Futbolak ez du logikaz ulertzen. Bilgarri mediatikoak bat ere ez, eta zelaikoak gutxi. Gaur, itxuraz, partida samurra zuen Realak Huescaren kontra. Espainiarrak mailari eusteko lanetan dira, eta txuri-urdinek denboraldia distiratsu amaitzea dute xede, Europa ligako postuetan. El Alcoraz zelaian, ordea, eztanda egin dute aurreikuspenek: Huescaz urrikaldu da Reala, eta arnasa eman dio, hurkoa bailitzan (1-0).
Realak partida eskasa jokatu du. Huescak lotu egin du, eta lehen zatitik etxeko taldea nagusi izan da. Baloi jabetza kendu dio Realari, eta, halakoetan, sufritu egiten dute donostiarrek. Jokalari kopuru handia kokatu dute zelai erdian, eta horrek Reala oinperatzeko giharra eman die. Lotu egin dituzte txuri-urdinak. Imanol Alguacilenek beren ohiko jokoa antolatzeko lanak izan dituzte. Baloi jabetza gutxiago eduki izanaren ajea izan da hori.
Eroso aritu da Huesca, eta ez horrenbeste Reala, nahiz presarik gabe ari zen lehen minutuetan. Denbora sobera zuen. Haatik, estutualdi ederrik eragin dio El Alcorazeko multzoak. Garaipenaren beharraz jakitun, aldez eta moldez saiatu da aurrea hartzen. Sandro Ramirez, Mikel Ricok eta David Ferreirok bideratu dute erasoko jokoa. Batzuetan, buruz egindako erremateekin, urrundik egindako jaurtiketetan bestez, eta tarteka hegaletatik helduta. Aldiz, Realak tantaka batzuetan soilik estutu du Fernandez atezaina. Atsedenaldira heldu aurretik neurketa joan-etorriko bilakatu da.
Abiadura gehixeago behar zuen Realak bigarren zatian, baldin eta abantaila eskuratu nahi bazuen. Hori eskatu du Alex Remiro atezainak aldageletatik itzuli orduko. Egiari zor, metro batzuk aurrera egin du Realak, baina arriskua sortzeko lanak izan ditu.
Hargatik, Ander Barrenetxearen txinparta baliatu nahi izan du Imanolek, 57. minutuan. Adnan Januzaj ordeztu du. Partida txarra egin du belgikarrak. Txandaketaz geroztik, presio eginda aurrera egin du Realak. Huescaren areara sarriago urreratu da David Silva sartzeaz bat, baina atera arrimatu gabe.
Alderantziz. Huescak lortu du partidako gol bakarra egitea. Sandrok, Realeko jokalari ohiak, falta jaurtiketa bat egin du hegal batetik, eta baloiak sareetarako bidea, Aritzek ukituta. Hala eskuratu dituzte hiru puntuak, eta esku hutsik itzuli dira donostiarrak.
Emaitza horrek bosgarren postuan uzten du Reala, eta hala segiko du beste astebetez, nahiz Betisek eta Vila-realek oraindik jokatu ez. Aldiz, are gehiago estutu du behealdeko lehia. Huescak urrats garrantzitsua egin du, eta hamazazpigarrena da orain, Alavesengandik (16.) puntu bakarrera.