Jose Javier Zabaleta. Aspeko pilotaria

«Hunkigarria izan zen Erik eta biok berriz elkartu ginen eguna»

Bihar ekingo zaio berriro esku pilota profesionaleko lehiari, Eibarren, hiru hilabete pasatxoko etenaldia izan eta gero. Jose Javier Zabaleta «irrikan» dago berriz ere jokatzeko. Txapelketa berria «ideia ona» dela dio.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Gaur goizean aurkeztuko dute Bilbon, Bizkaia pilotalekuan, EPEL Eskuzko Pilota Enpresen Ligako Binakako torneoa. Txapelketa berri horrek emango dio hasiera esku pilota profesionalaren kirol jardunari, koronabirusagatik hiru hilabete eta erdiko etenaldia izan eta gero. Bihar ekingo diote lehiari, Eibarren (Gipuzkoa), Astelena frontoian. Zeanuri (Bizkaia) —ostiralean—, Bilbo —larunbatean— eta Irun (Gipuzkoa) —uztailaren 1ean— izango dira hurrengo jokalekuak. Zortzi bikote ariko dira, eta Aspe eta Baiko pilotariak nahastuta ariko dira. Halaxe egingo dute uda osoan. Jose Javier Zabaletak (Etxarren, Nafarroa, 1991) ez du jokatuko Eibarren, Aspek Jokin Altunaren eta Joseba Ezkurdiaren alde egin baitu estreinakorako. Ez daki nor izango duen bikote. «Begi onez» ikusten du. «Garai ona da gauza berriak probatzeko».

Batetik hamarrera, zenbaterainoko gogoa duzu lehen partida jokatzeko?

Zortzia da nire zenbakirik kutunena; beraz, zortzi esango dut. Gogo handia dugu jokatzeko. Denbora asmo daramagu zain.

Eta gorputzak zer dio?

Ni ondo nago, indartsu. Pisurik ez dut hartu, ezta galdu ere. Eskuak ere ondo ditut. Erritmoa falta zait, noski, baina hori jokatzen hartzen da. Hala ere, itxaropentsu naiz. Eskuek arazorik eman ezean, uste dut denbora gutxian pilotari guztiok maila polita hartuko dugula.

Urduri zaude?

Pixka bat bai, baina normala da, denbora asko baitaramagu jokatu gabe. Ez dakigu nola egongo garen jokoz, ezta jokatzen hasi eta eskuek nola erantzungo diguten ere.

Luze egin zaizu itxaronaldia?

Oso, eta ni 11 hilabetez egondakoa naiz jokatu gabe, min hartuta. Baina gogorrena izan da etxean sartuta egon behar izan dugula ia bi hilabetez. Azken hilabetea, aldiz, askoz eramangarriagoa izan da: kalera irteten hasi ginen, aire librean kirola egiten, frontoira joaten, taldeka entrenatzen... Sekulako aldaketa izan da, lehen bi hilabeteak oso gogorrak izan baitziren.

Beltz ikusi duzu etorkizuna?

Bai. Sekulako egoneza eta segurtasunik eza izan dugu pilotariok: ez genekien noiz hasiko ginen entrenatzen, jokatzen... Eta zalantza horiek guztiak etxean sartuta jan behar izan ditugu, buruari bueltak eta bueltak emanez. Ez dira izan egun batere errazak.

Erik Jakak, binakakoan zure bikote izandakoak esan du pilota berriro martxan jartzeko «funtsezkoa» izan zela Fernando Bidarte Aspeko arduradunak adierazi izana ez zuela galdutzat ematen uda. Iritzi bera duzu?

Bai. Aspeko pilotariontzat oso garrantzitsua izan zen Fernandok hori esan izana. Izan ere, beste enpresak esana zuen uda galdutzat ematen zuela. Izugarri eskertu genuen gure enpresak esatea baietz, haiek hasi nahi zutela eta ez zutela uda galdutzat ematen. Lanean jarraitzeko pizgarri handia izan zen, baita lasaitu handia ere. Eskertzekoa da enpresak jarrera hori hartu izana.

Enpresak hori esan, eta berehala etorri zen aldi baterako erregulazioa bertan behera uzteko akordioa. Horrek ere lasaitu handia emango zizuen, ezta?

Sekulakoa. Oso pozik hartu genuen enpresak aldi baterako erregulazioa bertan behera uzteko asmoa zuela jakitea.

Nola bizi izan duzue aldi baterako erregulazioa?

Ezinegonez bizi izan dugu. Gainera, ez genekien zer zen aldi baterako erregulazio bat. Inoiz ez ginen egon halako egoeran. Eta horrek, noski, ezinegona eta segurtasunik eza eragin zigun. Zorionez, atzean geratu da. Espero dezagun beste inoiz ez egotea antzeko egoeran.

Pilotari guztiek esan izan duzue enpresek aldi baterako erregulazioa egitea beste aukerarik ez zutela. Hala da?

