Liga hirugarrenez jarraian irabazteko bidean da Itxako. Gaur Leonen aurka ariko dira nafarrak etxean (19:00), eta, irabaziz gero, hurrengo jardunaldian Bera Beraren aurkako derbian berdinketa lortzea nahikoa izanen lukete txapela janzteko. Azken jardunaldian, hain zuzen ere, donostiarren aurka galdu zuen Eldak, Itxakoren atzetik bigarren postuan sailkatuta dagoen tal-deak, eta, ondorioz, zortzi puntuko aldea du orain Lizarrako taldeak.
Eldak Marina Parken aurka jokatuko du larunbatean. Galduko balu, Itxako izanen litzateke Ligako txapeldun; nafarrek gaur Leon mendean hartzen badute, betiere. Eldak, hala ere, ez luke arazo handirik izan behar larunbatean Marina Parki irabazteko, etxean ariko delako, batetik, eta sailkapenean azkena delako aurkaria, bertzetik.
Zenbakiak alde ditu Itxakok. Ligak, hala ere, ez dira zenbakiekin irabazten. Lizarrako taldeak, gainera, aste erabakigarria du hau, eta ez zaio komeni kontuak egiten hastea. Pistan erakutsi behar dute nafarrek Liga eskura duen taldea dela Itxako. Europan ere, jokoan anitz du Lizarrako taldeak asteburu honetan. Larunbatean, Txapeldunen Ligako finalerdietako joaneko partida jokatuko dute, lehendabizikoz taldearen historian, Hungariako Gyori taldearen aurka (19:00, Canal 6).
Etxeko lanak ongi egiten ahalegindu beharko dute Ambros Martinen jokalariek. Hasteko, gaur, Leonen aurkako Ligako partida irabazten. Liga baitute jokoan. Norgehiagokari aurre egiteko, hainbat zalantza badu entrenatzaileak, hiru jokalarik arazo fisikoak baitituzte. Zehazki, Raph Tervel, Adriana Stefani eta Begoña Fernandez daude min hartuta. Azken unera arte ez du erabakiko Ambrosek deialdian sartuko diren edo ez.
Itxakoko entrenatzaileak, beti bezala, zuhur jokatu nahi izan du Leonen aurkako partidaren atarian, eta erran du ez dela aurkariarekin batere fiatzen. Azken jardunaldian, hain zuzen ere, 30-20 irabazi zion Leonek Elxi. Elx, dena den, ez da Itxako. Nafarrek Liga dute jokoan, eta denboraldi bikaina egiteko aukera eskura. Horretarako, gaur jokoan diren puntuak premiazkoak dira nafarrentzat, eta puntu horiek irabaztea da nafarren lehentasuna.
San Antonio, aurkariaren zain
Amaya Sport San Antoniok gaur goizean jakinen du Europako Errekopako finalerdietan zer talde izanen duen aurkari. Hauek dira aukerak: Alemaniako Gummersbach, hau da, aurreko sasoian Iruñeko taldea txapelketa bereko finalerdietan kanporatu zuena; Frantziako Tremblay, eta Mazedoniako Vardar Skopje.
Bertzalde, aste honetan Espainiako Kopan ariko da San Antonio, Vigon (Galizia). Bihar Ciudad Realen aurka jokatuko du final-laurdenetako partida (21:00). Ez da norgehiagoka erraza izanen nafarrentzat. Ligan, hala ere, Ciudad Real mendean hartu berri du Iruñeko taldeak. Bigarrenez lortzea zaila izanen da, baina saiatzeko gogoa ez dute falta izanen nafarrek.
Hurbilago du Liga Itxakok
Txapela hirugarrenez jantziko dute nafarrek gaur Leoni nagusitu eta Eldak larunbatean irabazten ez badu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu