmatu. Lau norgehiagoka jokatu dituzte Sadarren, eta bat bera ere ez dute irabazi. Hutsean berdindu zuten aurreneko bietan, eta galdu egin dituzte azkeneko biak. Ez edonola, gainera:1-4 azpiratu zituen Valentziak, eta 1-3 nagusitu zitzaien Betis.

Kontraste handia dago emaitza horien eta bisitari moduan lorturikoen artean. Izan ere, Osasunak lehia guztiak irabazi ditu etxetik kanpo: hirutik hiru. Besteen zelaian ari da topatzen Sadarren falta zaion berotasuna. Nafarroako taldea aurreneko lehen hiru irteeretan hiru garaipen sekula kateatu gabea zen Lehen Mailan. Areago, hirugarren aldia baino ez da etxetik at hiru partida jarraian irabazi dituena beste boladak 2003an eta 2006an izan zituen, Javier Aguirreren agindupean. Joera baten isla da oraingo marka, gorritxoak oso bisitari gaiztoak bihurtu baitira Jagoba Arrasaterekin. Gehiago dira irabazi dituzten partidak, galdu dituztenak baino: 26 batetik, 24 bestetik.

Sadarren ere ez dira batere makal aritu. Historiarako gelditu da 2018ko apiriletik 2019ko azarora arte izan zuten bolada: 31 neurketa kateatu zituzten galdu gabe. Gero pandemia iritsi zen, eta beherakada orokortu bat izan zen etxean ziharduten taldeen jardunean: aurreko sasoian, partiden %41,6 irabazi zuten soilik, sekula baino gutxiago. Batik bat, harmailen babesik handiena duten taldeei egin beharko lieke mesede zaleen itzulerak. Osasunaren kasuan, baina, ez da hala gertatzen ari. 7.000 lagun ingururen hauspoak ez zion balio izan ez Espanyoli ez Celtari irabazteko. Eta gero, ia 14.000 zalek zuzenean sufritu zituzten Valentzia eta Betisen kontrako jipoiak.

Harmailen babesa orekaz kudeatu behar du taldeak. Betisen aurka, manta gehiegi goratu zuten, eta oinetatik sartu zitzaien hotza. Beste era batera esanda, itsu-itsuan egin zuten aurrera, eta ordainarazi egin zien aurkariak. Suharra izatea ondo dago, baina gehiegizko grinak desoreka eragiten du. Gorritxoei, gainera, kitzikapena zaleen aurrean irabazteko antsietatearekin nahastu zaie. Partidak igaro ahala, handiagoa da Sadarren behingoz hiru puntu biltzeko nahia. Etxetik at, ordea, itxura egonkorragoa ari dira ematen, hasieratik dena alde atera zaielako.

Bigun eta kamuts dabil

Osasuna da, Alavesekin batera, etxean orain arte gol gehien jaso duen taldea: zazpi guztira. Gorritxoek gehiegizko hutsuneak utzi dituzte une batzuetan, eta ez dute irmo jokatu beste batzuetan. Hutsegite horiek gupidarik gabe baliatu zituzten Valentziak eta Betisek, neurketen bigarren zatian. Horrez gain, kanpoan baino eraginkortasun txikiagoa izan du Arrasateren taldeak Sadarren; bi gol baino ez dituzte sartu. Azken metroetan zehatzagoak izatea falta izan zaie, erdiraketetan, paseetan nahiz erremateetan. Aldiz, hiruna gol eginda patrikaratu zituzten hiru puntuak Cadiz eta Mallorcaren zelaietan.

Sadar beteta egongo da gaur. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ordea, oraingoz %60 murriztuta segituko dute futbol zelaiek. Hala ebatzi zuen atzo EAEko AuzitegiNagusiak, La Ligaren helegiteari erantzunez. Auzitegia Jaurlaritzaren argudioen zain dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.