Partidarik gabe, enpresak ez du diru sarrerarik, eta, beraz, ezin digu soldata ordaindu. Horregatik, normala da neurri hori hartu izana. Gainera, gure kasuan, ikusi da aldi baterako erregulazioa bertan behera uzteko aukera izan duenean enpresak horren alde egin duela. Eskertzekoa da hori.

Konforme zaudete enpresarekin egindako tratuarekin?

Bai. Enpresak bere partetik jarri du, eta pilotariok gure partetik. Oso erraza izan zen akordioa lortzea. Bi aldeek nahi genuen lehenbailehen jokatzen hasi.

Aldi baterako erregulazioa bertan behera geratu eta bi egunera egin zenuten taldekako aurreneko entrenamendua. Nola gogoratzen duzu lehen egun hura?

Oso berezia izan zen, denbora asko generamalako elkarrekin egon gabe. Han ziren Jokin [Altuna], Bikuña, eta Erik [Jaka]. Hunkigarria izan zen Erikekin berriz elkartzea. Binakakoa dela eta, denbora pila egin genuen elkarrekin, entrenatzen, jokatzen, eta egun batetik bestera elkarrengandik banandu behar izan genuen. Oso lagun ona dut, eta haren falta sumatu dut. Eta harekin berriz ere elkartu, eta osasuntsu eta pozik ikusteak hunkitu egin ninduen. Egia esan, Aspen, oso giro ona dugu pilotari guztion artean.

Elkarrekin entrenatzeko beharra zenuten, ezta?

Behar handia genuen. Normaltasunera itzultzeko premia genuen. Zorionez, pixkanaka ari gara bueltatzen.

Gaizki pasatu duzu konfinamenduan?

Ez. Nahiko ondo eraman dut. Amarekin eta anaiarekin egon naiz, eta geldirik ez egoten saiatu naiz: kirola egiten genuen anaiak eta biok garajean, ikasi ere egin behar nuen [Haur Hezkuntzako gradu bat egiten ari da]... Egia esan, ez naiz aspertu.

Etxe ondoan duzu frontoia. Izan al duzu tentaziorik?

Noski, guk egunero nahi dugulako frontoira joan. Baina, ezin denean, ezin da. Alde horretatik, asko eskertu genuen kalean kirola egiteko aukera eman zutenean. Gainera, Etxarren herri txikia izanik, ez dugu izan mugarik. Horri esker, askatasun handia izan dugu, eta, nik, behintzat, izugarri eskertu dut.

Ikusgarri ari zinen koronabirusak dena hankaz gora jarri zuenean. Buelta asko eman dizkiozu horri?

Tira, batzuk bai. Pena izan zen, oso gutxi falta baitzen binakakoa bukatzeko, eta sasoiko bainengoen. Baina dagoena dago. Enpresak esaten ari dira urrian amaitu nahi dutela binakakoa, eta hori albiste ona da. Saiatuko naiz garai horretan berriro sasoiko egoten.

Zure ibilbideko unerik onenean zinen?

Ez dakit, baina egia dena da Erik eta ni oso ondo ari ginela, eta garaipen asko lortu genituela. Oso pozik ginen egiten ari ginen lanarekin. Nire ibilbideko unerik onena ote zen? Uste dut beste txapelketa batzuetan ere maila handian aritu naizela.

Duela hiru hilabete zenuen kolpea berreskuratuko duzula uste al duzu?

Itxaropentsu naiz. Ez dut uste kolpea galduko nuenik hilabete batzuetan pilotan ez jokatzeagatik. Lehen egunetan, kosta egingo zait gozatzea, eta pilota pareta ondoan jartzea, baina denbora kontua izango da.

Udako txapelketa luze bat jokatuko duzue, eta bi enpresako pilotariak elkarrekin ariko zarete. Zer iritzi duzu?

Oraindik ez dakigu zehatz-mehatz nola izango den, baina, hala bada, ideia ona dela uste dut. Garai ona da gauzak probatzeko.

Unai Lasok BERRIAn esan zuen Julen Martijarekin jokatzea gustatuko litzaiokeela, gaztetan elkarrekin aritutakoak baitira. Zuk ere baduzu norbait begiz joa Baikon?

Ez. Nik neuk ez ditut asko ezagutzen beste enpresako pilotariak. Baina denak oso onak dira. Aukera izanda, gustura jokatuko nuke gazte batekin.

Iritsi da normaltasun berria. Zerbait ikasiko dugu bizi izandakoaz?

Gauza batzuk bai: osasuna izatea dela garrantzitsuena eta egunero gozatzen saiatu behar garela. Hala ere, zalantza dut ea lezioa ikasiko dugun.

Ziurra dena da sanferminetan ez dela pilota jaialdirik izango, festak bertan behera geratu baitira.

Hala da, eta sekulako pena ematen dit, izugarri gustatzen baitzaizkit sanferminak; txikitatik joan izan naiz. Baina aurtengo uda halaxe tokatu da. Ea hurrengoak berriro normaltasunez bizi ahal ditugun. Seinale ona litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.