Lau gidarik zituzten atzo arte urteko pole guztiak. Fernando Alonso (Ferrari), Mark Webber, Sebastian Vettel (Red Bull) eta Lewis Hamilton (McLaren) dira lau horiek, eta guztiek dituzte aukerak oraindik titulua irabazteko. Lau horiek lehen bosten artean irtengo dira gaur Interlagos zirkuituan, Brasilgo Sari Nagusian, baina gazte batek protagonismoa lapurtu nahi izan die. Noizbehinka halakoak gertatzen dira, eta izar berri baten aurkezpena izan ohi da. Jaun-andreok, hemen da Nico Hulkenberg.
Iazko GP2 txapelduna da Williams taldeko gidari alemaniarra, eta Hamiltonen pareko curriculumarekin zetorren 1 Formulara. Baina egun, proba egunak ia guztiz desagertu dira, eta debutarientzat hasiera zaila du 1 Formulak. Hulkenbergek horixe sufritu zuen lehen lasterketetan. Valentziako lasterketatik hona gora egin du. Malaysiako sailkapenean bosgarren egin zuen antzeko baldintzetan, baina atzo egin zen doktore 1 Formulan. Williamsek datorren urterako oraindik kontratua berritu edo ez zalantzak zituen; honek uxatu behar lituzke.
Titulurako hautagaiek ez zioten inolako oparirik egin, batez ere ez direlako horretarako moduan. Sailkapen saioaren hasieran pista oso bustia zegoen, eta McLarenek lanak izan zituen. Jenson Button izan zen iazko moduan Q2 saioa gainditu ezinik gelditu zena. Horrek matematikoki txapelketa irabazteko zituen aukerak Interlagoseko putzuren batean ito ziren. Hamiltonek berriro maila hobea erakutsi eta aurrera egin zuen. Zorua lehortu ahala, arazoak kolorez aldatu ziren, gorri tonua hartuz. Alonsok eta Felipe Massak (Ferrari) estu eta larri egin zuten jauzi Q3ra. Ordurako, McLaren autoa erosoago zebilen. Red Bullak, ordea, ez zuten batere arazorik izan.
Euririk ez gaur
Hulkenbergen pole-a eztabaidaezina izan bada ere, gaur ez ditu baldintza berak topatuko. Euriak ospa egin du dagoeneko Brasildik, eta alemaniarrak atzera egin behar luke gaurko baldintzetan. Baina lasterketaren bilakaeran zeresana izan dezake. Williams autoa gorabeheratsu dabil azkenaldian, baina Interlagosen eremu guztietan denbora onak egin ditu, eta, aurreratuko badute ere, gidari bati edo besteri segundo preziatuak galaraziko dizkio. Red Bull autoek irteeran aurrera dezakete, eta atzekoei oparia utzi. Baina jakina da Vettel, eta batez ere Webber, mantsoak direla marra zuritik ateratzen.
Titulurako bi hautagai nagusiak hirugarren eta bosgarren postutik aterako dira: Webber eta Alonso, alegia. Australiarrak Vettel du aurretik, eta, hura ez badu gainditzen, azken lasterketan ere aurkari izango du. Webberrek adierazpen gordinak egin ditu Brasilen, taldeak Vettelen aldeko sentimendu garbia duela azalduz. Hala ere, Webberrek badaki aldekoak ere badituela, eta ez da ezertaz kexatu. Kexatuz ez baita irabazten, azkar gidatuz baizik. Vettel eta Alonso mikrofonoetatik urrunago izan dira. Tentsioa dagoela ukaezina da, baina, txapelketa amaierak hori ez badu, zerbait gaizki dagoen seinale.
Brasilen erabaki dira azken txapelketak, eta, gaur halakorik gertatzea zaila bada ere, Interlagosek dagoeneko eman du bikaintasun dosia. Zirkuitu historikoa, historia egin dezakeen lasterketa batentzat.
Hulkenbergek beste gidoi bat idatzi du
Titulurako faborito guztiak elkarri begira izango dira gaur, baina Williamsekoa izango dute aurretik irteeran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu