MALLORCA 0. ATHLETIC 1

Hurrengo geltokia, Anduva

Athleticek ez du neurketa ona jokatu Palman, Kopako final-laurdenetako itzuliko partidan, baina une oro kontrolpean izan du aurkariaDatorren asteartean izango da Mirandesen aurkako finalerdietako joaneko partida

haritz gallastegi
Bilbo
2012ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Gola: 0-1: Ramisek, bere atean (76. min.) Epailea: Del Cerro Grande. Txartel gorria: Mallorcako Chicori (90. min.). Txartel horiak: Athleticeko Amorebieta, Herrera, Toquero eta Iraizozi. Bestelakoak: 10.990 ikusle Palma Mallorcako Iberostar estadioan, tartean Athleticeko zale dezente; jokalariek eurekin ospatu zuten garaipena.

Athleticen ametsak bizirik darrai. Mallorca mendean hartu ostean, gertu ikusten du Espainiako Kopako finala. Mirandes kanporatzea da egin beharreko azken lana. Anduvakoa da, beraz, galdu ezin daitekeen trenak egingo duen azken geldialdia. A zer pagotxa! Finalerdietarako bidea inork uste baino erosoagoa izan da. Oviedo eta Albacete gainditu behar izan zituen lehenengo. Bigarren B Mailako bi talde on. Hori bai, Athleticek maila ona erakutsi behar izan zuen aurrera egiteko. Hala ere, maila txikiagoko aurkariak izanda, zuri-gorrien benetako maila zein zen ikusteke zegoela zirudien. Mallorca izan zitekeen lehoiak estu hartzeko aurkari aproposa. Maila oneko futbolariak izateaz gain, bi neurketatara erabakitzen diren lehiak ondo baino hobeto prestatzen dituen entrenatzaile batek zuzendutako taldea zelako.

Caparrosi errespetua zion Athleticen inguruak. Baina, era berean, baikor izateko arrazoiak ematen ari zen taldea ere ari ziren ikusten jarraitzaileak. Bi lehiak ikusi ondoren, talde onenak egin du aurrera. Txartela lortzeko benetako apustua egin duenak. Garaipen gose gehien erakutsi duen kuadrilak. Bi partidak batuta hiru goleko errenta atera dio Athleticek Mallorcari. San Mamesen bi goleko aldea lortu ostean, Iberoestar futbol zelaian errematatu zuen kanporaketa.

Athleticen jarrera zein izango zen jakina zen. Bielsak ez du ia ezer eskutatzen eta norgehiagoka bezperan eman zuen bere asmoen berri. Ohiko hamaikakoarekin garaipena eskuratzera zelairatuko zela aurreratu zuen. Pentsa zitekeen gol biko desabantaila izanda gogor estutuko zuela Mallorcak lehen minututik. Baina espainiarrak beste plan bat zuen: lasai hasi, Athletic urduritzen ahalegindu, eta izango zituen aukera apurrak baliatu. Caparros ezagututa edozer espero zitekeen —San Mamesek sekula ez lioke barkatuko atzo egindakoa—.

Aurrera egiteko interesik ez

Mallorcaren estrategiak aurrean zuen taldearen nagusitasuna onartzen zuen neurri handi batean. Futbolean jokatuta ez zutela ezer egiterik, alegia. Baina alde hori berdegunean erakutsi behar da eta markagailuan islatu. Lehen ordu laurdena arraroa izan zen. Athletic zen baloiaren jabe, baina ez zuen sakontasunik. Mallorcak, berriz, ez zuen aurrera egiteko interesik. Kontraerasoan Athletic ezustean harrapatzeko aukeraren zain zegoen. Ba, lehen aukera hori estrategiari esker izan zuen. Korner jaurtiketa batean baloia hegal batetik bestera jaurti ostean, Ramisek egindako bigarren erdiraketa bat baliatu zuen Hemetek buelta-erdian jaurtiketa egiteko. Amorebietak urrundu zuen atera zihoan eskuinkada. Aukera ona izan zuen etxeko taldeak, baina ezin da alderatu Muniainek minutu bat geroago izan zuenarekin. Ramisek urruntzerakoan egindako kale bat aprobetxatuta, bakar-bakarrik geratu zen Calatayuden aurrean. Baina beste behin gol sena falta zaiola erakutsi zuen. Atezainak gelditu egin zion indar barik egin zuen jaurtiketa.

Lehen zatiko aukerarik onenak izan ziren. Athleticek baloiaren jabe izaten jarraitu zuen (%69 atsedenaldira joan aurretik), eta Mallorcak ez zuen ezer egin neurketaren norabidea aldatzeko. Herrerak areaz kanpotik ezkerrez egindako jaurtiketa bat eta Susaetaren erdiraketa on bat izan ziren nabarmentzea merezi duten beste aukera biak. Ez ziren abagune garbiak izan, baina Athleticek neurketa eta kanporaketa kontrolpean zituen erakusle ziren.

Lasai egin zuten aldagelarako bidea zuri-gorriek. Baina ordura artekoak errazegia zirudien. Kosta egiten da aurkitzea zaleen aurrean horren ikara gutxi sortzen ari zen gorengo mailako aurkari bat topatzea. Atsedenaldi ostean pauso bat aurrera ematea erabaki zuen Caparrosek. Mallorcak baloia kendu zion Athletici, eta Iraizozen area inguratzen hasi zen. Une batez Mallorca Athletic estu hartzeko gai izango zela zirudien. Baina ez zen halakorik gertatu. Lehoiek txarto jokatu arren, etxeko taldea ez zen gai izan aukera garbi bakar bat ere sortzeko. Hala ere, edozein jokalditan gol bat jaso eta sufritzeko beldurra egon zitekeenaren sentsazioa zegoen. Calatayudek oparia egin zuen arte izan zen hori. Neurketa amaitzeko ordu laurden falta zela Ramisek atzera jokatu zuen. Atezaina baloia jotzera zihoanean baloiak bote txarra egin, eta oin gainetik pasa ostean, sareetarako bidea hartu zuen. Akabo Mallorca, akabo kanporaketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.