Houston, arazo bat daukagu

Emaitza ezin kaskarragoak, jokalarien profesionaltasun eskasa, zuzendaritzako borroka politikoa, entrenatzaileen dantza... Dudarik gabe, nora ezean dabil Baiona derbia jokatu bezperan.

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2012ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Desilusioa eta haserrea. Horiek ziren baionar zaleen sentimenduak martxoaren 31n, Baionak Perpinyan astindu gogorra jaso zuenean (47-9). Top 14a bukatzeko bost partidaren faltan, mailari eusteko final txiki bat izan zen Perpinya eta Baionaren artekoa. Garaipena hil edo bizi behar zuten lapurtarrek, eta jipoia jaso zuten.

Egun batzuk berantago, apirilaren 3an, albisteak zur eta lur utzi zituen denak. Alain Aflelouk, urtean Baionari 4 milioi euro ematen dizkion presidenteak, kluba utzi zuen, Sud Ouest egunkari frantziarraren esanen arabera. Egunkariak haren ordezkoaren izena ere eman zuen: administrazio kontseiluko kidea den Philippe Ruggieri. Akabo zelaiko jokoa, eta akabo Aflelouren dirua. Etsipena nagusi Baionan.

Albistea atera eta 20 minutura, Aflelouk berak gogor ezeztatu zuen albistea, klubaren buruan segituko zuela zehaztuz «inoiz baino ziurrago». Tartean, Sud Ouest-en aurka salaketa jarri zuen, eta egunkariak erantzun zuen klubaren barneko eta Herriko Etxeko iturrietan fidatuz albistea argitaratu zuela. Beste pasarte sinesgaitz bat, Goenkale-k baino gorabehera gehiago duen Baionaren bizi instituzionalean.

Hiru egunetan, Baionak duen erabateko anarkia laburbildu zituzten bi gertakari horiek. Zelaiko itxura penagarria, eta bulegoetako saltsa. Nork erranen zuen halakorik, sasoi hastapenean Baionaren fitxaketak ikustean: Heymans, Philips, Rokocoko, Chisholm, Tialata, Lauaki... Denak eliteko selekzioetan (Frantzia, Australia, Zeelanda Berria eta Gales) 30 partidatik gorako jokalariak. Atzoko (Rokocoko) eta gaurko (Philips) izarrak. Alta, Top 14a bukatzeko lau jardunaldiren faltan, jaisteko arrisku handian dago Baiona.

Denek daukate erruaren zati bat. Jokalariek, entrenatzaileek, zuzendaritzako kideek eta klubaren inguruan dauden kideek. Baiona dagoen egoeran baldin badago, besteek baino partida gehiago galdu dituelako dago, eta hori jokalarien errua da, batez ere. Partidak hasi zirenetik oso itxura kaskarra eman dute, eta ez dira gai izan zaleak gustura utziko dituen jokoa egiteko.

Hasieran Munduko Koparen eragina aipatu zen pilatzen ziren porrotak justifikatzeko. Azalpen murritzegia, bista denez. Anitz espero zen fitxaketa berriez, eta Chisholm aparte utzita, inork ez du behar bezala erantzun. Heymans eta Philips Munduko Kopatik erreta itzuli dira. Rokocoko erabat galduta dabil, hain gogorra eta itxia den Top 14an. Lauaki, errugbira ez, zirku jokora etorri zen Baionara. Eta Tialatak Zeelanda Berritik 25 kilo sobera ekarri zituen.

Hori gutxi ez, eta batzuek sasoi osoan izan duten jarrerak sutan ezarri ditu Baionako zaleak. Mingain gaiztoek diote batzuek bere orgatxa jakiz bete ordez garagardo botilaz betetzen dutela. Beste hari parrandan klubeko auto ofizialarekin stock-car-ean jokatzea beste ideia hoberik ez zaio bururatu. Beste bat jatetxe baten parean pixa egiten harrapatu dute, denen bistan.

Iratiko gainetan klubak asteburua antolatu, eta Irulegiko edari hornitzaile bat garagardo gabe utzi, eta mendiko txaleteko altzaria txikituta utzi zuten jokalari zenbaitek, tximenean egurra falta zela eta... Anabasa horren guztiaren ondorioa argi dago: zelaian oso itxura kezkagarria erakutsi du Baionak.

Baina jokalariek erruaren zati bat badute ere, entrenatzaileek badaukate zerikusia horretan guztian. Lievremont eta Gajan ordezkatu zuen Elizaldek argi erran zuen koadroa gaizki eraikita zegoela. Oso gaizki ere. Postu batzuetan, jokalariak sobera —hirugarren lerroan edo uztartze erdian aritzeko, adibidez—, eta beste batzuetan, soluziorik gabe. Roumieu bakarrik dago aztalkari lanak egiteko; bigarren lerroan, Chisholmen falta izugarri nabaritu da, eta, erdikoetan, Lacroix eta Mazars erreta daude.

Elizaldek izango ditu bere defautak, baina egiak garbi botatzen ditu. Horrek bere postua kosta dio, lanean hasi eta hamabost egunera. Aulkian ere egonkortasun falta izugarria izan du Baionak. Gajan, Tauzin, Lievremont, Elizalde, Broncan, Delaigue, Faugeron, Avril... Ez da Mexikoko armadako zerrenda. Sasoi honetan Baiona entrenatzeko ardura izan dutenen zerrenda baizik.

Egonkortasunik ezaren erantzule zuzena da Alain Aflelou presidentea. Joan zen urtean hartu zuen taldearen kontrola, Francis Salagoitiri oso alde txikia aterata. Hilabete batzuetan Michel Cacouault txotxongilo gisa erabili ondoren, azaroan hartu zuen presidente kargua. Baina iazko zauriak ez dira itxi. Ezta gutxiago ere. Taldearen buru denetik, Salagoitiren aldekoek zurrumurruak etengabe bota dituzte Aflelouren aurka: Salagoitik Danoneren babesarekin taldea berriz hartuko zuela, Aflelouk taldea utzi zuela...

Kirola eta politika

Gatazka horren gibelean, politika ez dago hain urrun. Baionako auzapezak, Jean Grenetek, gogor bultzatu zuen Aflelouren alde. Aflelouk zerbitzua itzuli dio berehala Baionako bestak ospatzeko 500.000 euroko diru laguntza emanez. Salagoitiren bandoan, Greneten aurkari politiko bat dago. Philippe Neysek gogor kritikatu zuen Aflelouren botere hartzea, gaur egun Baionako administraria da. 2014an Baionako auzapez izateko hautagai dela aitzinatu du.

Izan dadin zelaian, aulkian edo bulegoetan, baina usain txarra dauka Baionaren egoerak. Oso txarra ere. Top 14a bukatzeko lau jardunaldi baino ez dira falta, eta taldea maila galtzeko arrisku handian dago. Eta larriena dena: barnetik eta kanpotik ustelduta dagoen arrautza bat dirudiela Baionak. Houston, arazo bat daukagu...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.