Jarraian lortzen duen bigarrena, denboraldiko laugarrena, eta iaz hasitako bere ibilbide profesionalean lortu duen hamargarrena. Lewis Hamiltonek lortu zuen atzo ere pole-a Hungariako Sari Nagusian. Irabazi du Erresuma Batuko Sari Nagusia, irabazi Alemaniakoa, eta Hungariakoa irabazteko bere hautagaitza sendoa dela utzi zuen atzo agerian. Hirugarren garaipena lortu nahi du jarraian, eta autoak lagunduko dio horretan. McLaren hutsik egin gabe ari da azken aldian. Hamiltonen lorpena gutxi ez, eta Kovalainen taldekidearen jardunarekin biribildu zuten atzo eguna. Hura irtengo da gaur bigarren Hamiltonen atzetik. Hungariako Sari Nagusia eskura dutela esan nahi du horrek.
Kontra egitekotan Felippe Massak egin diezaieke kontra, edo Robert Kubicak. Bi horiek sailkatu ziren atzo hirugarren eta laugarren, hurrenez hurren. Ferrarikoak eta BMWkoak, dena dela, atzokoa nabarmen hobetu beharko dute gaur aurrera egin nahi badute. Hamilton sasoiko dagoela agerikoa da, baina oraingoan haren jardunari ezezik taldekideak emango dion babesari egin beharko diote izkin. Kovalainenek aste honetan bertan berritu du kontratua McLarenekin eta Hungarian nabarmendu egin nahiko du taldeko arduradunei ez dutela kale egin erakusteko. Ez da lan erraza izango hari aurrea hartzea Hamiltonengana iristeko.
Izen berrien artean nabarmentzekoa Timo Glock Toyota alemaniarraren saioa. Bosgarren sailkatu zen atzo, azken unea arte laugarren postua izan zuen eskura, baina Kubicak lapurtu zion. Dena dela, Kimi Raikkonen edo Fernando Alonso bera utzi zituen atzo atzera alemaniarrak. Raikkonenek aurrekoekin bat egin ezinda jarraitzen du, eta Alonso ere nahi eta ezinean dabil.
Hungarian ere, zaharrak berri
Hungaroring zirkuituan ere Lewis Hamiltonek lortu du 'pole'-a, eta Kovalainen taldekidea sailkatu da haren atzetik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu