Hurrengo finala, noiz?

Athleticek miraria behar du gaur, Camp Noun irabazi eta Espainiako Superkopa eskuratu ahal izateko

haritz gallastegi
Bilbo
2009ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Athleticek ezustekoa eman nahi du Superkopako finalaren itzulikoan. Ezustekoa ematea Camp Noun Bartzelona mendean hartzea da. Ezustekoa edo miraria, bakoitzak jakingo du nola deitu. «Joaneko neurketako emaitza ez zen ona izan. Ondorioz, gaitza da, baina ez da ezinezkoa. Ez daukagu aukera handirik, baina futbolean handiagoak ikusitakoa naiz», adierazi du Joaquin Caparrosek.

Ikaragarria izango litzateke Athleticek Bartzelonaren etxean Superkopa irabaztea. Baina galduta ere, gaur zale zuri-gorriek gozatu beharreko eguna da. Ia mende laurden final bat jokatu barik egon den talde batek horrelako partida bat jokatzeak duen garrantzia kontuan hartu eta gozatzen jakin behar baitu. Inork ez daki noiz jokatuko duen Athleticek hurrengo finala. Baliteke hilabete gutxi barru izatea, baina badaezpada beharrezkoa izango da beste mende laurden bat itxaroteko prest egotea Valentzian bizitako esperientzia ahaztezina errepikatzeko. Zenbat jarraitzaile belaunaldik entzun beharko ditu Bartzelonaren aurka jokatutako Superkopako finalaren gaineko kontuak eurek antzerako norgehiagoka bat ikusteko aukera izan ez dutelako? Inork ez daki, baina, badaezpada, gozatzea komeni da.

Bada, gozatzeko, lehiatu egin beharko du Athleticek. Aurrean punta-puntako taldea izango dute zuri-gorriek. Erraztasunak emanez gero, edozein talde txikitzeko gai dena, hain zuzen ere. Egia da noizean behin huts egiten duen taldea dela. Osasunak badaki zer den Camp Noun Guardiolaren taldea mendean hartzea. Joan den sasoiaren azken txanpan lortu zuen balentria. Asteon Manchester City futbol munduko aberats berria izan da Joan Gamper torneoa irabazi duena. Dena dela, norgehiagoka horiek badute gaurkoarekin alde txiki bat. Bartzelonak ez zuen ezer jokoan partida bi horietan. Gaur, berriz, denboraldiko lehen txapelketa irabazteko aukera dauka. Hori gutxi balitz bezala, Athleticek gutxienez gol bi sartu beharko ditu Superkopa irabazteko. Bada, defentsan erasoan bezain ona den talde bati etxean gol bi sartzea ez da erraza izango.

Caparrosek bitan banatu du taldea, Tromsoren eta Bartzelonaren aurkako lehia bikoitzei aurre egiteko. Norvegiarren eta kataluniarren aurka zelairatzen dituen hamaikakoen bizkarrezurrak ezberdinak dira oso. Hasiera batean, Europak dauka lehentasuna teknikariarentzat. Txapelketa horretan zelairatzen ditu berak gustukoen dituen jokalariak. Baina Superkoparako erabiltzen dituenak ere ez dira hankamotzak. Jokalari batzuek ustezko titularren maila eskain dezakete, baina entrenatzaileen gustuen aurrean ezer gutxi egin daiteke. Gurpegiren, Ustaritzen, Gabilondoren eta enparauen gaitasunaren gainean sarri askotan aritu gara. Camp Nouko partidak aurpegi berriak ezagutzeko eta euren gainean lehen azterketa egiteko balio dezake. Jarraitzaile guztien ahotan daude Iñigo Diaz de Cerio eta Mikel San Jose. Athleticen ez dira ohikoak aurpegi berriak ikustea. Are eta gutxiago ikusmina handia sortzen dutenak. Bada, arrazoi batzuk edo beste tarterko, bi jokalariak egon dira zaleen ahotan. De Zerioren kasuan Realetik datorrelako, eta, batez ere, aurrelari golegilearen fama duelako. San Mamesen irrikaz daude golak erraz sartzen dituen aurrelari bat ikusteko. Baina donostiarrak min hartuta egin du Gipuzkoatik Bizkairako bidea. Ondorioz, pazientzia izan behar da. Denboraldi-aurrean argi ikusi da ez dagoela sasoi betean, baina dagoeneko hasi da golak sartzen. Bigarren taldearekin, hori bai. Gaur, oker handirik ezean, lehen aldiz jokatuko Athleticekin partida ofizial batean. Berri ona bai Athleticentzat, bai jokalariarentzat.

Ezustekoa hamaikakoan

Mikel San Josek ere lehen minutuak joka ditzake Athleticekin. Baina gaur, hasiera batean, behintzat, aulkian egongo da. Beste gazte batek protagonismoa kendu diolako. Izan ere, Caparrosek gurago izan du bigarren taldeko Xabi Etxebarria erdiko atzelaria deitzea eta hasieratik zelairatzea Liverpooletik ekarritako jokalaria berdeguneratzea baino. San Joseri presio larregi ez ipintzea normala izan da, baina, era berean, harrigarria da denboraldi-aurrean nagusiekin aritu ez den jokalari batek azken fitxaketari aurre hartzea. Caparrosek berak jakingo du zer egiten ari den.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.